2026-03-11
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaKontratazio sistema berri bat aldarrikatu dugu Osakidetzaren egoitza nagusiaren aurrean

Kontratazio sistema berri bat aldarrikatu dugu Osakidetzaren egoitza nagusiaren aurrean

LABek protesta ekimena egin du gaur Gasteizen, Osakidetzako zerbitzu zentraletan, langileok esklabo bihurtzen gaituen kontratazio sistemaren ordez, alternatibarik badagoela aldarrikatzeko. Adierazi dugu, neurri zehatzak hartuta, kontratatzeko sistema justu eta gardena lor daitekeela. Europatik etorritako sententziek adierazi bezala, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoetan darabilten kontratazio sistemak prekarizazioa dakar. Honek guztiak ezin argiago uzten du benetako negoziazio kolektiboa abiatu behar dugula, beste gauza batzuen artean, kontratazio akordio berri bat lortu ahal izateko.

Osakidetzako LABek ikasturte osoa darama kontratazioan egiten diren iruzur guztiak salatzen. Hasiera batean, zuzendaritza desberdinek nahi eran kontratatzeko erabiltzen dituzten azpijoko guztiak mahai gaineratu genituen. Bigarren fase batean zehaztu gabeko lan pilaketak salatu genituen. Europar gidalerroen arabera iruzurrezkoak direnez bertan behera utzi behar dituen lan pilaketak.

Oraingo honetan, LABek aldarrikatzen duen kontratazio sistema iragartzera gatoz, gure alternatiba kontratazioan. Ez dira aldarrikapen berriak, Osakidetzari behin baino gehiagotan helarazi baitizkiogu.

Kalitatezko enplegua sortu

-Lanpostu egonkorrak sortuz, lan pilaketa eta errefortzu kontratuak desagerrarazi. Zein kontratu mota dauden eta zertarako erabiltzen diren argitu.

-Bermedun kontratu eskaintzak: iraupen, egutegi eta atsedenaldiei dagokionez kalitatedun kontratuak; 5 egun baino gehiagoko kontratuen hasieran, atsedenaldiak adieraziko dituen lan egutegia banatu; atseden gabe 5 egun lan egin eta gero, edozein lan eskaintza ukatzeko eskubidea edukitzea inolako zigorrik gabe; kontratua, zehaztapen guztiekin, hasi baino lehen sinatzea.

Kontratazio zerrendetan sartzeko sistema erraztu eta ikusgai bihurtu

-EPE bat egin eta gero Osakidetzak sartuko ditu hautagaiak kontratazio zerrendetan. Tramiteren bat ez eginagatik zerrendetatik kanpo geratzeari onartezina deritzogu.

-Lan zentro guztietan kontratazio zerrendei errespetu osoa. Zentro batzuk euren zerrendetatik interinidadeak ematearen kontra gaude.

-Kontratazioaren gardentasuna egiaztatzeko sistemak ezarri. Kontratazio zerrendak eta egindako kontratuak interneten bidez ikusgai jarri.

-Edozein momentuan zerrendetan apuntatu ahal izateko protokoloa sindikatuekin adostu. Zerrenda guztiak beti zabalik.

-Nahi beste lan zentro eta lan jardunaldi aukeratzeko beta edukitzea. Urtean behin aukeraketa horiek aldatzeko epea zabaltzea.

Aurreko guztia, egun indarrean dagoena ez bezala, sindikatuekin negoziatu eta sinatutako kontratazio akordio berri baten beharra agerian uzten du. Langileen eskubideak bermatu eta prekarietatea baztertzeko egindako akordioa. Nahiz eta orain arte Osakidetzako zuzendaritzak horrelakorik ez egin, ez dugu itxaropena galtzen. Mobilizazioaren bitartez negoziazio bideak irekitzera goaz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek oso larritzat jotzen du CCOO sindikatuaren estrategia planifikatua administrazio publikoan euskararen normalizazioaren aurka joateko

Epaile euskarafoboen babespean, euskararen normalizazioa oztopatzen eta langileen artean ideologia baztertzailea hedatzen saiatzen ari da CCOO, langile publikoek, modu argian, euskararen normalizazioaren alde egin...

LAB sindikatuak akordioa lortu du kudeaketa zuzeneko jangeletan, ratioetan hobekuntzak eta lan baldintzetan eta soldatetan aurrerapenak jasoz

LAB sindikatuak, negoziazio mahaian %54,01eko ordezkaritzarekin, aurreakordioa lortu du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan, sektoreko langileak hainbat hilabetez negoziatu...

Lanuzteak eta greba Hazten eta Sortulekun, emakume* eta adingabeentzako zerbitzuen narriaduraren aurka

Hazten eta Sortuleku baliabideetako langileok, otsailaren amaieran egindako azken batzarraren ondoren, martxoan bi lanuzte eta bi greba egun deitzea erabaki dite, bi baliabideek bizi...