Nire izena Laura Molina Azanza da. 27 urte daramatzat garraio publikoan lanean, LABeko delegatu sindikala naiz, eta Enpresa Batzordeko kidea. Lerro hauek tristuraz beterik, amorruari eutsiz eta makillatu ezin den minetik abiatuta idazten ditut. Izan ere, 2025eko otsailetik abendura bitartean bizitakoa ez da lan-gatazka huts bat izan; gertatu denak zauri sakona eragin du maila kolektiboan; baita maila pertsonalean ere.
Moventis TCCko greba indartsu, garbi eta aho batez hasi zen. Langile guztiok bat eginik, Batzordeko sindikatu guztiok bat eginik. Aldarri bateratu bat gure benetako beharrei erantzuteko gai ez den hitzarmen zaharkitu eta bidegabe bati aurre egiteko. Argi genuen ez ginela soldatengatik edo lanaldiengatik bakarrik borrokatzen, baizik eta duintasunagatik, bizitza higatuko ez diguten lan-baldintzengatik, errespetuagatik.
Erreferenduma ausardia kolektiboko ekintza bat izan zen. Sendoago atera ginen handik. Harro sentitu ginen langile klase antolatua osatzeagatik. Beldurra eta ziurgabetasuna gorabehera, borrokan jarraitzeari baietz esan genion. Bai borrokari. Bai batasunari.
Eta hilabete luzeak iritsi ziren. Bilera amaigabeak, asanblada bizi-biziak, prentsaurrekoak, eztabaida gogorrak Batzordearen barruan. Talka uneak, ideologia kontrajarriak, benetako tentsioak. Baina gauza guztien gainetik, zera nagusitzen zen beti: elkarrekin joan beharra. Bagenekielako bananduta joanez gero ez genuela ezer irabaziko.
Batasun horrek, askotan, gogobetetzen ez gintuzten akordioak “irentsi” beharra ekarri zuen. Norberaren jarrerei uko egitea. Adostasun deserosoak onartzea. Baina hala egin genuen helburuak merezi zuela uste genuelako. Plantillak merezi zuen. Nik sinetsi nuen. Erabat.
Galdetu nuen. Abisatu nuen. Beldur nintzen norbaitek batasuna hautsi eta berriz ere bere kabuz sinatuko ote zuen, aspaldi gertatu zen bezala, gainerakoak atzean utzita. Erantzuna argia izan zen, irmoa: “hori ez da berriro gertatuko”. Eta fidatu nintzen. Emandako hitzaz fidatu nintzen. Oraingoan denok erabakiko genuela espero nuen. Lorpen kolektiboen balioaz fidatu nintzen.
Baina batasuna hautsi egin zen.
Eta horrekin batera, zerbait hautsi zen nire barruan. Ez da frustrazio sindikala bakarrik. Giza mina da. Borroka honetan gure arima, denbora, energia eta bihotza eman ondoren, une batetik bestera dena nola erortzen den ikustearen sentsazioa bizi izan nuen. Konfiantza eraikitzeko, urteak behar dira, baina segundu gutxi batzuetan suntsitu daiteke. Eta hausten denean, ikusten ez den orbain bat uzten du, orbain pisutsua.
Min ematen duena ez da soilik prozesuaren azken emaitza. Bukatzeko moduak ere min ematen du. Borroka komun bati egindako traizioak min ematen du. Min ematen du sentitzeak partekatutako lan guztiak, ordu guztiek, gainditutako eztabaida guztiek ez dutela ezertarako balio izan. Eta horrela sentitzen naiz: hautsia, ez borrokatu izateagatik, sinisteagatik baizik.
Orain porrota onartu beharra dago. Borroka kolektibo baten porrota, sinatutako itunak ekarriko dituen ustezko “hobekuntzetatik” haratago. Izan ere, hitzarmenik ez dugu lortu. Aitzitik, inposaketa bat dago. Segregazioa dago eredu hori onartzen ez dugunontzat. Eta umiliazioa dago: paper bati men egin behar izatea, gutxi batzuek denon ordez erabakitzen dutela argi uzten duen sinadura bat jarri beharra.
Inposaketak ez du inoiz justiziarik ekartzen. Adostasunak, ordea, inperfektua izan arren, duintasuna dakar berekin. Adostasuna dagoenean, asmatu izana edo huts egin izana besteekin konpartitzen da. Batasuna sendotzen da. Eta batasunik gabe ez dago benetako indar sindikalik.
