LABek urtarrilean egindako prentsa agerraldian salatu bezala,Gasteizko Parlamentuaren bitartez eskuratutako datuek 2013ko urtarriletik 2014ko azarora bitarte Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoan ia lau mila kontratazio gutxiago egin dituela erakusten dute. Honen aurrean sindikatuak zerbitzu publiko ezberdinetan zerbitzuok hobetu eta garatu, eta honenbestez enplegua sortzeko proposamenak aurkeztu ditu.
Prentsaurrekoaren edukiak
Gaurko agerraldia LAB sindikatua zerbitzu publikoetan azken hilabete luzeetan enpleguaren alde burutzen ari garen dinamikaren baitan kokatzen dugu. Urtarrilean egin genuen prentsa agerraldian salatu genuen bezala, Gasteizko Parlamentuaren bitartez eskuratutako datuek 2013ko urtarriletik 2014ko azarora bitarte Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoan ia lau mila kontratazio gutxiago egin dituela erakutsi digute.
Bertan Osakidetzako errealitatea nabarmentzen genuen, epealdi honetan ia hiru mila kontratazio gutxiago egin direla salatuz; honek langileen lan kargetan, herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean eta orokorrean langabezi tasetan eragin nabarmena izanik. Gainera, lanaldi partzialen gorakadak maila batean datu hauek makillatu egiten dituela aipatu genuen, kontratazioetan eragin kaltegarriena lanaldi osokoetan ematen ari zela nabarmenduz.
Egoera honen jatorrian PNVren gobernuak Madriletik PPk inposatutako neurriei men egin eta bertan aplikatu izana kokatzen genuen: lan astearen luzapena, jai egun ezberdinak kendu izana, bajen ordainketa murriztea eta abar.
Honen harira, eta gaurko prentsaurrekoaren gai zentrala ez bada ere, aurreko astean Eusko Jaurlaritzak udaletxeetara 16 milloi eurotako diru laguntza desblokeatzearen inguruan hainbat apunte mahai gaineratu nahi ditugu. Neurri hau aurreko urteko urrian PNVk "Enpleguaren eta Ekonomiaren berraktibaziorako 2013-2016 programa" delakoaren neurrietako bat da. Diru laguntza horiek jaso dituzten hainbat udaletako ordezkarik salatu duten bezala, herriok dituzten langabezia tasei aurre egiteko erabat ez-nahikoak izateaz eta oso berandu etortzeaz gain, LAB sindikatutik neurrion joko hipokrita salatu nahi dugu. Izan ere, PNVk gobernatzen dituen instituzio nagusietan kontratazioek nabarmen egin dute behera.
Urtarrilean azaldu genuen Eusko Jaurlaritzari dagozkion datuak, baina gaurkoan bere ardurapeko beste bi instituzio nagusien errealitatea aipatu nahi dugu, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalarena, hain zuzen ere. Bertan Gizarte Segurantzaren datuei erreparatuta 2009tik hona kontratazioetan %3ko eta %7,6ko jaitsiera eman delarik, hurrenez hurren. Horrela, hamaikagarren aldiz, Urkulluren gobernua enpleguaren sorreran aitzindaritza itxurak egiten saiatzen den bitartean, antzerki honek talka egiten du bere ardurapeko administrazioan zein bere alderdiak kudeatzen dituen instituzioen egunerokoan darabilen praktikarekin. Izan ere, ez dugu ahaztu behar administrazio hauen eginkizuna herritarroi dagozkigun zerbitzu publikoak eskaintzea dela eta kontratazio hauetan behera egiteak zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duela. Gainera, diru laguntza hauen bitartez egingo diren kontratazioak, beraien aldi baterakotasunagatik zein programa hauetan ohikoa den bezala aplikatuko zaizkien gainerako lan baldintzengatik erabat prekarioak izango dira.
Eusko Jaurlaritzako datuetara bueltatuta, jasotako azkenekoak 2013ko azarokoak ziren, harrez geroztikoak eskatu ditugu eta datu horien emateko epea luzatzeko eskatu du Gobernuak.
Baina gaurkoan PPk Madriletik eta PNVk Gasteiztik enplegu publikoaren eta zerbitzu publikoen suntsiketari dagokionez marrazten diguten errealitate ilunaren gainetik, bi gai hauei dagokienez gauzak beste modu batera egitea badagoela azpimarratu nahi dugu. Alde horretatik, herritarrek kalitatezko zerbitzu publikoak jasotzeko ezinbestekoa den enplegu publikoaren sorrerarako LAB sindikatuak mahai gaineratzen duen alternatiba aurkeztu nahi dugu gaurkoan.
