2026-11-03
HomeIndustriaMetalgintzaGipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena indarrean dago, ADEGIk porrot egin du

Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena indarrean dago, ADEGIk porrot egin du


Epaitegi Gorenak emandako sententziak Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena indarrean jarraitzen duela esaten du. Ebazpenak ez du, inolaz ere, hitzarmena indargabetu, ez baitu honi buruz ezer erabaki. Are gehiago, sententziak esaten du inork ez duela auzitan jarri hitzarmena mantendu behar denik. Beraz, jada enpresariek hitzarmena aplikatzen duten lekuetan, aplikatzen jarraitu beharko dute. 

Sententzia honek, berriro ere, agerian uzten du ADEGIren estrategiak porrot egin duela. Adegik sententzia hau erabili nahi izan du sektoreko langileen lan baldintzak prekarizatzeko eta bilatzen duen desarauketa errazteko. Eta ez du lortu.

Negoziazio kolektiboak bizi duen blokeoaren irtenbidea ez da epaitegitik etorriko. Izan ere, egun ez dago inongo oztoporik beste hitzarmena berri bat negoziatzeko. Hau ez bada gauzatu, orain arte ADEGIk erakutsitako akordioa erdiesteko borondate ezagatik izan da. Sententzia honen ostean, ez dauka inongo aitzakiarik. Langileen prekarizazioaren bidean jarraitzen badute, orain arte egin duten moduan, LAB aurrean izango dute.

LABek Gipuzkoako metaleko langile guztientzat hitzarmen duina aldarrikatzen eta defendatzen jarraituko du. Norabide honetan, enpresetan sektoreko hitzarmena defendatzen jarraituko dugu eta datozen asteetan hainbat dinamika martxan jarriko ditugu.

LANGILEEI OHARRA
Enpresari batek, sententzia honetan oinarrituta, lan baldintza okerragoak ezarri nahi izatekotan, ezingo du egin. Beraz, gertatuko balitz, erabaki hauen komunikazioa jaso eta 20 eguneko epean, gehienez, salatu behar dira epaitegian, kontratazio berrien kasuan ere.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.

Mallabiko Enerpac enpresaren itxiera salatzen dugu

Errekorreko etekinak dituen multinazional batek 43 pertsona kalean utzi nahi ditu lehenago Larzep izena zuen lantegian.

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.