2026-06-19
HomeEkintza SindikalaKalitatezko hezkuntza publikoaren alde, negoziazioari bide emateko exijitu diogu Nafarroako Gobernuari gaurko...

Kalitatezko hezkuntza publikoaren alde, negoziazioari bide emateko exijitu diogu Nafarroako Gobernuari gaurko greba egunean

Ehunka irakasle atera gara kalera LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok egindako deialdiari babesa ematera eta Hezkuntza Departamentuari benetako negoziazioa eskatzera. Arratsaldean berriz ere mobilizatuko gara, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan.

Duela ia hilabete, martxoaren 6an, LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasle guztiak deitu genituen beste greba egun batera, Hezkuntza Departamentuak ez baitzuen inolako erreakziorik izan gure kolektiboak otsailaren 15eko greban planteatutako aldarrikapenen aurrean. Pentsatu genuen Departamentuak azkenean erantzunen zuela eta bilera batera deituko gintuela, benetako negoziazio bati ekiteko, greba saihestearren.

Beste deialdi bat egin ondoren, martxoaren 17ko bilera batera deitu gintuzten. Bilkura hartan ez zuten deus eskaini, eta uko egin zioten berriro negoziatzeari, hezkuntza inbertsioa handitzea ekarriko zuen alderdirik. Itxikeria horrek alde handia dauka administrazioko beste sektore batzuetan erakutsitako jarrerarekin; izan ere, sektore horietan lan eta soldata hobekuntzak lortu dira mobilizatu ondoren, eta 2023ko Aurrekontuen Legea ez aldatuagatik.

Bestalde, martxoaren 27an, Hezkuntza Publikoko hezkuntza itunaren jarraipen batzordea batzartu zen, eta bertan ez daude sindikatu deitzaile guztiak. Bilera horretan, ezin ulertuzko moduan errepikatu zen negoziatzeko prestasunik eza eta, gainera, Departamentuak baliatu zuen manipulatzeko eta hedabideetan negoziatzeko jarrera erakusteko.

Gure aldarrikapenak honako hauek dira:
● Ratioen jaitsiera lineala hezkuntza etapa guztietan.
● Erosteko ahalmena berreskuratzea:
– KPIarekiko soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea
(% 20).
– Administrazio-mailak titulazioetara egokitzea, Bolonia Planaren arabera.
● Egiazkoko behin-behinekotasuna % 8ra murriztea.
● Lan gainzama murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago emateko. Aurreko horrek beste baliabide mota batzuk gehitzea eskatzen du: osasungintzakoak, sozialak, administratiboak eta abar.

Hilabete honetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan egindako 120 asanblada baino gehiagotan egiaztatu eta eztabaidatu ditugu aldarrikapen horiek, eta 100 klaustrok egin dute bat horiekin. Sektorea mobilizatuta dago, etapa guztietan, eredu guztietan eta Nafarroa osoan. Asko gara, borrokan gaude eta entzun egin behar gaituzte kalitatezko hezkuntza publikorantz abiatzeko.

Oraindik garaiz gabiltza benetako negoziazioari ekiteko, baldin eta borondate politikoa badago, eta proposatutako hobekuntzak datorren ikasturtean islatzen hasteko. Aurrekontu partidak ez dira mugiezinak, handitu egin daitezke eta, gainera, baliabideak partida batetik bestera alda daitezke. Ikastetxeetako plantillak ez dira oraindik osatu eta hobetu egin daitezke. Horregatik guztiagatik, ezin diogu mobilizatzeari eta presioa egiteari utzi;Parlamentua desegiteak eta Gobernua jardunean egoteak ez du eragozten neurri horiek ezartzen hastea.

Era berean, garrantzitsua da presioa egiten jarraitzea, talde politiko guztiek gure eskaerak jaso ditzaten, gobernu berriaren akordio programatikoan ager daitezen eta, hori 2024ko Aurrekontuen Legean jaso dadin. Hezkuntza Departamentua benetan negoziatzen hasi arte jarraituko dugu, eta ez gara geldituko kalitatezko hezkuntza publikoa erdietsi arte.

Gaur arratsaldean aukera berri bat dugu, 18.00etan Iruñeako Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan. Irakasleok zein hezkuntza komunitate osoa eta gizarte osoa animatzen dugu parte hartzera, hezkuntza publikoa denon kontua baita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.