2024-04-19
HomeIndustriaMetalgintzaIncoesako langileek itxialdia hasi dute Bediako Udaletxean

Incoesako langileek itxialdia hasi dute Bediako Udaletxean

Incoesako langileak plantilla osoari eragiten dion enplegu etete EEEaren kontsulta epeko amaieran aurrean euskal instituzioen inplikazioa eskatzeko lau egunetako itxialdiari eman diote hasiera.

Incoesako langileek, euren lanpostuen defentsan eta Bediako lantegiko jarduera produktiboak aurrera egin dezala eskatuz 284 egun greba mugagabean egin eta gero, gaur goizean langile batzuk Bediako Udaletxean sartu dira eta itxialdia hasi dute bertan, euskal instituzioen inplikazioa exijituz Arratiako lantegiaren itxiera sahiesteko.

Eguerdiko 12:00etan prentsaurrekoa eskaini dute bertan ekimenaren eta jasaten ari diren egoeraren berri emateko eta euskal instituzioei enpresaren itxiera ekarriko duen erabakiaren kontra inplika daitezen eskatzeko.

Aldarrikapen hauekin eta "Incoesa SOS" lelopean elkarretaratzeak egingo dituzte egunero, martxoaren 6tik 10era, eguerdiko 12:00etan.

Incoesako langileen irakurketa
«Incoesako langileek 284 egun daramatzate greban lanpostuen defentsan eta ekoizpen unitatea Bedian mantentzearen alde, eta gaur Arratiako itxieraren aurrean instituzioen inplikazio zuzena eskatzeko itxialdia hasi dute Bediako Udaletxean.

Langile guztiak kaleratzeko enpresak aurkeztutako EEEaren kontsulta epealdia bukatzeko 4 egun falta diren honetan, langileek euskal Instituzioek eta bereziki, Arantza Tapia, Lehiakortasun eta Garapen Ekonomikorako sailburuak beraienganako erakutsi duen utzikeria salatu nahi dute.

Denbora guzti honetan, denon artean indarrak batu eta enpresak aurrera eraman nahi duen deslokalizazioari irtenbide bat bilatzeko helburuarekin enpresa zuzendaritzarekin zein instituzio ezberdinekin elkarrizketak mantentzeko saiakerak egin diren arren, ordezkari ezberdinen bitartez Sail honek eman dituen konpromisorik eta erantzukizunik gabeko erantzunak izan dira.

Arantza Tapiak, pleno batean, Incoesari 2.000.000 euro eman izana onartu zuenetik, langileok hainbat aldiz eskatu dute Lehiakortasun eta Garapen ekonomikorako sailburuarekin biltzea. Azkena, pasa den astean izan zen, kafetegi batean zegoela, langileek berarengana hurbiltzea erabaki zutenean. Bertan ere, aitzakia merke eta konpromisorik gabeko erantzunak eman zituen.

Gaur egun arte, Eusko Jaurlaritzako Industria, Ostalaritza eta Turismo Saileko Teknikoekin biltzeko aukera baino ez dute izan. Eta bilera horretan, teknikoak 2.000.000 euroen azalpen orokorrak ematera mugatu ziren, deslokalizazio honen aurrean, enplegua eta unitate produktiboa bertan mantentzearen aukeraren inguruan hitz egiteko aukerarik eman gabe.

Epaitegiek, enpresak martxan jarritako lekualdatzeak baliogabetu eta Bizkaiko Foru aldundiak deslokalizazioa zigortzeko enpresak 150.000 euro itzultzeko mekanismoak martxan jarri dituzten bitartean, Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratzeaz gain, Gorka Etxabek, sail horretako teknikoak, Incoesaren itxiera “lokalizazio estrategikoa” bezala aurkeztu du.

Onartezina da, Iñigo Urkulluk eta Arantza Tapiak, enplegua eta industriaren inguruko titularrak betetzen dituzten bitartean praktikan Incoesak hartu duen erabakiaren aurrean ikusle hutsak izatea eta deslokalizazio hau diru laguntzekin subentzionatzea.

Langileei hurrengo galderak bururatzen zaizkie: Nola da posible, Bizkaiko Foru aldundiak deslokalizazio baten aurrean aurkitzen garela esatea eta Eusko Jaurlaritzak lokalizazio estrategiko bat baino ez dela esatea? Jasotako diru laguntzak itzultze aldera, zergatik Corrugados Azpeitiak bai eta Higinio Artetak ez?

Gaur hasitako itxialdiaren helburua, azken txanpan, guztiok honen partaide izateko deia luzatzea da. Ondorioz, eragile sozial, sindikal eta politiko eta baita instituzioetako ordezkariei ere, bakoitzari dagokion arduratik, Bediako Udaletxera hurbildu, langileei babesa erakutsi eta Arratiako eskualdearen alde borrokatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.

Orain, inoiz baino argiago dugu bideragarria dela eta gatazka hau konpontzeko borondatea baino ez dela falta.»
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.