2026-06-18
HomeErrepresioaGarbiñe Aranburu: “Aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”

Garbiñe Aranburu: “Aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Gasteizko Legebiltzarrean izan da gaur, euskal sindikatuetako ordezkariekin eta Foro Sozialaren ordezkaritzarekin batera. Legez besteko proposamena eztabaidatu da osoko bilkuran, torturaren eta botere-abusuen biktimak errekonozitzeari buruz.

Proposamenean, Legebiltzarrak euskal erakundeei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen die Nazio Batuen ekimenarekin bat egin dezaten, ekainaren 26an Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna gogorarazteko. Helburua da biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea eta giza eskubideen urraketa larri horrek eragindako bidegabekeriak salatzea. Aho batez onartu dute proposamena.

Garbiñe Aranburuk adierazi du torturaren praktika ikustarazi eta salatzeko ekimen oro interesgarria dela. “Espainiako Estatuak modu sistematikoan erabili du tortura independentismoaren aurka", gogorarazi du.

Torturak, hotzikarak eragiten dituzten datuak uzten dituela adierazi du: “5.000 herritar baino gehiagok jasan dute tortura, bat baino gehiago dira torturen ondorioz hil direnak; torturak bizitza osorako ondorioak uzten ditu”. Are gehiago emakumeengan: “Emakumeen kasuan tortura eta sexu indarkeria elkarrekin etorri dira”.

“Ez dugu ahaztu behar askotan, autoinkulpazioa eta hirugarrenei egindako inkulpazioak izan direla jendea kartzelara bidaltzeko froga bakarrak. Inkulpazio hauengatik jende asko dago oraindik kartzelan”, nabarmendu du.

LABeko idazkari nagusiak irmoki salatu du torturak arma politiko bezala ez duela merezi bezalako aitortzarik izan, ezkutatu egin dela. “Garrantzitsua iruditzen zaigu torturaren praktika ezagutarazten jarraitzea. Gatazka politikoaren ondorioei heltzen jarraitzeko aitortza eta erreparazioa behar dute torturaren biktima guztiek”, amaitu du, eta sindikatuoi eragile aktibo izatea dagokigula nabarmendu du, bake justu eta iraunkorra eraikitzeko bidean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuztea Bizkaiko Foru Aldundian: 600 pertsona baino gehiago mobilizatu gara akordio eta hitzarmen berri baten alde eta telelanaren alde

Gaur, ekainak 17, Bizkaiko Foru Aldundiko langileek bi orduko lanuztea egin dute Langileen Batzordeak eta Enpresa Batzordeak deituta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin.

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.