2026-07-16
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaGreba Feminista Orokorrean parte hartzeagatik epaitu dituzten kideei babesa adierazteko elkarretaratzea egin...

Greba Feminista Orokorrean parte hartzeagatik epaitu dituzten kideei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dugu

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deituta, Donostiako epaitegiaren aurrean batu gara atxilotuak izan ziren grebalariei elkartasuna adierazteko, jazarpena salatzeko eta zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko borrokan segiko dugula argi uzteko.

Jarraian irakur daiteke Denon Bizitzak Erdigunean plataformaren komunikatua:

ZAINTZA SISTEMA PUBLIKOA ORAIN. BORROKAN JARRAITUKO DUGU!

Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteak daramatza zaintza eta lanaren banaketa sexuala politizatzen, zaintza lanak lan duinak izateko borrokan, eta horien birbanaketa aldarrikatzen. Hala, 2023ko azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorra egin genuen: Euskal Herriko hainbat eragile eta subjekturen arteko borroka artikulatu ostean, zaintza sistema pubilko komunitarioaren aldeko aldarriarekin kalera atera ginen. Greba antolatzeko eta gauzatzeko bestelako moduak ere asmatu genituen. Beraz, grebaren antolaketa prozesua eta eguna bera mugarri garrantzitsua dira.

Egun hartan, zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde borrokan ari ziren hainbat grebalari identifikatu zituzten Euskal Herri osoan, eta haietako hainbat atxilotu ere egin zituzten (Gasteizen, Donostian eta Zumaian). Azken horiei elkartasuna eta babesa adierazteko gaude gaur hemen. 2024ko ekainaren 5ean epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten hiru kidek, greba egun hartan desordena publikoa eragitea egotzita. Epailearen esku geratu zen zein bide judizial egin eta, orain, 6 hilabeteko espetxe zigorra jasotzeko arriskua dute. Akordio batera iritsiz gero, berriz, 1.000 eurotik gorako isunak izango dituzte. Biak ala biak zigor onartezinak dira.

Zumaiakoen kasua ez ezik, Gasteizkoena ere gogoratu nahi dugu: bertako kideak desobedientziagatik eta agintaritzaren aurkako atentatuagatik epaitu zituzten, eta delitu bakoitzagatik 6 hilabeteko espetxealdira eta kostuak ordaintzera zigortu dituzte. Haiei ere gure elkartasuna eta babesa helarazten diegu gaur hemendik. Halako eraso eta epaiek zaintza eraldatzeko borroka oztopatzea dute helburu, borroka horren alde lanean ari garen kideok geldiarazteko asmoz. Baina guk argi daukagu: antolakuntza eta desobedientzia jazartzen duen sistemaren aurrean, borrokan jarraituko dugu!

Egungo testuingurua ez da samurra: askotariko krisiak areagotzen ari dira, eta pobretze prozesu orokortua bizi dugu, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin batera. Sistemak berak zaintza lanen pisua oraindik ere familiengan uzten du, eta bereziki, emakumeengan eta emakume arrazializatuengan (gehienetan, baldintza prekarioetan eta ikusezinetan ari dira lanean). Halaber, faxismoaren eta jarrera autoritarioen gorakada bizitzen ari gara munduan, eta horrek ere badu isla gurean, Euskal Herrian. Diskurtso misogino, arrazista eta klasistak indartzen ari dira, eta eskubide sozial eta kolektiboen aurkako erasoak zabaltzen. Horri lotuta, mugimendu sozialen aurkako kriminalizazioa eta errepresioa ere areagotzen ari da.

Testuinguru horretan, inoiz baino gehiago, borrokan jarraitzea dagokigu: borrokan, halako erasoei aurre egiteko; eta borrokan, sistema bera errotik aldatzeko, tartean, zaintza eraldatuz. Bide horretan, maiatzaren 10ean publiko egin genuen deialdia gogoratuz amaituko dugu: 2027ko apirilaren 17an mobilizazio nazionala egingo dugu Bilbon. Egun hori zaintza eraldatzeko herri konpromisoaren adierazpen bateratua izatea nahi dugu, ardurak hartzea exijitzeko eta garaipen berriak lortzeko urrats bat gehiago. Euskal Herriko eragile eta norbanakoei dei egiten diegu zaintza sistema eraldatzeko konpromisoak hartzera eta 2027ko mobilizazioaren antolaketan parte hartzera.

Zaintza sistema publikoa orain!”

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Udalaren isunaren aurrean, LAB, ELA, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok greba eskubidea eta gutxieneko soldata duina aldarrikatzen ditugu

LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuok Greba Orokorra deitu dugu martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio eta duinaren defentsan, soldata hobeak aldarrikatuz. Deialdi horretarako, sindikatuok ahalegin militante handia egin genuen Gasteizen eta inguruan langileei grebaren testuinguruaz, arrazoiez eta helburuez informatzeko, hainbat euskarri informatibo, batzar eta bileren bitartez. Horren ondorioz, hamarnaka mila pertsonek baliatu zuten grebarako eskubidea, eta mobilizazio jendetsua egin zuten hirian, deialdiaren aldarrikapenekin bat eginez.

LABek eta ELAk EAEko udaletan greba deituko dugu hurrengo urriaren 8an

Udalhitzeko mahaian aurrerapausorik ez dagoenez, LABek eta ELAk hasita daukagun greba dinamikarekin jarraituko dugu sektoreak dituen aldarrikapenak lortu arte.

Asedasek, UGTk, CCOOk eta Feticok estatuko esparru-akordioa sinatu dute elikagaien merkataritzan

Atzo Hego Euskal Herrian eginiko greba eta mobilizazioekin salatzen genuena bete da.