2026-01-29
HomeEkintza SindikalaLABek uko egin dio ZF Aftermarketeko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari eta kritikatu...

LABek uko egin dio ZF Aftermarketeko aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari eta kritikatu du sindikatu sinatzaileen ‘konfiantza itsua’

LABek balorazio negatiboa egin dio ZF Aftermarket enpresarekin gehiengo sozialak sinatutako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteari, eta uste du akordio horrek sindikatu sinatzaileen enpresarekiko ‘konfiantza itsua’ islatzen duela. Sindikatuaren arabera, espedienteak ez du etorkizuneko bermerik eta ez ditu langileak behar bezala babesten.

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea produkzio eta antolakuntza arrazoiengatik aurkeztu zen, baina LABek salatu duenez, “lehen egunetik, enpresak proposatutako konponbide bakarra Txinako plantara produkzioa ateratzea izan da, produktiboago izateko”. Sindikatuak salatzen du ez dela beste proposamenik egin, nahiz eta ordezkariek aho batez eskatu enpresari.

Sindikatuak adierazi duenez, enpresak “ez du etorkizunerako edo bideragarritasunerako planik aurkeztu, argudiatuz sei astetik harago ezin dutela ezer aurreikusi, ez produkzio, ez inbertsio, ez berme aldetik”, eta hori guztia kontraesanean dago, LABen ustez, “urtebeterako espedientea justifikatzen saiatzen ari direnean”.

LABek kritikatu du 2023ko kontu auditatuen ondoren, enpresa taldeak dibidenduak banatu arren, “ez direla %100eko soldata osagarriak sinatu kaltetutako langileentzat”. Sindikatuaren arabera, ia urte osoa emango dute langile batzuk erregulazioarekin, eta horrek kalte nabaria ekarriko die haien langabeziari, sinatutako egutegiaren arabera.

Sindikatuak zalantzan jarri du zenbait sindikatuen jarrera, “sinatutakoa publikoki goraipatu dute eta lanpostuen bermetzea lortu dutela esan dute, egia ez denean”. Hori ikusita, LABek ez du akordioa sinatu, nahiz eta negoziazioetan azken momenturarte proposamenak aurkeztu dituen.

Azken bileran, hasieratik sindikatu guztiek adostutako mugak ez zirela bete salatu du LABek. Sindikatuaren esanetan, orduak igaro ahala, muga guztiak gainditzen joan ziren, azkenik sindikatu batzuk enpresak aurkeztutako guztia sinatzeko prest zeudelarik.

Hortaz, LABek balorazio negatiboa egin dio espedientari, “enpresaren etorkizuna kontuan hartu gabe adostu” delako, eta bestelako kasuak gogorarazi ditu, hala nola Berrioplanoko MOVINORD edo Esquirozeko BSH, non, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ondorio latzak izan dituzten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Lasarteko Correosen bulego eta banaketasailean dagoen osasun-egoera larria salatu dute

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek publikoki salatzen dute Lasarteko Correosen bulego eta banaketa-saileko langileek jasaten duten egoera jasanezina. Izan ere, bi hilabete baino...

Patronalak, arduragabekeriaz, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmaneran negoziazio mahaia bertan behera utzi du

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta patronalari euren ardura hartzeko eskatu die LABek, eta, behingoz, hitzarmenaren negoziazioari ekin, ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesuari ekiteko. Gaurko...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatzera deitu du LABek, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatuko du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...