Martzillako gertakarien harira, non bizikidetza arazo larriak izan baitira herriko Behaketa eta Harrera Zentroko (COA) adingabe batzuen inguruan, zeinen titulartasuna Nafarroako Gobernuarena baita, LAB sindikatuak gobernua bera egiten du erantzule bere eskumena den Nafarroako Esku-hartze Sozialeko sektoreak duen egoeragatik. LABen ustez, Martzillan gertaturikoa Esku-hartze Sozialeko sistemaren kolapsoaren adibide bat da, zentro horretan ehun adingabe baino gehiago pilatzen baitziren, nahiz eta berrogeirentzako diseinaturik egon.
Martzillako kasuari dagokionez, LABek gizarte osoari eskatu nahi dio ez ditzala kriminalizatu Esku-hartze Sozialeko sektoreak artatzen dituen erabiltzaileak, haien egoera pertsonala nahikoa zaila baita; eta administrazio publikoei bereziki exijitzen die bere gain har dezatela azpikontratatzen dituzten zerbitzu publikoen kudeaketan eta jarraipenean duten erantzukizuna.
Gainera, LABek argi utzi nahi du horrelako egoerek gizarte osoan arrazakeria areagotu bertzerik ez dutela egiten eta eskuin muturrak gora egiten eta jarraitzaileak bereganatzen ez jarraitzeko errezetarik onena dela zerbitzu publikoak indartzea, bai administrazioan daudenak eta bai gaur egun pribatizatuta daudenak, kudeaketa zuzenekoak izan beharko luketenak.
Martxoan Badajozen (Espainia) gertatu zen sektoreko langile baten hilketaren harira, LABek sentsibilitate eta interes handiagoa antzeman du Esku-hartze Sozialeko langileen lanarekiko, baina mota guztietako erasoak gertatzen dira egunero eta, Euskal Herrian ere bai, horien arriskuan daude sektoreko langileak beren lanpostura joaten diren bakoitzean.
Lehenik eta behin, azpimarratu behar da aipaturiko arazoak ez diola adingabeen babes-sistemari soilik eragiten, Esku-hartze Sozial osoari baizik. Hori argi utzi nahi du LABek.
Sistema kolapsatuta eta zaharkituta dago
Sektore honetan artatzen dira bazterketa sozialaren egoeran dauden helduak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak* (fisikoa, psikologikoa edo sexuala), Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonak, gaixotasun mentala eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak, mota guztietako adikzioak dituzten pertsonak, neurri judizialak betetzen dituzten pertsonak eta zaurgarritasun egoeran dagoen bertze edozein kolektibo, eta, jakina, talde babesgabe eta kalteberena dena: adingabeak. Ez da ahazten ahal inor ez dagoela zaurgarritasun horretaz salbu, edozein pertsona egon baitaiteke egoera horietakoren batean bere bizitzako uneren batean.
Sistemak pertsona horiek eta haiek artatzen dituzten langileak babesteko betebeharra du, baina erabat kolapsatuta eta zaharkituta dago; beraz, ezinezkoa da sistemak erabiltzaileen premiei erantzun egokiak ematea, eta are gutxiago langileen premiei. Enpresa pribatuek eta erakunde publikoek beren lanaren parte direla ziurtzat jotzen duten lan-arriskuei egin behar izaten diete aurre Esku-hartze Sozialeko langileek. Sektoreko langileen ustez, enpresen pertzepzio horrekin ez da beren osotasun fisikoa, psikologikoa eta, are larriagoa dena, beren profesionaltasuna eta lan egiten duten kolektiboekiko dedikazioa kontuan hartzen, ezta baloratzen ere.
Nafarroako Gobernuak merezi duten errekonozimendua eman beharko lieke gertakari kuantitatibo eta kualitatiboekin, hala nola Ekintza eta Esku-hartze Sozialeko zein Gizain fundazioaren hitzarmenak behingoz desblokeatuz, eta sektoreko profesionalekin batera lan egin beharko luke beren lan-baldintzak behin betiko duintzeko eta zerbitzuak publifikatzeko. Publifikazio horrek, eta, beraz, kontrol instituzionalak, kolektibo guztiei arreta emateko baliabide guztietan lan-ildo berdinean gauzatzen lagunduko luke, eta, horren ondorioz, askoz ere kalitate handiagoko esku-hartzea eginen litzateke.
Sektoreko langileen lanbidea duintze aldera, eta gizarteko kolektibo ahulenei arreta egokia emate aldera, LABek Nafarroako Gobernuari exijitzen dio erabiltzaileen egungo profilak berrikustea eta egokitzea ezarritako baldintza agirietan, baliabideen lan-espazioak, arreta-ratioak (gaur egun barregarriak dira eta langile gehiago eskatzen dituzte) eta baliabide eta zentro berriak sortzea bezalako alderdietan, arreta jasotzen duten erabiltzaileen une bakoitzeko profiletara eta haien beharretara egokituta. Horretarako, beharrezkoa da Eskubide Sozialen Departamentuak etengabeko jarraipena egitea adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko, eta beharrezkoa da erakunde publikoek benetako borondatea izatea aurrekontu partidak handitzeko, bertze eremu profesional batzuetan egin den bezala, hala behar denean eta beharrezkoa denean.
Profesionalen prestakuntzari dagokionez, nahitaezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Hezkuntzako gradu presentziala ezartzea. Izan ere, deigarria da langileei etengabeko etengabeko prestakuntza espezializatua eskatzea eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuak asmorik ez izatea Gizarte Hezkuntzako profesionalak trebatuko dituen unibertsitate gradu akademiko espezifiko bat ezartzeko.
Epe luzera, Esku-hartze Sozialeko langileek eskatzen dute sektorearen kudeaketa eredua birformulatzen aktiboki parte hartzea; izan ere, langileak dira horri buruzko informazio gehien dutenak eta kualifikazio handiena dutenak. Alde horretatik, akatsa da sektore osoaren arduraduna den administrazioak langileak kontuan ez hartzea eta ez baliatzea beren esperientzia konponbideak bilatzeko.

