2026-06-18
HomeEkintza SindikalaGernika-Lumoko langileek azkenaldian bizi duten egoera salatu dute jendaurrean

Gernika-Lumoko langileek azkenaldian bizi duten egoera salatu dute jendaurrean

Barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat exijitu dute egun dauden egiturazko arazoei irtenbidea emate aldera.

Gaur goizean eginiko agerraldiaren bitartez, Gernika-Lumoko udal langileek honako mezu hau plazaratu dute:

“Gernika-Lumoko Udal langileak kalera ateratzea erabaki dugu honako hau adierazteko: azken urteetan udaletxeko barne funtzionamenduak txarrera egin du. 2020an, Gernika-Lumoko Udalak CGP (Consultores de Gestión Pública) enpresari agindutako kanpo-analisi batek, besteak beste, honako ondorio hauek jasotzen zituen:

  • Eguneratutako LPZ falta da
  • Organigrama funtzionalik ez izatea eta eguneratutako lanpostuen deskribapena
  • Plantilla egonkortzeko beharra
  • Administrari laguntzaileen lanpostuak, goragoko kategoriako lanpostuak beren gain hartzen dituztela
  • Etorkizuneko erretiroak planifikatzeko beharra
  • Prestakuntza-, eguneratze- eta birziklatze-plan eraginkorrik ez izatea eta karrera profesionalik ez izatea
  • Bidezkoa ez den ordainsari-sistema
  • Lan-giro eskasa
  • Aldaketa baten beharra

Sindikatuetatik urteetan salatzen egon garen errealitatea kanpo enpresa horren txostenean berretsita agertzen zen. Sakoneko arazoak bideratzeko, plan batean beharrean gaude baina ez dugu erantzunik jasotzen, ez eta borondaterik ikusten egoera bideratzeko. Horren ordez, udal negoziazio markoetan bideratu zitezkeen arazoak epaitegietan eta lan ikuskaritzan salatu beharrean aurkitu izan gara eta, hori eginda ere, arazo horietako asko ez dituzte konpondu, 2019tik plantila osoari eragiten dion bete gabeko sententzia judizial bat kasu.

Azken hilabete hauetan, egoera kezkagarriagoa bihurtu da: bajak ugaritu dira eta postu klabeak bakante daude, tartean batzuk beste administrazio batzuetara joan direlako. Langileok barne-bideak agortu ditugula sentitzen dugu eta Gernikako herriari, arduratik eta kezkatik, udaletxean bizi den egoeraren berri ematea besterik ez zaigu geratzen eta eskaera hauek egitea udal gobernuari:

  • 2019ko lanpostuen balorazioarekin lotutako epai judiziala betetzea.
  • Plan integral bat negoziatzea eta ezartzea (epe eta neurri zehatzekin), 2020ko txostenean adierazitako arazo estrukturalei irtenbidea emateko.
  • Bakante eta baja egoeran dauden postuak betetzea eta, era berean, pertsonal-saila premiaz indartzea.
  • Egonkortze prozesua garaiz eta era egokian bideratzeko behar diren baliabideak ziurtatzea.
  • Barne-sustapenak aktibatzea epe negoziatu eta argi batekin.
  • Giza baliabideen plan bat osatzea erretiroak planifikatu eta belaunaldi-erreleborako formulak negoziatzeko.
  • Udal-plantilla osoaren azterketa psikosoziala burutzea.

Kalitatezko zerbitzuak dituen udal bat behar dugu, XXI. mendera egokitutakoa, herritarrak eta langileak entzungo dituena eta egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango dena. Horretarako, ezinbestekoa da barne antolaketa eta funtzionamendu eredu berri bat: Gernika hobetzeko eta gure onena eman ahal izateko.

Udal agintariei eta oposizioko taldeei egoera bideratzeko euren esku dagoen guztia egin dezaten eta Gernikako herriari denon eskubidea den kalitatezko udal zerbitzuen alde ekin dezan dei egiten diogu”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.