2026-10-02
HomeIrakaskuntzaHeziketa BereziaHeziketa Berezian ezartzen ari diren murrizketak salatu dituzte LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO...

Heziketa Berezian ezartzen ari diren murrizketak salatu dituzte LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek

Atzo, LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuek deituta Heziketa Bereziko Kolektiboan, baliabide tekniko zein profesional guztietan ezartzen ari diren murrizketak salatzeko elkarretaratzea burutu zen.

HEZIKETA BEREZIA. 11 URTETAKO UTZIKERIAREN KRISIA
LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO eta UGTren irakurketa

LAB, ELA, STEE-EILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Hezkuntza Sailari bideratutako aldarrikapenek zein Lan Hitzarmen negoziatu baten aldeko azken 7 negoziazio mahaiek ez dute inolako erantzun positiborik izan Administrazio honen aldetik.

Heziketa Bereziko Kolektiboan, baliabide tekniko zein profesional guztietan ezartzen ari diren murrizketak salatzeko eta Sailaren 11 urtetako utzikeriak Hezkuntza Berezian eragiten ari den egoera jendartearen aurrean agertzeko jo dugu komunikabideetara, gure salaketa publikoa egin dadin. Arrazoi nahiko ditu kolektibo honek bere egoera jendarteari ezagutarazteko.

Hezkuntza Premia Bereziak dituzten 1300tik gorako ikasleen banakako arreta ematen jarduten dugun langileok (Espezialistak, Fisioterapeutak, Keinu Hizkuntzako Interpreteak, Lan-Terapeutak,Logopedak,Transkriptoreak…) 11 urte daramagu Lan Hitzarmen berri bat negoziatu nahian. 2003. urtetik daukagun Lan Hitzarmena ez eraberritzeak langileen lan baldintzen okertzea ekarri du. Ondorioz, kolektiboan lan egitea guztiz zaila bilakatu delarik. Hezkuntza Sailak, kolektibo honek jasaten duen egoera hau arintze aldeko inolako ahaleginik ez egiteaz gain, kontsolidatutako eskubideen urraketak dakartzaten aldebakarreko erabakiak ere hartu ditu. Kontuan izanda, adibidez, murrizketak, ez direla gaur egungo krisialdiak eragindakoak, 2004-05 ikasturtetik honako ikasturte guztietan ezarritakoak baizik.

Langileen lan-baldintzen okertze honen adierazleen artean hauexek nabarmendu beharra dago:

• Ratioen handitzea, atenditu beharreko ikasle kopuruaren handitzea

• Asteko 41,5 ordutako jardunak ezartzea

• Langileen lan zama handitzea (hazkunde 0 kontratazioan) eta ondorioz, kalitatearen gutxitzea zerbitzuan.

• Langile ordezkoen diskriminazioa, Administraziopeko beste kolektiboekiko, udako hilabeteak ez kobratzean

• Erdi mailako langileen (Fisioterapeutak eta Lan-Terapeutak) diskriminazioa, irakasleekiko homologazioa ez gauzatzeagatik izozketa–

• Lanpostuen ezegonkortasuna

• Lanpostuak betetzeko hizkuntza eskakizunak ez errespetatzea

• Barne Formakuntzarako akordioak ez betetzea

• Eskolaz-eskola aritzen diren langileei, itinerantzien zama berauen gain botatzea
Ingeleseko barnetegiek edo kablerik gabeko ordenagailuek berehalako oihartzuna izaten dute jendartean eta komunikabideetan; letra handiko (eta letra txikiko) titularrak lortzen dituzte.

Heziketa Bereziak zenbaki txikiak baditu ere (heziketa premia bereziak dituzten ikasleak eta Heziketa Bereziko langile ez dozenteak, eskola komunitatearen %3,5a dira) balore handiko zerbitzua ematea du helburu: hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek gainontzeko ikasleek dituzten aukera berdintsuak edo handiagoak izatea, berauen inklusiorako bideak erraztuz.

Gure ustetan heziketa premia bereziak dituzten ikasleak ezin dira izan murrizketen politika bortitz hau pairatzen dutenak, ikasle guztiek eskubide berdinak izan behar dituzte, eta, heziketa bereziko premiak dituzten ikasleen benetako inklusioa bermatzeko erantzun berezituak behar dituzte eskola komunitatearen aldetik; horretarako Hezkuntza Sailak baliabide gehiago jarri behar ditu eta ez gutxiago. Ikasle hauen beharrak ekonomiaren egoeraren gainetik egon behar dira. Lotsagarria deritzogu bai aurreko Hezkuntza Administrazioak, baita egungoak ere, laguntza gehien behar duten ikasleekin horrela aritzea.

Ikasle hauen familiei argi eta garbi adierazi nahi diegu profesionalok ez dugula etsiko gure eskaera eta erantzunean, jatorriz ahula den kolektibo honekin lanean gogoz aritzen eta arituko garela.

Hezkuntza Sailari eta bere buru den Cristina Uriarte Sailburuari, Hezkuntza Berezian ezartzen ari diren murrizketak(igoera zero) bertan behera uztea exijitzen diogu. Kalitatezko hezkuntza publikoa, inklusiboa eta integrala eskaini nahi badu, kontuan izan behar baitu ikasle hauen benetako beharrei erantzun zintzoa ematea dela bidea; ikasle hauek behar dituzten baliabide tekniko zein pertsonalekin zekenkeriarik gabe jokatzea ez beste dela bidea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.