2023-12-11
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaLABek administrazio publiko herritar eta parte hartzailea aldarrikatu du Gasteizko Parlamentuan

LABek administrazio publiko herritar eta parte hartzailea aldarrikatu du Gasteizko Parlamentuan

Gaur, hilak 26, Josu Erkoreka Lan eta Administrazio Sailburuak Euskal Administrazio Publikoaren Legearen (EAPL) egitasmoa aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean. Aurkezpen horrekin bat eginez LAB sindikatuak mobilizazio deitu du parlamentuaren atarian.

Lehenik aipatu nahi dugu LABek abenduaren 9an agerraldia egingo duela legebiltzarreko batzordean egitasmo honen inguruko balorazio zehatza egiteko. Baina gaurkoan, egitasmo horren elaborazioan langileok, bere ordezkariok eta orohar herritarroi gure parte hartzea ukatu zaigula salatu nahi izan dugu.

EAPL, aldiz, ez da Jaurlaritza sektore publikoari begira esku artean duen egitasmo bakarra. Azken aste eta hilabeteotan gobernu honek eremu honetan aurrera atera nahi dituen beste bost egitasmoen berri jaso dugu: Euskal Enplegu Publikoaren Legea, Udal Legea, Heziberriren eskutik hezkuntza lege berria, eredu sozio-sanitarioaren dekretua eta hirugarren sektorea deitutakoaren egitasmoa (zerbitzu sozialei dagokiona) behintzat lantzen ari denaren berri izan dugu. Egitasmo hauek sektore publikoaren zutabe nagusiak bermoldatuko dituzten legeak edota dekretuak direla azpimarratu nahi dugu. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak sektore publiko osoaren berdefinizio eta berrantolaketa bati heldu nahi diola ohartarazi nahi dugu.

Gogoratu nahi dugu sektore publikoa, berak eskaintzen dituen zerbitzu publikoen bitartez, herritar guztioi dagozkigun eskubide sozialen bermatzaile nagusia izan behar duela.

Oso abiapuntu ezberdineko egitasmoak izanda, guztietan PNVk zuzentzen dituen sailek negoziazio eta parte hartzerako erakutsi duten jarrera eskaxa salatu nahi dugu. Zentzu honetan eskaera zuzena egin nahi diogu Iñigo Urkulluk zuzentzen duen gobernuari: sektore publikoaren berdefinizio eta berrantolaketa ariketa hori guztion artean egin dezala; era parte hartzaile eta demokratikoan; langileak, bere ordezkariak, herritarrak (zerbitzu hauen onuradun zuzenak izan behar diren heinean) eta inplikatuak dauden eragile sozialei ateak irekiz.

Sektore publikoa ez da inoren “kortijoa”, eta horretan bihurtu nahi dutela erakutsi baino ez dute egin aipatutako sektoreei parte hartze eta negoziaziorako ateak itxiz; eta ireki dituztenean era erabat arbitrarioan mugatuz gure parte hartzea. Jaurlaritzak langileok, herritarrak eta eragile sozialak ezin ditu sektore publikoaren berrantolaketa honetan etsai bihurtu. Arerio bakarra Madriletik inposatutako dekretuetan eta Jaurlaritzako eremu batzuek sektore publikoa ahuldu eta pribatizatzen jarraitzeko duten asmoetan baino ez dago.

Zentzu honetan, eztabaida ireki eta parte hartzailea irekitzea eskatzen diogu, bertan, LABek sektore publiko berri baten eraikuntzarako bere proposamenak mahai gaineratuko dituelarik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.