2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaLAB eta ELAk Osakidetzako II. Euskara Plana ez dela euskalduntze plan integral...

LAB eta ELAk Osakidetzako II. Euskara Plana ez dela euskalduntze plan integral bat salatu dute

ELA eta LAB sindikatuek Euskal Herri osoko osasun zerbitzuak euskaldundu daitezen oinarrizko ardatzak zeintzuk diren eta Osakidetzako II. Euskara Planaren inguruan egiten duten balorazioa jasotzen duen oharra jendarteratu dute gaur. Osakidetzak aurkezturikoa Euskalduntze plan integrala ez dela salatzeko eta osasun zerbitzu euskaldunen alde, Darpon sailburuak Parlamentuan egin beharreko agerraldiaren harira, kontzentrazioa egingo dute datorren astelehenean, hilak 17, EAEko Parlamentuaren aurrean eguerdiko 12:00etan.

ELA eta LAB SINDIKATUEN OHARRA
OSASUN ZERBITZU EUSKALDUNAK. OSAKIDETZA EUSKARAZ

Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, bai eta ofiziala ere Euskal Herriko zenbait zonaldeetan. EAEko Autonomia Estatutuak euskara berezko hizkuntzatzat jotzen du eta hizkuntza ofizialen maila aitortzen dio, gaztelaniarekin batera.

Ondorioz, euskal herritarrok, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko eskubidea dugu eta, aldi berean, administrazioak bere zerbitzuak eta pertsonalagoa gaitu eta egokitzeko obligazioa du, herritarrekin hauen hizkuntzan harremanak izateko.

Osasun zerbitzuak ere administrazioaren atala dira, eta herritarren eskubideak babestu behar dituzte eta legeek diotena jaso eta betearazi…

Honek guztiak garbi erakusten du, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko plana administrazioa normalizatzeko prozesuaren atal bat dela, premia eta garrantzia erabatekoak dituena. Hain zuzen ere, horregatik da hain premiazkoa Osakidetzako II. Euskara Planak osasun zerbitzuak bere osotasunean euskalduntzeko benetako neurri zein bermeak jasotzea.

Osakidetza eta, oro har, Euskal Herri osoko osasun zerbitzuak euskaldundu daitezen, oinarrizko ardatzak honakoak direla uste dugu:

• Plana globala, progresiboa, integrala eta integratzailea izatea. Lehen mailako atentzioko zerbitzuei lehentasuna emanez, esparru guztiak hartuko ditu kontutan. Euskarak zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza izatera iritsi behar du.
• Lehentasunak, bi irizpideren arabera zehaztuko dira:

◦ Zerbitzuen kategoriaren arabera:
▪ Lehen mailako atentzioan: haur asistentzia, pazienteak atenditzeko zerbitzuak, asistentzia orokorra, zuzendaritza organoak.
▪ Atentzio Espezializatuan: Haur asistentzia, pazienteak atenditzeko zerbitzuak, zerbitzu asistentzialak, harreman zuzenik gabeko zerbitzuak, administrazioa, zuzendaritza organoak. 
▪ Administrazio Zentralean: atentzio zuzeneko atalak, administrazioa, zuzendaritza organoak.
◦ Udalerrien sailkapen soziolinguistikoaren arabera
• Zonalde euskaldunei dagokionean, plan orokorraren baitako premiazko neurriak aplikatuko dira.

• Planaren helburu nagusia erabilera izan behar du eta diseinatu zein hartzen diren neurriak erabilerari begirakoak izan behar dute. Horretarako, noski, euskararen ezagutza bermatzea helburuen artean kokatu behar da. Euskalduntze prozesua posible egiteko Osakidetzak medioak jarri behar ditu langileen formazioa bideratzeko eta medio hauek denbora eta dirutan zehaztu behar dira. Planaren helburua hizkuntza ohiturak eraldatzea den neurrian, etengabeko auto-ebaluazioa egingo da zentroaren nahi harturiko neurrien gainean. Noski, helburua erabilera bada, ezagutza bermatua 
• Funtsezkoa da euskalduntze prozesuan inplikaturik dauden sektore guztiek parte hartzea, inplikatzea, osasun zerbitzuak euskalduntzeko planaren nondik norakoak aztertu ahal izatea eta, bereziki, langileen ordezkaritzarekin negoziatzea eta adostasunak eraikitzea. 
• Euskararen normalizaziorako Planaren aurrekontua ez da gastu gisa hartuko, inbertsio gisa baizik. Osakidetzak jendartearekiko duen konpromisoari egokiro erantzuteko eta jendartean eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzeko inbertsioa dira. Lehentasunen arabera, epealdiak ezarriko dira eta planaren aplikaziorako eta epeen arabera, bitartekoen optimizazioa eta inbertsioa zehaztuko dira.

