2026-03-19
HomeEuskal GatazkaLAB: “Konponbidea nahi dugunontzat pauso garrantzitsua da”

LAB: “Konponbidea nahi dugunontzat pauso garrantzitsua da”

ETA erakundeak gaur ezagutzera eman duen agiriaren bidez urrats berri bat egiteko prestasuna argi utzi du. Euskal jendarteak aspalditik aldarrikatzen du gatazkaren konponbidea ekarriko duen bidea behingoz egiteko eta, zentzu honetan, Estatu espainiar eta frantziarrarekin elkarrizketa zuzenak abiatzeko ordezkaritza izendatu izana pauso garrantzitsutzat jotzen dugu.
Gatazkaren konponbidea nahi duen edonork aitortuko dio urrats honi garrantzia, aurretik egindako guztiei bezalaxe. Nazioarteko komunitateak ere ETAk hartutako konpromisoak garrantzitsutzat jo ditu. Horren adierazle, duela bi aste Egiaztatze Batzordeak egin zituen adierazpenak edota Aieteko Konferentziak konponbide politiko eta demokratiko baterako markatu zuen ibilbide orriarekin hamarnaka europarlamentarik bat egin izana.

Hala ere, errezeta zaharretan tematurik jarraitzen du PPren Gobernuak, inolako pausorik egin gabe. Adibiderik ez dugu falta: euskal preso politikoen kontrako salbuespen neurriak eta mendeku politiken iraupena, epaiketa politikoak, hala nola, Bateragune auzia edota egun hauetan Auzitegi Nazionalean burutzen ari den Askatasuna eta D3M epaiketa… Edonola ere, PPren itxikeriak denbora muga badauka, hori PPk berak ere badaki. Egoera luzatzea, blokeo egoeran irautea ez da onuragarria inorentzat.

Euskal jendartearen aldarrikapen zabala da, nazioartetik ere aldarrikapen zabala da, ordua da Estatu biek —baita Gasteizko eta Iruñeako Gobernuek ere, euskal jendarteak jarritakoak baitira egiteke dituzten etxeko lanak, pilatzen ari zaizkienak— aldarrikapen hauek entzun eta behingoz urratsak egin ditzaten.

Dena den, espainiar zein frantziar Gobernuek pausoak eman ditzaten aldarrikatzea —esan nahi baita, aldarrikapen hutsean geratzea— ez da nahikoa. Euskal Herriko eragileen esku ere badago egoera mugiaraztea eta konponbiderako bidea azkartzea. Ez da epelkeriaz aritzeko sasoia, hau ez da komunikabideen aurreko adierazpenekin egin daitekeen bidea. Beharrezkoa da, eta bada ordua, oraindik inplikatu ez diren eragileak ere bide honetan inplikatzeko. Gatazkaren konponbidearen alde erantzukizunez jokatzeko garaia da. Asko dago jokoan.

Aldebakarreko urratsekin zabaldu den prozesu hau egonkortu nahi badugu, eragile politiko eta sozialok prozesuaren aldeko konpromisoak hartu behar ditugu, alde anitzeko konpromiso irmoak. Jauzi hori egiteko tenorea da.

Euskal Herrian, 2012ko maiatzaren 16an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.