2026-02-03
HomeEkintza SozialaHendaiako komisaldegira deklaratzera joan behar izan duten kideak atxilotu egin dituzte

Hendaiako komisaldegira deklaratzera joan behar izan duten kideak atxilotu egin dituzte

Pertsona migratzaileei laguntzeagatik frantziar poliziaren konbokazioa jaso duten zazpi kideen artean daude LABeko bi kide: Ipar Euskal Herriko bozeramale Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi. Elkartasunak lege murriztaileak eta muga artifizialak gainditzen dituela azpimarratuta, jazarpena eteteko eta harrera duina bermatzeko eskaria zabaldu dute konbokatuek.

80 eragilek baino gehiagok babestua zuten gaur goizean Hendaiako komisaldegiaren atarian militante horiei sostengua adierazteko deia eta, hala, txalo artean jaso dituzte. Hantxe izan dira, besteak beste, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta sindikatu honetako beste hainbat kide. Pertsona migratzaileei harrera duina egokiteko, pertsonen joan-etorri askea eta giza eskubideak defendatzeko borrokan ari dira militante horiek, are beren askatasuna arriskupean egon daitekeelarik ere. Hain zuzen, gaur komisaldegira bertaratzean jakinarazi diete zaintzapean atxilo hartuko zituztela.

Babesa adierazi dieten eragileek nabarmendu duten bezala, “elikagaiak banatzea, arropa ematea edo aldi baterako ostatu ematea ez litzateke inoiz zigortu behar. Elkartasuna kriminalizatu eta zigortu nahi dute”. Gauzak horrela, Frantziako Gobernuari errepresio hori bertan behera utz dezala eskatzen diogu, eta ezin dugu nabarmendu gabe utzi ekintzaile hauek pertsona guztientzako eskubide guztiak premisa betearazteko eginiko lanaren garrantzia.

Une honetan mundu mailan milaka pertsona desplazatzen dira, neurri handi batean beren jatorrizko herrialdeetan Europak sustatutako arpilaketaren eta gatazka belikoen ondorioz. Bada, bere burua giza-eskubideen zaindaritzat izendatzen duen frantziar estatua inflexio-puntu erabakiorrean dago bere lurretara iristen diren migratzaileekiko harrerari eta ekintzaileei laguntzeari dagokienez.

Frnntziako Gobernuaren azken adierazpen eta ekintzek, batez ere Bruno Retailleau Barne ministroarenek, oso mezu kezkagarria igortzen dute giza eskubideei dagokienez. Aterpe-eskatzaileen eta ekintzaile solidarioen aurkako errepresioa areagotu izana salatzeko hainbatek eta hainbatek ahotsa altxatu badute ere, oinarrizko eskubideekiko eta migratzaileentzako harrera duinarekiko konpromisoa berrestea premiazkoa da. Genevako Konbentzioa eta Adingabeen Babeserako Karta, frantziar estatuak duela ia 40 urte sinatua, errespetatu egin behar dira.

Pertsonen zirkulazio askea oinarrizko eskubidea dela berresten eta exijitzen dugu. Militanteen jazarpen polizial eta judiziala geldiaraztea eskatzen dugu, huts eginiko estatu baten gabeziak arintzeko baino ez baitu balio. Elkartasuna ez da delitua, eten dezagun Harrera Herria egunez egun eraikitzen dutenekiko kriminalizazioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...