LAB sindikatuak udal eta foru administrazioko delegatuen batzarra egin du gaur ostirala Gasteizen. Batzarraren ostean Arabako Foru Aldundiaren aurrean, elkarretaratzea burutu dute udal-erreformaren aurka eta ekarriko dituen kalteak salatzeko. 

GURE UDALERRIEN DEFENTSAN
UDAL ERREFORMARI EZ!

LABen salaketa

Urriaren 17an Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Jasangarritasunari buruzko Lege proiektuari aurkezturiko osoko emendakin guztiak atzera bota ditu Espainiako Kongresuan PPk, UPN eta PNVren laguntzarekin. Beraz, Lege proiektua Espainiako Senatura doa eta abenduaren 18aren inguruan Kongresuan behin betiko onarpena eman eta gero, 2014ko urtarrilean lege hau indarrean sartuko da.

PNVk eta UPNk PPren proposamena legitimatu egin dute. Bi alderdi hauek lortu dute PPk nahi ez zuen argazkia saihestea: bere bakardadea guztien aurrean (Wert legearekin -LOMCE- gertatu zen bezala). Ildo horretan, EAJk–PPk sinaturiko akordioak ez du bermatzen Euskal Herrian lege hau aplikatuko ez denik, oinarrizko legea baita. Soilik lortu du Foru Aldundiek legearen garapena egitea, baina jakin gabe nola egingo den. Akordio nahasia eta ez-nahikoa da. Eta egoerak larria izaten jarraituko du, batez ere 20.000 biztanle baino gutxiagoko udaletan (% 93a Hego Euskal Herrian). Ez dago argi zer gertatuko den 2014ko urtarriletik aurrera hainbat udal zerbitzurekin (Musika Eskolak, Haur-eskolak, euskaltegiak, Kontsumitzaileen Zerbitzuak, zerbitzu sozialak, etab.), emaitza ekonomikoen araberako udal kudeaketa eredua inposatzen badute.

Udal Administrazioaren Erreformak eskubide sozial eta laboralen murrizketa berri bat da:
– Udalen eta toki administrazioen konpetentziak eta finantza-baliabideak murrizten ditu, zerbitzu publikoak herritarrengandik urrunduz beste instituzioetara. Eskuduntza aldaketa horretan enplegua galduko da, bai Administrazioko langileena, zein Administrazioak kontratatutako langileena. Eta zerbitzuak murriztuko dira kantitatean eta kalitatean.

– Zerbitzu publikoen merkantilizazioa bultzatzen du, hauen prestazio publikoa arriskuan jarriz eta enplegua publikoa suntsituz.

– Estatuaren aldetik udalen kontrol ekonomiko eta finantzarioa areagotzen du.

– Toki-administrazioen langileon baldintzak jomugan jartzen ditu, negoziazio eskubidea praktikan deuseztatuz.
Bestalde, Estatuaren esku konpetentziak birzentralizatzeko prozesuan sakontzen du, Hezkuntza arloan LOMCE edo Wert legearekin egiten den bezala. Esan dezakegu Udal Legearen erreforma eta LOMCE direla azken hamarkadetan Euskal Herriaren kontra diseinaturiko erasorik bortitzenak. Bi erreforma hauek ekartzen dute frankismoaren buelta. LOMCEk Estatuaren doktrinamendu frankistaren eskolara garamatza eta Udal Erreformak Estatuaren egitura frankistara, non idazkariek eta kontu-hartzaileek, Estatuaren aginduz, udalak kontrolatzen dituzten. Hau praktikan herritarron erabakitze ahalmenaren kontrako kolpe berri bat da: udal hauteskundeek balio gutxi izango dute benetan agintzen dutenak Madrilen agindupeko idazkariak badira.

Udal autonomiaren, herritarron erabakitze eskubidearen eta Administrazioko langileon negoziazio-eskubidearen kontrako eraso hau gaitzetsi eta Euskal Herriko herritarron beharretara egokitutako gure instituzio-antolaketa erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, inolako kanpo esku-sartzerik gabeko Udal Lege Propioa onartu eta martxan jarri eta herritar guztiontzako kalitatezko zerbitzu publikoak eraiki ahal izateko.

Salatu nahi dugu ere PNVk eta UPNk PPri emandako laguntza. Lege proiektu honen kontrako osoko emendakin guztiak atzera botaz, proiektua legitimatu eta bere tramitazioarekin aurrera jarraitzeko bide eman diote. Funtsean hiru alderdi hauen proiektu politikoek bat egiten dutelako eta erreforma honi esker UPNk eta PNVk murrizketa gehiago aplikatzeko eta enplegua suntsitzenk jarraitzeko aukera izango baitute.

LAB sindikatuak udal eta foru erakundeetako Enpresa Komite eta Pertsonal Batzordeetan proposamen bat aurkeztuko du delegatu guztien eskutik erreforma honen kontrako atxikimenduak jasotzeko. Gainontzeko sindikatuei dei egiten diegu gure eskubide sozial eta laboralen defentsan elkarlanerako: Eredu ekonomiko eta sozial berri baten beharra ikusten badugu eta eredu hori euskal herritarrok euskal herritarrontzat sortua izan behar dela ados jartzen bagara, denon artean eraso hauek geldi ditzakegu.

Udal eta foru instituzioei ere eskatu nahi diegu inposizio berri hau ez aplikatzeko. Gure Herriaren kontra espainiar Estatuak ezartzen duen inposizio guztiei aurre egingo diogu. Lege hau Euskal Herrian aplikaezina bihurtzea lortu behar dugu. Eta lortuko dugu!

Azkenik, udal eta foru administrazioetako langileei eta administrazio hauek kontrataturiko enpresetako langileei ere dei egiten diegu Udal Administrazioaren Erreformaren kontra antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko.

EUSKAL HERRIAN LAN ETA BIZI, BERTON ERABAKI! UDAL LEGE PROPIO BATEN ALDE!
 

LAB sarean
{module[111]}