Eta hala ere, ez diot uko egiten naizenari, ezta sinesten dudanari ere. Baina ezin naiz isildu gertatutakoaren aurrean. Izan ere, emaitza ez ezik, adostasun kolektiboa kontzienteki hautsi izana da mingarriena niretzat. Mingarria da plantillari galdetu gabe erabaki izana, ahotsa kendu baitzaio hainbat hilabetetako sakrifizioen, grebaren eta higadura pertsonal eta familiarraren ondoren. Mingarria da ikustea batasunaren bandera lau haizeetara aireratzen zuten horiek kontrako norabidea hartu dutela azkenean.
Esaten digute ezin zela beste ezer egin. Hori hartu, edo deus ez. Sinatu egin beharra zegoela. Erantzukizun-egintza bat zela. Eta kontakizun hori, faltsua izateaz gain, guztiz iraingarria da. Beti borrokan jarrai daitekeelako benetan sinesten denean.
Auzi honetan, ez dago ezeren salbatzailerik.
Erabakitzea merezi zuen plantilla antolatu bat zegoen.
Eta aukera hori kendu ziguten.
Behetik sortutako greba bat hautsi zen. Langileen agindu argi bat hautsi zen. Azken hitza guztiona izango zelako konpromisoa zapaldu zen. Eta hori ez da erabaki sindikal bat bakarrik: zauri demokratiko bat da. Sindikalismo borrokalariaren oinarrizko printzipioari egindako traizioa da; jendea ordezkatu beharrean, jendearekin batera ibiltzen den sindikalismoari traizioa.
Izan ere, kontsultatu gabe eta gutxiengoa izanik zerbait sinatzen denean, akordio bat inposatzen denean, alternatibarik ez zegoela esaten zaigunean, benetan esaten ari dena da langileek traba egiten dutela, molestatu egiten dutela aurretik hartuta dauden erabaki batzuk baliozkotzen ez dituztenean. Eta horrek min ematen du. Min handia ematen du. Aho-zapore mingotsa uzten duelako, hilabeteetako borroka alferrikakoa izan delako sentsazioa uzten duelako.
Adostasun kolektiboari traizio egiteak azaltzen zaila den hutsune bat uzten du. Amorrua, frustrazioa eta zenbakiekin eta titularrekin sendatzen ez den tristura uzten ditu. Sindikalismoa ez baita soilik baldintza batzuk negoziatzea: konfiantza zaintzea ere bada, emandako hitza errespetatzea, batasunari eustea, are bidea deserosoa bihurtzen denean ere.
Eta hala da, bai: legeak sinadura horiek baimentzen ditu. Baina legezkoa den guztia ez da bidezkoa. Eta legezkotasuna erabiltzen denean kolektiboa apurtzeko, zatitzeko eta inposatzeko, tresna bat izateari uzten dio, eta langile klasearen beraren aurkako arma bihurtzen da.
Gaur, nire mina bene-benetakoa da. Porrotaren sentsazioa ere bai. Ez dut onartzen sinadura hori garaipen gisa saltzea. Ez da garaipen bat. Batasuna azkenera arte mantentzen ez jakitearen edo mantendu nahi ez izatearen porrota da. Jendearen gainetik erabaki izanaren porrota da.
Hala ere, ez dut abandonatu nahi elkarrekin indartsuagoak garelako ustea. Ez diot uko egiten borrokan sinesten duen sindikalismoari, lehenengo zailtasunak aurkitu bezain pronto amore ematen ez duen horri, zeinak ez baitu inolako salbatzailerik behar, bere jendearengan konfiantza duelako. Jarraituko dut pentsatzen akordio justuak ez direla sinatzen plantillari bizkarra emanda eta gehiengoa izan gabe, duintasuna ez dela inposatzen, eta batasuna ez dela eslogan bat, erantzukizun-egintza bat baizik.
Eta orain zera galdetzen diot neure buruari, baita zuei ere:
Zer prezio ordaintzeko prest gaude batasuna hausteagatik?
Kolektibitate izaera galtzen denean, denak balio du?
Konfiantza hausten denean, nori dagokio konfiantza hori berriz eraikitzea?
Inposaketatik eta adostasun-faltatik sortzen den akordio bati garaipena deitzen al diogu?
Gertatutakoaren ondotik, ikasiko al dugu batasunik gabe ez dagoela duintasunik?

