2026-09-01
HomeEkintza SindikalaGasteizko Udalaren isunaren aurrean, LAB, ELA, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok greba...

Gasteizko Udalaren isunaren aurrean, LAB, ELA, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok greba eskubidea eta gutxieneko soldata duina aldarrikatzen ditugu

LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok Greba Orokorra deitu dugu martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio eta duinaren defentsan, soldata hobeak aldarrikatuz. Deialdi horretarako, sindikatuok ahalegin militante handia egin genuen Gasteizen eta inguruan langileei grebaren testuinguruaz, arrazoiez eta helburuez informatzeko, hainbat euskarri informatibo, batzar eta bileren bitartez. Horren ondorioz, hamarnaka mila pertsonek baliatu zuten grebarako eskubidea, eta mobilizazio jendetsua egin zuten hirian, deialdiaren aldarrikapenekin bat eginez.

Bada, grebaren arrakastaren ondoren, Gasteizko Udalak Zigor Espedientea ireki zigun sindikatu deitzaileoi arau-hauste oso larri bat egitea leporatuta, herritarrei grebaren berri emateagatik kartel eta pankarten bidez. Hain zuzen ere, Udalak 1.500€ko isuna jarri digu, santzio erabat eskandalagarri bat.

Hau da, Gasteizko Udala eta euskal erakunde gehienak gobernatzen dituen PSE eta EAJren arteko koalizioak, Gasteizko Legebiltzarrean gure LGSa hemen erabaki ahal izateko 138.000 lagunek bermatutako LHE bat tramitatzea errefusatu zuenak, Grebaren aurretik eta ondoren gutxieneko soldata hemen negoziatzeari begira baldintzak sortzeko inplikatu ez denak, orain 1500€-ko isuna jarri digu, hain justu euskal LGSrako aldarrikatzen genuen kopurukoa.

Ez dugu uste kasualitatea denik isunaren ezarpena eta bere zenbatekoa, baizik eta euskal langileriarentzat eta Gasteizko langileentzat sinbolismo argia duen kopurua eredugarri bihurtzeko interesari erantzuten dio.

Udalak langileen aurkako jarrera antisindikala erakusten du horrela, beste sektore batzuetako gatazketan, Esku Hartze Sozialean adibidez, isunak ezarriz erakutsi duen bezala. Isunen bidez lan aldarrikapenak isilarazi nahi dituzte, greba eskubideari eraso nahi diote eta etorkizuneko mobilizazioak baldintzatu nahi dituzte.

Honen aurrean, LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok Udalari eta berau gobernatzen duten EAJ eta PSE alderdiei dei egiten diegu:

– Mobilizatzeko helburuz antolatzea erabakitzen duten langileen aurkako jarrera hau bertan behera uztera

– Eta 1500€ko gutxieneko soldataren aldarrikapena errealitate izan dadin inplikatzera.

Gure aldetik, langileria antolatzen jarraituko dugu, informatzen eta aktibatzen, bere lan baldintzak hobetzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500...

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.