2026-05-21
HomeEkintza SindikalaKontuen Ganberak berretsi ditu LABek Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketa negargarriaren inguruan eginiko...

Kontuen Ganberak berretsi ditu LABek Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketa negargarriaren inguruan eginiko salaketak

Nafarroako Kontuen Ganberak Osasunbideko itxaron zerrenden kudeaketan atzemandako irregulartasunek berriz ere agerian utzi dute nafarrei ematen zaien osasun arretan desparekotasun handia dagoela eta produktibitateen zein deribazioen kudeaketa erabat eztabaidagarria dela. Kontuen Ganberaren txostenak berretsi ditu LAB sindikatuak azken urteetan eginiko salaketak; hau da, nabarmena dela itxaron zerrendak eta produktibitateak beren interesen arabera erabili dituzten zerbitzuburu eta kudeatzaile batzuen utzikeria. Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak horren guztiaren ardura nork duen erabakitzeko garaia da.

Nafarroako kontu publikoak fiskalizatzen dituen erakundearen txostenaren arabera, 2018-2022 aldian Osasunbideak 21,32 milioi euro gastatu zituen itxaron zerrendak murrizteko; horietatik % 39 aldi baterako kontratazioetara bideratu ziren, % 31 aparteko lanaldiak egitera (“peonada” deituak) eta gainerako % 30 pazienteak itunpeko zentroetara bideratzera.

LABen ustez onartezina da Ganberaren txostenak berriz ere erakutsi duen errealitatea, itxaron zerrenden kudeaketa negargarriak eta jardueraren kontrol eskasak ezberdintasunak sortzen ari baitira pazienteen arretan eta langileen jardueran. 108 orrialdeko txostenetik, sindikatu honek honako gai hauek azpimarratu nahi ditu:

  • itxaron zerrendak kudeatzean, ez dira bete espezialitateetako agendak irekitzearekin lotutako irizpideak, diskrezionalitatez ari baitira hori egiten.
  • Osasunbideak ez ditu betetzen pazientearen arreta bermatzeko ezarritako epeak gainditzearekin zerikusia duten arauak, batez ere kontsultei dagokienez.
  • Kontuen Ganberak uste du ez dela betetzen ari pazienteek osasun barrutien artean daukaten berdintasun printzipioa; izan ere, pazientearen osasun barrutiaren arabera, kasu askotan, espezialitate bererako itxaroteko denbora desberdina da.
  • “Interbentzioetan parte hartu duten langileen erregistro falta eta lanaldi arruntean eginikoa aparteko jarduera gisa erregistraturiko jarduerak” aurkitu dituzte. Akats horiek erakusten dute baliabideen kudeaketa guztiz desegokia izatea ahalbidetzen dela.
  • Egoera onartezin gisa, “egiaztatu da pazienteak zitatzeko irizpideak gehiegi pertsonalizatzen direla tartean den zerbitzu medikoaren arabera. Zerbitzuaren arduradunek eta Zuzendaritza/Zuzendariordetza Medikoko arduradunek ez dute egindako jarduera gainbegiratzen”.
  • Osasunbideak ez du eginiko proba diagnostiko guztien estatistikarik, eta kontrol falta horrek ekarri du 2022an 54.000 proba baino gehiago atera behar izatera kanpora (2019an baino 14.000 gehiago).

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaibus handitu eta zerbitzua publiko egitearen aldeko apustua egiten dugu

Alegazioak aurkeztu dizkiegu Bizkaiko autobus zerbitzuaren aurreproiektuei, planteatutako proposamenak ez baitu bermatzen mugikortasun jasangarrirako eskubidea; izan ere, plegu berriek jasotzen dutena eredu eskasa, pribatizatua eta herritarren eta langileen benetako beharretatik urrun dagoena da.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako hamar langiletik zortzik bat egin dute gaurko lanuztearekin

Hezkuntza Sailak erakutsitako jarrerarekiko langileek duten ezinegonaren eta kezkaren erakusle da gaurko lanuztearen arrakasta. Bere konpromisoak bete, eta 2023ko akordio laborala bere osotasunean garatu...

Gasteizko Alestis Aerospaceko langileek mobilizazioak areagotuko dituzte hitzarmenaren negoziazioan benetako aurrerapausorik ez badago

Miñanoko Parke Teknologikoan kokatutako Alestis Aeroespaceko plantillak lanuzteekin hasi du mobilizazio egutegia. Hala, langileek bi orduko geldialdiak egingo dituzte txanda bakoitzean maiatzaren 21an, 26an eta 28an. Ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n lanuzteak lau ordura luzatuko dituzte enpresak pausurik eman ezean.