Osakidetzako II. Euskara Planari buruz, honakoa dugu esateko:

• Planak ez du parte hartze demokratikoa bermatu, ez da baldintza demokratikoetan gauzatu. Izan ere, Osakidetzaren baitako subjektu guztien parte hartzea ez da bermatu, langileen parte hartzea ez da aurreikusi ez planaren diseinuan eta ezta planaren garapenean ere. Osakidetzan euskara normalizatuko bada, langileok subjektu eta eragile aktibo garelako izango da.
• Plana inklusiboa izatetik urrun, baztertzailea dela ondorioztatzen dugu. Osakidetzako komunitatearen gehiengoa garen langileon parte hartzea ez aurreikusteaz gain, gure egitekoa aginduak betetzera mugatzen da, euskararen normalizazioaren aldeko eragiletzat hartu eta elkarlana bultzatu beharrean.
• Eredu zaharretan oinarritua dago. Osakidetzaren euskalduntzea belaunaldi berriak euskaldundu ahala, berez etorriko ustean oinarritua dago. Gure ustez, arazoa ez da ezagutza, erabilera baizik, eta helburuetatik oso urrun gaude. Zentzu horretan, Osakidetzako Euskara Planak osasun zerbitzuen funtzionamendua euskalduntzea izan behar du helburu, hori baita euskararen normalizazioan atzera urratsik ez emateko berme bakarra.
• Ez da euskalduntze plan integrala. Lehen lerroko eskubideak bermatzea du helburu planak, harrera zein jendaurreko arreta (administrazioa) lehenetsiz eta plana horretara mugatuz. Osasun zerbitzuetan kasuan, aldiz, lehen lerroan medikuak daude, gaixoari harrera zein arreta eskaintzen diotenak, baina kolektibo honi begirako neurri apalak planteatzen dira, planaren helburuekin kontraesanak sortuz.
• Osakidetzako II.Euskara Plana aurrera ateratzeko ez da diru partidarik aurreikusi EAEko 2014rako aurrekontuetan. Bada garaia, euskararen normalizazioa inbertsio gisa izendatzeko. Gastuen atalean badago, ekonomiaren gora beherekin batera, murriztu ahal izango da. Hortaz, euskararen normalizazioari balio erantsia aitortu eta inbertsio gisa, giza eta baliabide ekonomikoak esleitu behar zaizkio.
• Osasun zerbitzuen euskalduntzea jendartean nagusitu eta Europatik atentzioa jaso zenetik, plana bera helburu bilakatu da Osakidetzako arduradunentzat. Gaur hemen bildu garenontzat, Osakidetzako euskalduntze plangintzak EAEko osasun zerbitzuak euskalduntzea izan behar du helburu (ez plana dugula esatea).

Hortaz, osasun zerbitzuak euskalduntzeko ardatzok Osakidetzako II. Euskara Planak jaso behar dituela uste dugu. Zentzu honetan, dei egiten diogu, euskal langile eta, baita herritarrei ere, osasun zerbitzuak euskaldundu daitezen, akordioen bideari heldu eta, bakoitzaren funtzioak aitortuz, bidea elkarrekin egitera.

ELA eta LAB sindikatuak Darpon sailburuak Parlamentuan egin beharreko agerraldiaren harira, kontzentrazioa egingo dugu gure iritzia plazaratu eta eztabaida parlamentutik jendarteratzeko. 

ELKARRETARATZEA EAE-ko Parlamentu aurrean:
• Otsailak 17, astelehena
• Goizeko 12:00etan
• Lema: Osasun zerbitzu euskalduntza! Osakidetza Euskaraz!
• Sindikatu bakoitzak adierazpenak egingo ditu. 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.