2026-10-02
HomeEkintza SindikalaLABentzat Osasun Mahaian erabakigarria izango da publikotasun eredua, eta hori bermatzeko presio...

LABentzat Osasun Mahaian erabakigarria izango da publikotasun eredua, eta hori bermatzeko presio sozialaren alde egiten du

Hamar lantaldetan parte hartuko du sindikatuak, baina Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenaren araubidea izenekoan gertatzen denaren arabera hartuko ditu 3. faserako erabakiak.

Osasun Mahaia hirugarren fasean sartu da. LABek agerraldia egin du izango duen jarrera eta parte hartzea azaltzeko. Hirugarren fase hau, azkena, erabakigarria izango dela aipatu du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak. Osakidetza indartzeko, ematen duen zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko, asko eta asko dira hartu beharreko neurriak. Baina bada bat, LABen aburuz, beste guztia baldintzatuko duena: Osasun sistema publikoaren alde egiten den edo, publiko–pribatu kolaborazioaren mozorroarekin, eredu pribatizatzaileari eusten zaion. Eredua erabakitzeko unea da.

Jendartean Osakidetzaren egoerak kezka eragin du. Greba eta mobilizazioak ugari izan dira, eta kalera atera garen sindikatu, erabiltzaile eta eragile sozialek Osakidetza ahultzea ekarri duten politiketan errotiko aldaketak eskatu ditugu; eraldaketa beharraz hitz egin izan dugu.

Eraldaketa izan da Pradales lehendakariak berak ere bereganatu duen hitza, baina argi esan behar dugu eraldaketarik ez dagoela orain arteko erabaki politikoei eusten bazaie. Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizazio eta kontzertazio politikei amaiera eman behar zaie.

Osasun Mahaiaren izenburua, osaketa eta bilakaera aztertuta, ez dirudi hori denik Jaurlaritzaren lehentasuna. LABek hasierako diagnostikoa hobetzea lortu zuen. Osasun sistemaz baino, osasun sistema publikoaz aritzea lortu dugu. Beste hainbat hobekuntza txertatzea ere lortu dugu. Hobekuntza horiek, ordea, ez ziren nahikoa izan diagnostikoa ontzat emateko, eta kontrako boto partikularra eman genuen, Jaurlaritzak ezkutatu nahi izan duena.

Oinarri eta printzipioen fasea, bigarrena, adostasunik gabe itxi zen. LABetik osotasunarekiko gure desadostasuna adierazi genuen; izan ere, dokumentuak ez zion heldu nahi esklusibotasunari, sistema indartzeko ezinbesteko neurria dena gure ustez, ezta osasun zerbitzua titulartasun publikotik baliabide publiko eta propioekin eskaintzeari ere. Eta gure posizioa Jaurlaritzak deliberatuki ezkutatu ez zezan, ez genuen bigarren faseko dokumentua itxi zen mahaiaren bileran parte hartu.

Hirugarren faseko estrategiak definitzeko, berriz, hainbat lantalde aurkeztu baziren ere, eredu pribatizatzaileaz hitz egiteko ez zegoen gunerik. Azkenean, lortu genuen aurreikusia ez zegoen lantalde berri bat sortzea, Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenen araubidea izenekoa. Bestetik, pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideen inguruko lantaldea ere sortu zen, LABentzat oso gai garrantzitsua dena.


Pribatizazioaren ondorioak
Pribatizazio politikek Osakidetzaren gainbehera eragin dute. Publikoa edukiz eta funtzioz hustuz doa, tantaka-tantaka ematen den pribatizazio isilaren bidez. Pribatizazio politikek eragin dute plantillak ez dimentsionatzea, ez egonkortzea eta lan baldintzak kaskartzea; lehen arreta kolapso egoeran egotea; osasun mentalaren arazoa artatzeko baliabide nahikorik ez izatea; zerbitzu-zorroa eta beste osasun arreta asko kanporatzea; itxaron zerrenda amaigabeak izatea; osasun sistema publikoa debaluatzea…Pribatizazioari amaiera eman behar zaio, eta zerbitzua baliabide propio eta publikoekin eskaintzeko publifikazio-plan integrala egin behar da. Anbulantzia zerbitzuarekin gertatu moduan, hainbat dira azken hamarkadetan pribatizatu, kontzertatu eta kanporatu diren zerbitzuak eta lan-medikuak (erresonantziak, ebakuntzak, laborategiko lanak…) zein egiturazko lanak (ikuztegia, mantenua, garbiketa, sukalde zerbitzua…)

Horrek guztiak Osakidetzaren irudia eta zerbitzua kaltetu ditu. Publikoak behar bezala ez funtzionatzeak pribatua beharrezko bihurtzea eragin dute. Honek berarekin dakar osasun sistema pribatua indartzea eta aseguru pribatuak geroz eta jende gehiagok izatea. Pribatizazioranzko joera horrek, herritarren eta klase sozialen arteko arrakalak handitzen ditu.

Eskuratu ditugun azken datuen arabera, 2021ekoak, EAEko biztanleen %23k zuten osasun aseguru pribatua. 2017tik aztertu dugu bilakaera, eta ordutik sekulako gorakada izan du, %15,9koa. Ziur gaude, portzentaje hori orain handiagoa izango dela.

Osasunean, Europako beste herrialde batzuekin alderatuz, behar baino gutxiago inbertitzen da. Gainera, osasun-gastu publikoa baliabide publiko eta propioetara bideratu ordez, administrazioak zuzenean eman beharreko osasun–arreta zerbitzuak profesionalekin eta enpresa pribatuekin sinatutako itunen bidez azpikontratatzen dira, eta diru publikoaren zati handi bat horretarako erabiltzen da. 2023an EAEko osasun-gastuaren % 6,1 sektore pribatuarekin itun horiek duten kostu ekonomikoa estaltzeko erabili zen.


Lantalde bat, erabakigarria
LABek hirugarren fase honetan 10 lantaldetan parte hartuko du. Osakidetzako delegatu eta langileak izango dira, LABen izenean, lantalde horietan parte hartuko dutenak. Langileen politiketan eta horien prestakuntzan eta irakaskuntzan, publikotasunean eta sistema publikoa indartzean, lehen mailako arreta indartzean, osasunaren sustapen eta ekintza komunitarioan, osasun mentaleko sare publikoa egituratzean, Osakidetza euskalduntzean eta zerbitzu-zorroan hainbat neurri proposatuko ditugu, lantalde horietan parte hartuz. Baina guretzat erabakigarriena Lankidetza Publiko Pribatua eta Hitzarmenen araubidea izenekoan gertatu eta erabakiko dena izango da, horrek zeharkatuko baititu beste gaietan hartuko diren erabakiak.

Lantalde horretan ikusiko da, benetan, Osakidetza eraldatu nahi den, sistema publikoaren aldeko apusturik egiten den edo osasun sistema pribatua indartzen duten politikekin jarraitu nahi den. Lantalde horretan gertatzen denaren arabera hartuko ditugu 3. fase honi begirako erabakiak. Guretzat, beste lan taldeetan hartu daitezkeen neurriak, egokiak izan daitezkeenak, guztiz ez-nahikoak dira, sakoneko arazoari heltzen ez bazaio.

Osasun sistema publiko indartsuaren alde presio sozialari eusteko unea dela uste dugu. Presio sozialak ireki du eztabaida eta presio soziala izango da, aurrerantzean ere, Osakidetza hobeagoa ziurtatzeko bidea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.