2026-10-02
HomeOharrakZerbitzu PublikoakLAB SINDIKATUAREN PROPOSAMENA ELKARTEEN GAINEKO ZERGEN ERREFORMARI BURUZ

LAB SINDIKATUAREN PROPOSAMENA ELKARTEEN GAINEKO ZERGEN ERREFORMARI BURUZ

Azken hamarkadetan globalizazio ekonomikoa eta Europar Batasunaren hedapena aitzakia gisa erabili izan dira Sozietateen gaineko Zerga etengabe murrizteko.
Erabaki horiek bi helburu lortzeko hartu omen dira:

– Bertoko enpresen lehiakortasuna hobetzea,
– Kanpoko enpresen inbertsioak erakartzea.
 

Ekonomia-politika neoliberal horren ondorioz Europa osoan zehar lehia fiskala zabaldu da.

Sozietateen gaineko Zerga modu sistematikoan murriztu da Estatu kide guztietan, Maltan izan ezik. Eta 1995 urtetik Europar Batasunean batez besteko tasa nominala 12 puntu baino gehiago jaitsi da.

Egia da estatu eta herri guztietan jaitsiera ez dela berdina izan, baina hartutako neurri horiek eragin kaltegarriak sortarazi dituzte, eta gainera, oso antzekoak leku guztietan:

− Sozietateen gaineko Zergak diru-bilketako ahalmena galdu du.
− Zerga-sistemaren ekitatea higatu da, kapital produktiboaren ekarpen fiskala gutxitu delako.
 

Beraz, sarrera publikoak biltzeko iturri bat xahutu da, bakar batzuen onurarako, hain zuzen ere, enpresarien eta ugazaben onurarako.
Kokaleku honetan bi aukera daude:

− Galdutako diru-sarrera horiek orekatu. Lan-errenten gaineko presio fiskala areagotuz, edota kontsumoaren gaineko zergak igoz.
− Edo bestela, gastu publikoa gutxitu, gizarte-politikaren kaltetan.
 

Kasu guztietan herritar xumeok galtzen dugu, bakar batzuen mesedetan.

Gainera, hasieran iragarritako helburuak ez dira lortu (enpresen lehiakortasuna eta kanpoko inbertsioak):

− Alde batetik, badirudi, enpresen lekualdatzea sustatzeko zergaren karga-tasa ez dela oso erabakigarria.
− Eta bestetik, balizko (lehiatzeko) abantailak elkarren artean indargabetzen dira, leku guztietan neurri antzekoak hartzen dituztelako.
 

Euskal Herriko Foru Ogasunek, Gipuzkoakoa barne, lehiaketa zoro horretan parte hartu dute, bakar-bakarrik Enpresen gaineko Zerga murrizteko. Eta bi bide desberdin erabili dituzte:

− Karga-tasa nominala jaitsiz.
− Onura fiskalak etengabe biderkatuz.
 

Baina, patronalak, eta bereziki ADEGIk tasa nominalaren inguruan arreta jarri nahi du, eztabaida honetan iruzurra egiteko asmoz.

Hala ere, denok dakigu tasa nominala ez dela adierazle egokia presio fiskala neurtzeko:

− Ogasun eta Finantza Departamentuaren arabera, Gipuzkoako foru araudiari lotutako enpresen batez besteko tasa nominala %24,5 izan zen 2010 urtean.
− Baina dedukzio, hobari eta bestelako pizgarri fiskalen ondorioz, benetan ordaintzen duten batez besteko tipo efektiboa %16,6ra jaitsi zen.
 

Ordea, Araba, Bizkaia edo Nafarroako araudia aplikatzen duten enpresen batez besteko tasa efektiboa %21,4 izan zen. Eta, lurralde erkideko araudiari lotutako enpresena %27,9koa.

Era berean azpimarratu behar da, EUROSTAT-en arabera, Europar Batasuneko batez besteko tipo efektiboa %21,8koa dela.

Ogasun Departamentuak prestatu duen txostenak datu ugari biltzen ditu. Informazio hori guztiak egiaztatzen du Gipuzkoako Sozietateen gaineko Zergaren araudia askoz onuragarriagoa dela, gure ingurukoarekin alderatuz.

Horrenbestez, benetako harmonizazioaren bidea hartzekotan, argi dago Sozietateen gaineko Zerga igo egin behar dela, eta ez jaitsi.

LAB sindikatuaren proposamenak:

Zergaren karga-tasa nominala igo. Zergaren erreforma asko onartu dira; baina zerga-bilketan izan zuten eraginari erreparatuz bi gogoratu nahi ditut:

• 1996ko erreformarekin, zerga-bilketako ahalmena %12,5a galdu zen.
• 2007ko erreformarekin, %25,6a.
 
 
Onura fiskal gehienak kendu.
• Dedukzio, hobari eta bestelako mozkin fiskalen katalogoa oso zabala da, eta enpresek erabiltzen dute ingeniaritza fiskalaren bitartez zerga ordaintzea saihesteko.
• Trikimailu legal horietaz baliatzeko erraztasun eta gaitasun handiagoa dute enpresa handiek, txikiek baino. Eta finean, handiek gutxiago ordaintzen dute.


Oinarri ezargarri negatiboak konpentsatzeko epea laburtu, eta preskripzio-aldiari lotu.

Enpresen lehiakortasuna ez da jokoan dagoena, kapitalaren errentagarritasuna eta herri-ogasunari egin behar dion ekarpena baizik.
Horregatik guztiagatik, Sozietateen gaineko Zergaren erreforma hau proposatzen dugu, justizia fiskalaren bidean diru-sarrera publikoak handitu eta gizarte-politikak hobetzeko asmoz.

Donostian, 2012ko apirilaren 3an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.