ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek gutxieneko soldataren aldeko herri-ekimen legegilerako sinadurak erregistratu dituzte gaur Legebiltzarrean. Hiru hilabete eskasetan 138.495 sinadura jaso dituzte, erabateko arrakasta izan dena, eta gaur bertan erregistratu dute Legebiltzarrean, irailean eztabaida abiaraz dadin.
Sinadura bilketa uztailaren 30ean amaitutzat eman zuten, aurreikusitakoa baino hiru hilabete arinago. Helburua bete izanik, lege-proposamenaren izapideak azkartzea lortu dute.
LAB sindikatuak adierazi du, izugarria izan dela euskal langileriak emandako erantzuna. «Hilabete gutxitan sinadura kopuru oso altua lortu dugu. Gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzeko helburua duen herri ekimen legegile honen bidez, Euskal Herriko langile askoren lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera ireki dugu; pobrezia murriztu, soldata arrakalak txikitu eta prekarietateari aurre egiteko proposamena da hau. Gainera, herri honen burujabetzan aurrera egiteko tresna izan daiteke».
Sindikatuok eta langileriak gure ardura bete dugu, eta orain Eusko Legebiltzarrari dagokio berea betetzea. Gutxieneko sinadurak jaso direla egiaztatu ondoren ohiko lege proposamenak bezala tramitatuko da, eta hortik aurrera alderdi politikoen esku egongo da herri ekimen legegile hau aurrera eramatea edo ez. Zentzu horretan, legebiltzarreko alderdi politiko guztiak interpelatzen ditugu, herri ekimen legegile honek bere bidea bururaino egin dezan eta behar duen babesa jaso dezan.
Guk lanean jarraituko dugu: patronala lanbidearteko akordiorako negoziazioetara esertzera behartzeko borrokan, eta gutxieneko soldata ezartzeko beharrezko eskumenak eskuratzeko lanean. Ziur gaude, modu batean edo bestean, lortuko dugula.
Sinadura bilketak erakutsi du Hego Euskal Herriko langileek apustu egiten dutela gutxieneko soldata propio baten alde. ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek argi erakutsi zuten bilketa martxan jartzean: kohesio sozialerako eta pobreziari aurre egiteko tresna den gutxieneko soldataren gainean arautzeko eskubidea ezinbestekoa da. Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoa Espainiakoarengandik oso bestelakoa da, eta Espainiako gutxieneko soldatak ez du balio Euskal Herriko langileak pobreziatik ateratzeko, lanaldi osoko lanak izanda ere. Langileek mezu hori ulertu dute, eta jasotako sinadurak atxikipen horren seinale dira.
Eusko Legebiltzarrean erregistroa egin ondoren, sindikatuek alderdi politiko guztiei eskatu diete gutxieneko soldataren lege-proposamena ahal bezain pronto izapidetu dezatela, eta aldeko botoen bidez Espainiako Kongresuari adieraz diezaiotela euskal gizarteak 138.495 sinadurekin erakutsi duena: gutxieneko soldata propioa izateko borondate irmoa dagoela.
Halaber, langileen sinadurek erakutsi dute CONFEBASK ez dela gai enpresetako langileen nahiak asetzeko, eta gizartean euren pribilejioen defentsa egiten duten enpresariak bakarrik ordezkatzen dituela. Bere eredu ekonomikoa langileen esplotazioan oinarritzen dela azpimarratu dute sindikatuek, eta uste dute 138.495 sinadura horiek balio behar luketela CONFEBASKek jarrera demokratikoagoa izan dezan eta negoziazioari bide eman diezaion.
Sinadurak Eusko Legebiltzarrean erregistratu ondoren, mobilizazio fase bati amaiera eman diote sindikatuek, baina iragarri dute udazkenean fase berri bati ekingo diotela. Helburua izango da langileen indar erakustaldi berrien bidez sinadurek erakutsitako atxikipena instituzio guztietan errespetatua izan dadin.

