2026-06-17
HomeEuskal GatazkaLABen balorazioa EPPKren adierazpenaren aurrean

LABen balorazioa EPPKren adierazpenaren aurrean

LABen balorazioa EPPKren adierazpenaren aurrean
 
LABek gaurko komite exekutiboaren bileran aztertu ditu EPPKk egindako adierazpenak eta ondorengo erreakzioak. Hauek dira gure balorazioaren elementu garrantzitsuenak:

– EPPKk urratsa eman du gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Urrats sendoa eta eraginkorra presoen auzia konpontzeko. Ekarpen berri eta erabakigarria konponbide prozesuari.

– LABen iritziz gatazka politiko armatuaren ondorio guztien konponbidea, eta zehazki Euskal Preso eta Iheslarien etxeratzea, eszenatoki demokratiko bat eraikitzeko urrats esanguratsua den heinean, euskal jendarteak duen ezinbesteko erronka da. Horregatik, Euskal eragile politiko, sozial eta sindikalok gure konpromisoak indartu behar ditugu euskal preso politikoak Euskal Herriratzeko eta etxeratzeko bidean urrats gehiago eman ahal izateko. Euskal Herriak bere bide propioa egin behar du, baita bakea lortzeko ere. Euskal eragileon erantzukizuna da akordioak eraikitzea bidea egin ahal izateko.

– Bide honetan LABek adierazi nahi du euskal sindikatuekin harremanetan jarriko dela presoen adierazpenarekin sortutako egoera berria aztertzeko eta irekitako bidean lagundu dezaketen iniziatiba sindikalak baloratzeko.

– Norabide berean, langileei dei egiten diegu EPPKren adierazpena lantokietan zabaltzeko eta presoak eta iheslariak Euskal Herriratzeko eskakizuna mobilizazioren bidez indartzen jarraitzeko.
– Azkenik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erakutsitako erantzukizun politikoa nabarmendu dugun bezala, salatu nahi dugu Kolektiboak erakutsitako maila politikoa dela egoera historiko hau kudeatu behar duten Gobernuei falta zaiena. Honetan ere eskutik hartuak doaz Madrilgo eta Gasteizeko Gobernuak; konponbideak eraikitzeko inolako asmo, borondate eta ausardiarik gabe.

– Gasteizko PNVren Gobernuak PPren Gobernuaren blokeo jarrera babestea erabaki du berriro, bake prozesuaren mesedetan behingoz urratsa ematea exijitu beharrean, eta noski, EPPKk eman urratsarekin bidea egiten hasi gaitezen Gasteizko Gobernutik zein konpromiso eta ekimen politiko bereganatuko dituen esan beharrean.

– Euskal Herrian badago espetxe politika aldatzea exijitzen duen gehiengo politiko eta soziala, badago euskal presoen auzia konpontzea eskatzen duen gehiengoa. PNVk zuzentzen duen Jaurlaritzaren esku dago gehiengo hori bake prozesuaren mesedetan baliatzea; baina PPren diskurtso berdina eginez erantzun ziguten atzo berriro. Nekez ulertu daiteke PNVren Gobernuak atzo PPri erakutsitako lehialtasuna, Madrildik inboluzioa besterik ez datorrenean.

– Gobernuek erakutsi duten jarrera etsigarria da. Jarrera politiko honen helburua euskal jendartea etsitzea da, ematen diren urratsei balioa kentzea eta gure eskaeretan amore ematea konponbide prozesua ezerezean usteltzeko. Kontran, LABetik aurrera urratsa egiteko momentua dela pentsatzen dugu.

Donostian, 2013ko abenduaren 30ean
  

LAB sarean
{module[111]}

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.