2026-10-28
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaGreba Osakidetzan: Osasungintza publikoa dago jokoan

Greba Osakidetzan: Osasungintza publikoa dago jokoan

 
«Arrakastatsua izaten ari da Osakidetzan burutzen ari den laugarren greba eguna»
Gaur Bizkaiari egokitu zaio txanda. Lanuzteen agenda potenteak eragiten duen nekea eta zuzendaritzek jarritako oztopo guztien aurrean (batez ere inposaturiko gehiegizko zerbitzu minimoak), grebara atera diren langileen kopurua gorantza doa.
Jaso ditugun informazioen arabera, Osasun zentro askotan soilik egin dute lan zerbitzu minimoek eta baten bat erabat itxi, Bilboko Altamirako zentroa kasu. Bestaldetik, ospitaleetan ere erantzuna handia izan da (masiboki zelari, eginkizunetako eta mantenimenduko pertsonalaren artean) eta zenbait zuzendaritza estu eta larri ibili dira. Aipatzekoa da Gurutzeta ospitaleko kasua, non zuzendaritzak onartu egin du FIVTEko (fertilitate kirofanoa) pazienteen oheak familiak berak gelaraino eramatea.

Bestaldetik, milaka langilek hartu dituzte Bilboko kaleak Osakidetzako borroka denona dela gogorarazteko: kalitatezko osasun zerbitzu publikoaren defentsa.

Asteleheneko mahai sektorialeko batzarrean Osakidetzaren proposamen seriorik ezak are gehiago piztu ditu animoak. Ez dago akordioa ez eskuratzeko aitzakiarik. PNVk aurrera ateratzen badu Ertzaintzaren EPEa eta beste administrazio batzuetan akordioak eskuratzen badira, ez dugu ulertzen zergatik ez Osakidetzan.

Hurrengo ostegunean Osakidetzako zentro guztietan 24 orduko greba egingo dugu. Uste dugu akordiorako aukera badagoela, baina ez dugu nolako adar jotzerik onartuko. Gure gutxieneko aldarrikapenak kontuan hartu ezean, urtarriletik aurrera hilabeteotan luza daitekeen konfrontazio fase berriari ekingo diogu. Pilota eusko jaurlaritzaren aldean dago.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.