2025-12-16
HomeEkintza SindikalaLABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio unibertsitate publikoa indartu dezan, behar den inbertsioa...

LABek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio unibertsitate publikoa indartu dezan, behar den inbertsioa eginez

LABek elkarretaratzea egin du Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari unibertsitate publikoa indartzeko eskatzeko.

EHUn dauzkagun arazo guztiak oinarri ekonomikoa ez izan arren, konpondu behar diren egoera askok finantzaketarekin lotura handia daukate:

– EHUn arduraldi partzialean aritzen diren irakasleek miseriazko soldatak jasotzen dituzte. Arduraldi osoko irakasle baten gehienezko irakaskuntza-kredituen % 75 ematen duten ordezko irakasleek nekez gainditzen dituzte 800 euroak, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuek ez baitzaizkie ordaintzen. Neurri handi batean Eusko Jaurlaritzaren erantzukizuna da, 41/2008 dekretua aldatzea bere esku baitago.

– EHUko langileok ez dugu berreskuratu duela hamarkada eta erdi galdutako erosahalmena, azken urteetako soldaten igoerak urriak izan baitira.

– Nahikoa ez diren soldatak osatzeko 2006an sortu ziren osagarriak izoztuta mantendu ditu Eusko Jaurlaritzak urte horretatik.

– Irakasle-ikertzaile askok, hurrengo kategorietarako akreditazioa behin lortuta, urte asko itxaron behar dituzte promozionatu ahal izateko. Arrazoi ekonomikoak ere horren atzean daude.

– EHUko plantilla ez da nahikoa jendartearen beharrei behar den moduan erantzuteko. Izan ere, sail eta zerbitzu askotan langileek gehiegizko lan-karga daukate. Zentzu horretan, Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL) / Irakasle eta ikertzaileak (IRI) ratioa igotzea beharrezkoa da.

– Eraikin askok konponketak behar dituzte. Itoginak, instalazioen eta altzarien narriadura… gero eta ohikoagoak dira.

– …

Unibertsitate publikoak finantzaketa handiagoa behar du jendartearen beharrei erantzun ahal izateko, etorkizun hurbil eta urruneko profesionalak formatzeko, arlo guztietan garatu beharreko ikerketa egiteko eta gizarte moduan aurrera egiteko ezinbestekoa den pentsamendua eta eztabaida bultzatzeko ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ez dio erantzuten behar horri, ez du betetzen bere egitekoa EAEko jendarteari begira. Adibide argia daukagu USLOk unibertsitate publikoen finantzaketari jasotzen duenaren aurrean adierazitako jarrera. USLOk 2030erako markatzen duen BPGren % 1etik oso urrun mantentzen da EHUren finantzaketa, BPGren % 0,4 ozta-ozta gaindituta, eta ez da ezagutzen ezer ehuneko horretara heltzeko USLOk berak ezartzen duen batzordeari buruz, duela urte bat sortuta egon behar zena. Horrez gain, sailburuaren hitzetan hautematen da helburu hori ez betetzeko nahasmen interesatua, finantzaketa- igoera horretan Eusko Jaurlaritzak duen erantzukizunari pisua kenduz, alde batetik, eta unibertsitate publikora bideratutako finantzaketa Eusko Jaurlaritzak unibertsitate pribatuetara bideratzen duen finantzaketarekin nahastuz; (izan ere, BPGren % 0,6 inguru bideratzen dela esatean, euskal sistema unibertsitarioko unibertsitate guztiak sartzen ditu, baina USLOk espresuki adierazten du BPGren % 1a publikoei bakarrik eragiten diela).

Aldi berean, gero eta diru eta erraztasun gehiago ematen zaie unibertsitate pribatuei (azken adibidea EDA drinks & wines, Gastronomy Open Ecosystem eta Euneiz unibertsitate elitistetan daukagu).

Bada ordua Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoa gutxiesten duen norabidea albo batera uzteko, unibertsitate publikoa hobetzeko dauzkan eskumenak erabiltzeko, eta EHUk behar duen finantzaketa publikoa bermatzeko. Horren bidez, guztiontzako lan-baldintza duinak bermatu eta unibertsitateak pairatzen dituen hainbeste arazori konpontzeko bidea eman behar zaio, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea indartzeko bidean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...

Eusko Jaurlaritzako langileen mobilizazioa

15 urte zain, Eusko jaurlaritzako lan hitzarmena orain! LAB sindikatuak mobilizazioa egin du gaur, abenduaren 16an, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Indarrean dagoen hitzarmena sinatu...

Arabako helduen egoitzetako hainbat langilek egun dituzten lan baldintzak galduko dituzte

Sektorearen parte garrantzitsu batek enpresa eremuan borrokatu dituen eskubideak, herrialdeko hitzarmenetik gora dauden lan baldintzak, galduko ditu. Hori gutxi ez, eta kategoria batzuetan soldatak...