2026-03-20
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaLABek eta ELAk dei egiten dugu Kataluniako erreferendumari babesa agertzeko Bilbon larunbatean...

LABek eta ELAk dei egiten dugu Kataluniako erreferendumari babesa agertzeko Bilbon larunbatean izango den manifestaziora

LABek eta ELAk uste dugu Euskal Herrian erabakitzeko eskubideak eskatzen duela berau bideragarri egingo duen estrategia, eta hau soilik aldebakarrekoa eta mobilizazioan oinarritua izan daiteke.

LABek eta ELAk dei egin dute datorren larunbatean, hilak 30, “Demokrazia; erabakitzeko askatasuna” goiburuarekin Bilbon izango den manifestaziora. Gure xedea da euskal jendarteak Kataluniako herritarrei itxurazko babesa adieraztea; izan ere, herritarrok uneotan eraso latza ari baitira pairatzen espainiar estatuaren aldetik, hau Generalitateko gobernuak urriaren 1erako deitu duen erreferenduma indarrez eragotzi nahian ari baita.

LABek eta ELAk uste dute honez gero gauza bat argi geratu dela: espainiar Estatuan ezin da erabakitzeko eskubiderik egikaritu, ez Katalunian, ezta Euskal Herrian ere. Beraz, eskubide honen alde gaudenok hura gauzatu ahal izateko estrategia bat definitu behar dugu, eta horrek eskatzen du prozesu sozial eta politiko bati ekitea; Katalunian gertatutakoa ikusirik, prozesu hori soilik konfrontazio demokratikoan oinarritua, aldebakarrekoa eta herritarren mobilizazioak bultzatutakoa izan daiteke.

Bi sindikatuok gure herriaren erabakitzeko eskubidea defenditzen dugu erreibindikazio demokratikoa delako. Baina gainera, langile-klaseak bizi duen egoera dela eta, beste eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzearen alde egin nahi dugu; horretarako ezinbestekoa da erabakitzeko eskubide betea izatea. Ez dago aldaketa sozialik aldaketa politikorik gabe.

LABek eta ELAk egiaztatu dute Katalunian elkarrizketaren garaia iraganeko kontua dela, PPren gobernuak behin eta berriz entzungor egin baitie erakunde katalanei, hauek etengabe saiatuagatik ere. Kataluniak bere bideari jarraitu behar dio. Honi dagokionez, agerian geratu da alferrik aldarrikatzen dela espainiar Estatuarekiko ituna, honek ez baitu sekula erabakitzeko eskubidea aitortuko, ezta Euskal Herriari ere. Espainiar Estatuarekiko ustezko aldebikotasuna soilik modu batean da posible: soberanistek beren posizio politikoa baztertu eta inposatzen zaien inboluzioari men egiten badiote.

LAB eta ELAren iritziz, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde daudenek honako gutxienekoak partekatu behar dituzte: demokrazia sindikala bermatzea, langile- klaseak zilegizko moduan hautatutako gehiengo sindikala errespetatzen delarik. Halaber, jendartearen parte hartzea aintzat hartu behar da, eta ez hedatu mugimendu sozial eta sindikalei buruzko mesfidantzazko mezuak; eta noski, Kataluniaren aurkako errepresioa xaxatzen duten alderdi politikoekiko harreman oro haustea.

LABek eta ELAk nahi dugu prozesu politiko hau, zeinaren une gorenetako bat urriaren 1ean izango den, ilusioa emango duen aukera bihurtzea.

Azken arrazoi hauek ezinbestekoak direla nabarmenduaz, LABek eta ELAk dei egiten diote langile-klaseari datorren larunbatean Bilbora joan dadin demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestaziora.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...