2026-10-17
HomeEkintza SindikalaLABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita daukagun greba dinamikarekin jarraituko dugu sektoreak dituen aldarrikapenak lortu arte.

EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertzen doaz etengabe. Duela urte eta erdi baino gehiago Udalhitzeko mahaia eratu zen, 2010etik berriztu gabe dagoen akordioa berritzeko. Bitartean, Udalhitzeko lan-hitzarmenetik kanpo dauden udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa ere egoera berdinean dago, udal batzuetan gai zehatzen inguruan lortutako akordio partzialez gain ez da akordio integrala lortzeko eta lan-hitzarmena osotasunean berritzeko aukerarik egon.

LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika bat martxan jarri genuen apiriletik aurrera. Bi orduko paroak egin genituen apirilean, eta maiatzean eta ekainean egun osoko bi greba egun. Balorazio oso positiboa egiten dugu greba dinamika horretaz, udal langileak haien lan baldintzak hemen hobetzeko grina dutelako. Borrokarako prest dagoen kolektibo bat islatu zen data horietan.

Sektoreak buruturiko greba, lanuzte eta mobilizazioek negoziazioan aurrera pausu batzuk ekarri zituzten, baina hainbat aldarrikapen oraindik ez daude mahai gainean. Besteak beste: azken urteetan galdutako eros ahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak, euskaraz lan egin eta bizitzeko neurriak, publifikazioetan azpikontrataturiko langileen subrogazio eskubidea, lanaldia gehiago murriztea, errelebo kontratua eta gazteberritze planetan sakontzea falta da. Hala, urte eta erdi baino gehiagoz negoziatzen aritu ondoren, ez dira behar besteko aurrerapenak jasotzen Eudelen eta alderdi politikoen proposamenetan.

Gauzak horrela, LABek eta ELAk erabaki dugu geldirik ez geratzea. Eudel eta alderdi politikoak mugiarazi behar ditugu, eta azken hilabeteetan ikusi den bezala, hori soilik grebekin eta langileen mobilizazioarekin gertatzen da. Zentzu horretan, uda baino lehen aurrera eraman dugun dinamika irailetik aurrera jarraituko dugu. Ondorioz, besteak beste, urriaren 8an EAEko udal sektorean egun osoko greba deialdia egingo dugu bi sindikatuok.

Bukatzeko, LABetik eta ELAtik era zuzenean interpelatu nahi ditugu EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...

Siemens Gamesaren estatu mailako akordio markoaren aurka egingo dugu, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak defendatuko ditugu

Salatu dugu Siemens Gamesak Espainiako Estatu mailako akordio marko bat ezarri nahi duela, Euskal Herriko negoziazio esparru propioak desagerrarazteko arriskua sortuz. Mungia eta Asteasuko...

Azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatzen ditugu

2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa. Oianguren ikastetxeko komunitateak...