2026-02-03
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaGarbiñe Aranburu: "Onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea"

Garbiñe Aranburu: “Onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea”

LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, Adegiren egoitzaren aurrean, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” leloarekin. Hain zuzen ere, ostiralean hildako Elgoibarko Betelu enpresako langilearen heriotza salatu dugu. Istripua otsailaren 6an izan zen, Azkoitiako Ibarmia enpresan, hildako langilea bertan baitzegoen azpikontratatua. Aranburuk gogora ekarri du Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok lan istripua izan zen egun berean bisitatu zuela Ibarmia, eta eredugarritzat jo zuela. Bada, ordu batzuk geroago gertatu zen lan heriotza. "Instalazioetan lan egiten ari diren langileen lan osasun baldintzak errespetatzeko gai ez den enpresa bat, guretzat, ez da inolaz ere eredugarria, eta instituzioentzat ere ez luke izan beharko", adierazi du LABeko ordezkariak.

Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Ibarmiako zuzendari orokorra Adegiko presidenteordea ere badela. "Bere enpresan azpikontrata batean lanean ari zen langilearen lan osasun baldintzak errespetatzeko ardura zuen, eta ez zuen bete. Hala, Adegiri interpelazio zuzena egin nahiko genioke: enpresa eredu berriaz hitz egiten digute behin eta berriz; guk, ordea, ez dugu enpresa eredu berririk ikusten, ez dugu inolako salaketarik entzun istripu honen inguruan, ez dute ezer esan. Ikusten dugu zaharretik asko dagoela hemen, betiko eredutik asko dagoela; asko prekarietatetik, asko prebentzio neurri faltatik".

Azkoitiako lan istripuaz gain, Aranburuk azken orduetan jakinarazitako beste bi lan heriotza salatu ditu: Petronorreko langilearena eta gaur goizean A-1 autobidean lanean ari zen beharginarena; Muskizen bata, Agurainen bestea. “Ezaugarri bera ematen da hiru kasuetan: azpikontratetako langileak dira. Aurreko urteko balantzea egin genuenean, lan istripuen herena azpikontratetan ematen dela esan genuen. Hori oso adierrazgarria da, prekarietatearen isla delako”, berretsi du.

Hala, gehiengo sindikalak egoera hauek salatzen jarraituko duela azpimarratu du. "Heriotz hauek ekidin daitezke, eta onartezina da ekidin daitezkeen heriotzak ekiditeko neurririk ez hartzea. Inplikazio handiagoa behar da institzuoen aldetik, ez da nahikoa adierazpen instituzional batzuk onartzearekin, baldin eta ez baldin badira erantzule nagusiak seinalatzen eta interpelazio zuzen bat egiten patronalaren aurrean. Prebentzio neurri ezak eta prekarietateak hiltzen dute, eta bi ezaugarri horiek patronalaren erantzukizuna dira. Hortaz, instituzioek beste ardura batekin jokatu beharko lukete", erantsi du LABeko ordezkariak.

Bihar, elkarretaratzea Gasteizen

Bihar asteazkena, otsailak 15, beste elkarretaratze bat egingo du gehiengo sindikalak, gaur goizean Agurainen izandako lan heriotza dela eta. Hain zuzen ere, A-1 autobidean lanean ari zen gizon bat hil da, furgoneta batek harrapatuta. Elkarretaratzea 12:30ean izango da, Gasteizko Probintzia plazan, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” leloarekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta CGTk salatzen dute legea saihesteko eta langileria mehatxatzeko VW Nafarroaren, UGTren eta CCOOren jarrera

ELA, LAB eta CGT sindikatuetatik salatu nahi dugu, onartezina delako, VW Navarra, UGT eta CCOOen jokabidea; izan ere, VW-Nafarroako kontratazioan Legea ez betetzeagatik Lan...

EAJk egoera zaurgarrienean dauden pertsonak etxegabetzeko Espainiako Gobernuarekin egindako akordioa salatzen du LABek

Akordio honekin maizterren eskubideen aurka egiten dute jeltzaleek, egoera ziurgabean dauden herritarrentzako inolako alternatibarik eskaini gabe.  EAJk Espainiako Gobernuarekin adostu du etxejabe txikiek egoera zaurgarrian...

Indarkeria matxistaren aurrean erantzun kolektiboak artikulatzen jarraitzeko borrokarako tresna berritua aurkeztu du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak

LABek konpromisoa hartzen du honen zabalpenean. Autodefentsa feministako aldarrikapena izan da erdigunean eta indarkeria matxistei aurre egiteko protokoloa indartu eta ekarpen zein aldarrikapen politiko gisa. Protokoloa...