2024-04-26
HomeIndustriaMetalgintzaIncoesako langileek benetako konpromisoak eskatu dizkiete instituzioei enpresa deslokalizatu ez dadin

Incoesako langileek benetako konpromisoak eskatu dizkiete instituzioei enpresa deslokalizatu ez dadin

Gaur Trafos, Trafodis, Magnéticos Bedias, Bobinados Bidekoetxe eta Calderería Arratiako langileok, guztiak INCOESA talde enpresarialeko langileak, 122. eguna betetzen dute greba mugagabean. Prentsaurreko baten bidez instituzioei benetako konpromisoak eskatu dizkiete enpresa deslokalizatu ez dadin. 

INCOESAko langilen irakurketa

Maiatzaren 27an hartu genuen greba abiatzeko erabakia ulertzen genuelako gure lanpostuak eta Arratiako ehundura industriala eta eskualdearen geroa defendatzeko modu bakarra zela.

Incoesako langileok hasieran esan genuen enpresa honen jarduera deslokalizatzeko ahalegin baten aurrean geundela, hau da, jarduera Bediatik Soria eta Extremadurara eramatea. Eskaintzen ziguten lekualdaketa iruzurra zen. Ez gintuzten nahi ez leku batean ez bestean. Gutaz libratzeko modurik merkeena baino ez da, hau da, ahalik eta gutxiena ordainduta kaleratzea. Hartzekodunen lehiaketak enpresa likidatzeko modua izan nahi du, enpresarekin behin betiko amaitzeko modua.

Mobilizazioaren bidez salatu dugu deslokalizazio hau. Denbora guzti honetan zehar epaitegi eta instituzio guztietako ateak jo ditugu: Bediako Udala, Arratiako Mankomunitatea, Gasteizko Parlamentua.

Enpresaren aurrean jarri gara eta egoera latzak bizi izan ditugu, pasa den astekoaren antzerakoa. Gure ustez, pasa den asteartean langileen greba eskubidearen kontrako eraso larria burutu zen. Gure lanpostuen alde borrokan egiteko eskubidea zapaldua izan zen zuzendaritzaren interesen aurrean.

Kolpatu eta umiliatu egin behar izan gaituzte, azkenean, Bizkaiko Foru Aldundiak 2007an deslokalizazio enpresarialen kontra onartu zuen arau foralaren ezarpena aztertuko duela iragarri eta enpresak jasotako dirulaguntzen kopuruen berri izan dezagun. Arauak, jasotako dirulaguntzak itzultzeaz gain, aurreikusten du, etorkizunean, neurri deslokalizatzaileak hartu dituzten enpresa eta pertsonek mugatua izango dutela beste laguntza batzuekiko sarbidea. Gure gainetik pasatu behar izan dute, literalki, Aldundiak saritutako enpresario hauek azken urteotan ia 200.000 eurorekin finantzatu dituela jakiteko

Ez dugu isunik nahi. Bizkaiko Aldundiari exijitzen diogu enpresaren aurrean jar dadila deslokalizazio hau eragozteko eta Incoesa Bediak bere jarduera produktiboarekin jarri dezan.

Horixe bera eskatzen diogu Gasteizko parlamentuari, hau da, gure ehundura produktiboaren suntsiketa eragozteko borondate politikoa. Zenbait komunikabidetan argitaratutako informazioen arabera, Gasteizko gobernuak Incoesari emandako laguntzak ia 600.000 eurotakoak dira. Enpresak jarreraz alda dezan, aipatu bi instituzioek eskura dituzten tresna guztiak aktiba ditzaten nahi dugu.

Ikusle soila izateari utzi eta gatazka honen konponbidean gakoa izatea borondate eta erantzukizun politiko kontua da. Erantzukizun hori espero dugu Bizkaiko Aldundia eta Gasteizko gobernutik. Badakigu dirulaguntzok bueltatu behar baditu enpresari eragiten zaion presioa determinantea izan daitekeela enpresak Incoesa Bediaren itxiera berrazter dezan.

Lankidetzarako deia
Planifikatutako deslokalizazio baten azken atalaren aurrean gaude. Eta bada arazoa larritzen duen kontu bat, hartzekodunen lehiaketa erabiltzen ari dira doakoa izan dadin. Injenieritza enpresarialaren fruitua da guztia hemen enpresa bat itxi eta beste leku batera eramateko modurik merkeenean. Enpresak kaleratze kolektiboa burutu nahi du Incoesako langileentzat onartezina den lekualdatze kolektibo batez mozorrotuz.

Enpresaren zuzendaritzak, modu bitxian, enpresa taldearen parte bezala onartzen ez den enpresa batera – bata Extremaduran eta bestea Sorian- lekualdatzea proposatzen du. Enpresa talde bat den ala ez argitu beharko da, bestela, lanpostu lekualdaketari dagokion figurak ez luke oinarri juridikorik izango. Benetako zentzugabekeria laboral, juridiko eta ekonomikoaren aurrean aurkitzen gara.

Incoesako langileek Bediako enplegu eta ehundura produktiboaren defentsan egindako lanak ahalbidetu du egungo egoera. Mobilizazioa eta instituzio publikoekiko interpelazioari esker lortu zen, ahobatez, Batzar Nagusien eta Gasteizko parlamentuko plenoek langile hauekin konpromiso batzuk hartzea. Konpromiso hauek Incoesak jasotako dirulaguntzak berrikustea jasotzen dute, deslokalizazio eta enplegu-suntsiketaren arriskuaren aurrean.

Instituzioek euren eskura dute arlo ekonomikoan eta modu eraginkorrean enpresaren jarrera baldintzatzea. Guk, gure partetik, iragartzen dugu harremanak hasiko ditugula langileek, instituzioekin batera, enpresa presiona dezaten, momentuz, 780.000 eurotik gertu dauden dirulaguntzak jasotzeagatik. Enpresak Bedian jarrai dezan nahi dugu eta erantzun behar duteneko zenbatekoak balio dezala Higinio Arteta, bere semeek eta bazkideek uler dezaten deslokalizazioa burutzea ez zaiela errentagarria izango.

Instituzioek –Aldundia eta Gasteizko gobernua- egoera honetara iritsi nahi badute, posible den lankidetza guztia jasoko dute Incoesako langileengandik. Langileekin batera itxiera borrokatu nahi badute, enpresa berton geldituko da.

Amaitzeko, Incoesako langileek kontzentrazioa burutuko dute irailaren 30ean Iberdrola Dorrean, azken enpresa honen bulego nagusien aurrean, Incoesaren itxiera salatzeko. Iberdrola da egun, Incoesaren bezero nagusia. Iberdrolak nahi ez badu, Incoesa ez da itxiko.  

   

LAB sarean
{module[111]}

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIAK ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.