Gaur, azaroak 26, Gasteizko Sidenorren aste honetan deitutako hiru eguneko lehen greba eguna dute. LABek eta ELAk deitu dute bidegabe kaleratutako lau lankideak berriro lanpostura itzul daitezen eskatzeko. Grebak enpresaren hainbat sekzio geldiarazita edota baldintzatu ditu.
Kaleratutako langileek euren kategoria erreklamatu eta enpresak hasiera batean onartu bazien ere, erabakia atzera bota eta espedientea zabaldu zien. Ondoren etorri dira kaleratzeak. LABek eta ELAk argi dute jazarpen sindikala dagoela erabakiaren atzean: enpresak kaleratzeekin langileei igorri nahi die mezua, halakorik berriro egin ez dezaten.
Bestetik, UGTk gehiengo osoa duen komitearen jarrera deitoratu nahi dute sindikatu deitzaileek. UGTk, CCOOrekin batera, ez ditu langileen interesak defendatu, eta argudiatu du ez direla enpresa barneko bideak jorratu kategoria eskaerak lortzeko. Onartezina da hori, legeak
baimentzen duen bidea jorratu dutelako langileek. Areago, langileekin egoeraz aritzeko asanblada deitzeko eskatu diegunean, ezezkoa eman dute, enpresak bideratutako foroak horretarako direla argudiatuta. Foro horietan ez daude ez LAB eta ez ELA.
Egoera hori salatzeko, langileek elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dute Sidenorren. Beste enpresetako langileak ere elkartu dira; hala nola, Fibertecnic enpresako grebalariak. Guztiak bat datoz: jazarpenarekin amaitu behar da, eta kaleratutako lankideak berriro lanpostuetara itzul daitezen eskatu dute.

