2026-08-02
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakLABek Ambulancias Bizkaian ematen den jazarpen sindikala salatu eta bere ordezkaria den...

LABek Ambulancias Bizkaian ematen den jazarpen sindikala salatu eta bere ordezkaria den Carlos Diaz berronartzea exijitzen du

LAB sindikatuak UTE Ambulancias Bizkaiaren barruan dauden enpresetan ematen ari den jazarpen sindikala salatu nahi du. Jazarpen hau, enpresako kudeatzaile den Angel Luis Callejaren inposizioei aurre egin dioten eta lan baldintzen kaskartzeari ezetza eman dioten langile guztien kontrakoa da, eta zigor, amonestazio eta kaleratzeen bitartez gauzatzen da.

Eta egoera honen erdian, konkretuki, sindikatu honetako afiliatu zein delegatuen kontrako jazarpena salatu nahi dugu. Jazarpen honen azkenengo kapitulua Bizkaiko SAMUko gure delegatua den Carlos Diazen kaleratzea izan da, azaroan. Kaleratze hau, UTE Ambulancias Bizkaiako kudeatzailearen jarduteko eraren adierazle argia da.

Carlosen kaleratzea baino arinago, sindikatu honetako beste delegatu bi eta hiru afiliatu kaleratuak izan ziren, eta azaroan ere, Carlosen kaleratzearekin bat eginez, UGT eta LABen zerrendetan aurkezten ziren beste erizain bi ere kaleratuak izan ziren. Kaleratz guzti hauek, delegatu bat lanera bueltatzearekin amaitu zen, Gurutzetako ospitalearen aurrean eginiko gose greba baten ondorioz. Gose greba hori orain kaleratuta dagoen Carlosek ere eraman zuen aurrera, eta beste kaleratze guztiak, bidegabekeria onartzearekin bukatu ziren.

Langileak mehatxatzea eta inposizioa erabiltzea enpresa honetan jarduteko era arrunta da. Egoera hau are larriagoa bihurtzen da, kontutan hartzen badugu enpresa honek, ia bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarentzat lan egiten duela. Ez da bidezkoa Eusko Jaurlaritzak, gizartearentzat hain garrantzizkoak diren anbulantzia zerbitzuak azpikontratatzea, eta gero, zerbitzua ematen zaien enpresa hauek langileen lan baldintzen eta askatasun sindikalari kontrako erasoak aurrera eramatea erabakitzen dutenean, beste alde batera begiratzea, langileei lepoa emanez.

LABetik gure kidea eta delegatua den Carlosen kaleratzea injustua eta neurrigabea dela adierazten dugu. Honekin, enpresak, langileak beldurtzea bilatzen du, inor ausar ez dadin ez enpresari aurre egiten ezta lan baldintzak defendatzen.

Kaleratze hau salatzeko eta jazarpen sindikalaren kontra, astearte eta asteazken guztietan mobilizazioak egiten dira, Gurutzeta zein Basurtuko Ospitalearen aurrean eta Bilboko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean.

Azkenik, gure kidea eta delegatua den Carlosen bidegabeko kaleratzearengatik burutuko den epaiketaren bezperan, enpresari Carlosen berehalako berronartzea exijitzen diogu, eta Eusko Jaurlaritzari, beste alde batera begiratzeari uzteko eta ez dezala onartu, biztanle guztien artean ordaintzen dugun zerbitzu bat emateko azpikontrataturiko enpresetan, horrelako jazarpen eta jokabideak egotea.

Horrela ez bada, LABek egoera hauen errudunak diren enpresak eta ahalbidetzen dituzten administrazioak salatzen jarraituko du, egoera hauek baimentzen dituzten heinean, jazarpen sindikalaren konplize bihurtzen direlako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.