2026-10-02
HomeEkintza SindikalaKanpaldia hasi dugu Gurutzetan Osakidetzako garbiketako langileen grebaren baitan

Kanpaldia hasi dugu Gurutzetan Osakidetzako garbiketako langileen grebaren baitan

Osakidetzako garbiketa-zerbitzuaren enpresa esleipendunetako langileok hilabete eta erdi baino gehiago daramagu Greban, gure hitzarmena defendatzeko. Alegia, lan-baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin homologatzea helburu duen hitzarmena.

Horiek izan dira, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru alderdiok (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu genituen joko-arauak, eta horien arabera jardun dugu urteetan eta urteetan.

Hala ere, enpresek eta Osakidetzako zuzendaritza homologazio-printzipioa hausten ari dira, uko egin baitiote Osakidetzako langileei azken urte hauetan aplikatu zaien gaiak egokitzeari eta aplikatzeari.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari, EZ! Besterik gabe, Osakidetzako langileen baldintzen homologazioari eustea eskatzen ari gara: karrera profesionalaren deialdietara sarbidea izatea; txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzea; lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa eta objektiboagoa… Azken batean, eskatzen ari gara lan berdina egiten dugunean, baldintza berdinak izatea.

Enpresa esleipendunek eta Osakidetzako zuzendaritzak elkarri botatzen diote pilota, eta garbiketa-zerbitzuko langileok, berriz, beharrik gabe luzatzen ari den bidegabekeria handia jasaten ari gara.

Maiatzean, gehiengo sindikalak keinu bat egin du negoziazioan planteamendu berri bat eginez; hala ere, enpresak intransigente agertu dira, eta Osakidetzako zuzendaritzak ez dio eskaintzari erantzun.

Egoera honek mobilizatzera eta sektoreko grebak deitzera bultzatu gaitu. Ez gaude prest dagokiguna galtzen uzteko. Dagokiguna defendatzeko erabaki irmoa dugu. Ildo horretan, beste pauso bat emango dugu, eta aste honetan protesta gogortuko dugu; gaur,
Gurutzetako Ospitalearen aurrean kanpaldia hasiko dugu, eta bertan langileok gauak igaroko ditugu, eta eguneko 24 orduetan bertan egongo gara. Programa bat prestatu dugu, eta bertan hainbat jarduera eta mobilizazio egingo ditugu egunero.

Hauteskunde-kanpainan gaudela, mezu bat bidali nahi diogu EAJri, alderdi horretakoa baita Gotzone Sagardui Osasun sailburua, Osakidetzako arduradun nagusia eta, beraz, arduradun politikoa gatazka honetan: iraingarria eta lotsagarria iruditzen zaigu zuen
jarrera. Urtebete baino gehiago irekita daraman lan-gatazka baten aurrean, Osasun Sailak beste alde batera begiratu du, langileekiko erabateko axolagabekeria eta mespretxua erakutsiz; Osakidetzako Zuzendaritzak luzatu dizkiogun bilera-eskaera formalei ez die erantzun, zakarrontzian amaitu baitute. Sagardui andrea kide den alderdiak ez diezagula orain botoa eskatu; erakutsitako bihozgabetasunak agerian uzten du langile-klasearen arazoekiko kezka gutxi edo batere ez duela alderdi horrek.

Gogoan hartuko dugu. Baina argi gera dakizuela eta ez izan zalantzarik; ez gara geldituko duela hamarkada batzuk lortutakoari eutsi eta mantendu arte, alegia, Osakidetzako langileekiko lan-baldintzak homologatu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.