2026-10-02
HomeIndustriaEraikuntzaGipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatu dugu

Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena sinatu dugu

LABek gaur, PRECOn egindako bileran, Gipuzkoako eraikuntza eta herri lanetako hitzarmena sinatu du. Patronalak azken bileran pasatutako testuak aztertu eta LABek egindako hainbat ekarpenen ondorioz, testu hauek hobetu egin dira dira. Hori dela eta, LABek hitzarmen hau sinatzea erabaki du.

LABek bere sinadurarekin, 2009tik berritu gabe zegoen sektore hitzarmenarekiko duen konpromisoa adierazi nahi izan du, baita balioan jarri LABek soilik defendatu eta eskuratu dituen hainbat lorpen ere: KPIren gaineko soldata igoerak, hitzarmena bermatzeko batzordera joango ez diren enpresei ordainak etetea edota hizkera sexistarekin amaitzea.

Hala eta guztiz ere, sektoreko langileentzat akordioa hobea lor zitekeela ziur gaude. Akordio honek ez du inolaz ere 2009tik galdutako eros-ahalmena bermatzen, ez du prekarietatearekin amaitzeko inolako neurririk jasotzen (lan egutegia, aparteko orduen mugapena, lizentziak…). Puntu honetan, gogoratu nahi dugu sindikatu guztiok eraikuntzak bizi duen egoera esplotaziokoa bezala definitu dugula. Hitzarmenaren berme batzordeak ezin izango ditu obrak ikuskatu eta honek, zaildu egingo du hitzarmena betetzen ez dela frogatzea. Hitzarmena betetzen ez duten enpresentzat ez da inolako ondoriorik egongo. Ezin dugu ahaztu aldarrikapen hauek sektoreko urteetako aldarrikapenak direla.

Adegik ELA eta LABen artean pitzadurak sortzea bilatu du akordio merkeago bat lortzeko asmoz, eta ELAk txantaia horri men egin dio, patronalaren proposamena hobetzeko borrokari uko eginez, baita bi sindikatuok mahaian aurkeztutako proposamena defendatzeari uko eginez ere.

LABek argi dauka hitzarmenaren sinadurarekin ez dela borroka amaitzen. Orain, hitzarmenean lortu ez diren edukiak enpresetan lortzen saiatuko gara, eta obretan, hitzarmena betearazteko jarraipen estua eta zorrotza egiten jarraituko dugu.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...