2026-02-02
HomeMaiatzaren Lehena 2018LABek lan, bizi eta herri duinak aldarrikatu eta milaka pertsona bildu ditu...

LABek lan, bizi eta herri duinak aldarrikatu eta milaka pertsona bildu ditu Nafarroako sei manifestazioetara

Maiatzaren Lehenaren karietara Euskal Herriaren luze-zabalean 25 manifestazio egin ditu LAB sindikatuak gaur. Nafarroan sei izan dira: Iruñean, Tuteran, Altsasun, Tafallan, Lizarran eta Donezteben. Guztietan aldarri bera izan da: lan, bizi eta herri duinak. Nafarroako manifestaziorik jendetsuenean, Iruñekoan, Igor Arroyo LABeko bozeramaile eta idazkari nagusi ondokoak adierazi du beharrezkoa dela “planto orokor bat patriarkatuaren, prekarietatearen eta 78ko Erregimenaren aurrean”.

Arroyoren arabera, “sistema ekonomikoaren helburuak herritar orori lan eta bizi duina bermatzea beharko luke izan, baina Kapitalismoan ez da horrela gertatzen”. Duela 5 urte Bangladeshen 1.000 lagun baino gehiago hil ziren euren lantokiko sapaia erorita eta urteurren horren harira Arroyok adierazi du hori dela “Kapitalismoaren benetako aurpegia: nahiago du 1.000 bizitza arriskatzea, lantokiko teilatua konpontzea baino. Lortutako aurrerapen sozialak ez dira lortu Kapitalismoari esker, baizik eta Kapitalismoaren aurka”.

Arroyoren hitzetan, “Kapitalismoarekiko alternatiboa izango den eredu ekonomiko eta soziala eraikitzeko helburu estrategikoari eutsi behar dio sindikalismoak; bestela asimilatua izateko arriskua dauka”. Era berean, “hala lantokietan nola kalean bizi dugun prekarizazio egoerari erantzun eraginkorrak emateko erronka dauka sindikalgintzak, sektore prekarizatuengana gerturatuz”.

Arroyok azken hilabeteotako mobilizazio sozialak goretsi ditu: “Pentsiodunen mobilizazioek, Altsasuko injustiziaren aurkako herri matxinadak eta, batez ere, mugimendu feministak politikari ustelak eta epaile matxistak kolokan jarri ditu”. Ildo honetan, herri bezala planto egitea defendatu du, patriarkatuaren, prekarietatearen eta 78ko Erregimenaren aurrean.

Maiatzari begira, LABek mobilizazioekin jarraitzea proposatzen du, bi hitzordu zehatzekin. Alde batetik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde, maiatzaren 26an. Eta bestetik, lan baldintzen estatatalizazio eta prekarizazioaren kontra, maiatzaren 30ean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...