Hala, nagusiki zera da LABek zerbitzu publiko ezberdinetan zerbitzuok hobetu eta garatu, eta honenbestez enplegua sortzeko proposatzen duena:
• Azken urteetan enplegua suntsitzea ekarri duten inposizioak atzera bota: lanaldiaren handitzea, LEPak egin ahal izatea debekua, ordezkapenak mugatzea… atzera bota.
• Enplegu publikoa banatu lan kargak arinduz hainbat neurriren bidez:
â—¦ Lan kargen eta funtzioen balorazioa lanaren banaketa eta baliabideen dimentsionamendu handiagoa egiteko.
â—¦ Ordezkapenak bete.
â—¦ Jubilatzeko adina aurreratu.
â—¦ Lizentzia urtearen (urte sabatikoa) figura orokortu.
â—¦ Aparteko ordurik ez.
â—¦ Dedikazioak berraztertu lanpostu berriak sortzeko helburuz.
â—¦ Zerbitzu gehienetan dagoen aldibaterakotasun maila altua jaisteko, eta lanpostuak egonkortzeko LEPak egin.
â—¦ Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aitortutako eskubideak aintzat hartzeko zerbitzu publikoen eskaintza definitu.
â—¦ Zerbitzu publiko guztien eskaintza unibertsalizazio bidean jarri (zerbitzu soziokomunitarioak, 0-3ko heziketa eskaintza, …)
â—¦ Erratioak jaitsi.
â—¦ Eraiki nahi dugun zerbitzu publikoen bestelako ereduaren norabidean zerbitzuak berreraiki:
â–Ş Lan osasuna hobetzeari lotutako proiektuak zerbitzu publikoetan.
â–Ş Administrazio eta zerbitzu publikoetan genero artean aukera berdintasuna bermatzeari lotutako proiektuak.
â–Ş Zerbitzu publikoen sistema euskalduntzeari lotutako proiektuak.
â–Ş Elikadura subirautzari lotutako proiektuak zerbitzu publikoetan.
â–Ş …
Hau da LABek proposatzen duena eta hau da instituzioetara, nagusiki Jaurlaritza eta Nafar Gobernura zein hauei dagokien Legebiltzarretara eta hauetako talde politikoetara helaraziko duguna, baina batez ere hau da zerbitzu publikoetako lan zentro ezberdinetara borrokatzeko elementu nagusi bezala eramango duguna.
LABen ustez, zerbitzu publikoetan enplegu suntsiketaren gaia hain da larria non borrokarako zentralitate izaera hartu behar baitu langileok aldetik.
Hala, LABek datozen hileotan honako lanketa egingo du:
• Proposamena (sektorez sektore eta azpisektorez azpisektore zehaztua daukaguna) sozializatu lan zentroetan.
• Esan bezala instituzio nagusietan aurkeztu.
• Mobilizazioak:
o Maiatzaren 6an adinekoen egoitzetako erratioak jaitsi daitezen gure proposamena aurkeztuko dugu Iruñean.
o Maiatzaren 8an 11etan Donostiako Groseko anbulategiaren aurrean, osasungintza.
o Maiatzaren 15ean 11etan Gasteizko hezkuntza delegaritza aurrean, irakaskuntza.
o Maiatzaren 22an 11etan Bilboko Eusko Jaurlaritzako Gran Viako bulegoen aurrean, administrazioa.
Baina, LABen ustez kontua ez da soilik hilabete jakin batzuetako mobilizazio dinamika bat abian jartzea, edo egun jakin bateko mobilizazioa egitea. Esan dugun bezala garrantzitsuena zera da, zerbitzu publikoetan enpleguaren aldeko borrokari zentralitatea ematea.
Zentralitatea zein zentzutan? Enpleguaren defentsa besterik ez egitea proposatzen dugulako? Jakina ezetz, beste aldarrikapen batzuk ere ezin garrantzitsuagoak baitira (soldatak, kontziliazioa, pribatizazioak borrokatu, euskera, formazioa, lan osasuna, aukera berdintasuna…).
Baina bai zentralitatea beste zentzu honetan: enpleguaren aldeko borroka zerbait iraunkorra izan behar delako, eta baita enpleguaren aldagaia administrazioaren esparruan hartzen ditugun erabaki guztietan presente egon behar delako (administrazioarekin egiten den edozein akordiok enpleguaren inguruko konpromiso eta neurriak jaso behar ditu, sindikatuen arteko edozein borrokak enpleguaren aldagaia lehen planoan kokatu behar du, urte osoan zehar enpleguaren suntsiketaren kontrako mobilizazio agenda izan behar dugu…).
Hau da LABen konpromisoa eta hau da zerbitzu publikoen garapenari eusten zaiola, eta enplegu publikoa agenda guztien lehen planoan jartzen dela bermatu artean behintzat LABek hartzen duen konpromisoa.