2026-03-18
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaEz gara joan, gaur ere, Osakidetzaren sektore-mahaiko bilerara

Ez gara joan, gaur ere, Osakidetzaren sektore-mahaiko bilerara

Hirugarren aldia da ez garela LAB, ELA eta CCOO sindikatuok bilerara joaten eta Osakidetza da horren erantzule bakarra, bera baita unilateralki zuzentzen duena Mahai Sektorialaren funtzionamendua.

Behin ikusita borondaterik eta gardentasunik eza mantentzen dela, Osakidetzako gehiengo sindikala, gaur ere, ez da joan Mahai Sektorialaren bilerara. Gogoratu behar da, joan den urriaren 8an, arrazoi berberengatik, Mahaiko bileratik ere alde egin genuela eta ez ginela joan pasa den ostiralerako deitutako bilerara.

Azpimarratu nahi dugu Osakidetza bera dela honen erantzule bakarra, bera bait da Mahai Sektorialaren funtzionamiendua zuzentzen duena eta ez duena gure ordezkaritza errespetatzen. Egoera honek ez dauka zerikusirik sindikatuon arteko tentsioekin, Osakidetzak adierazi duen bezala bere erantzukizuna alboratu nahian.

Berriro ere esan nahi dugu Osakidetzak edukiz hustu duela Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen-batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua); eta horrela negoziazio-mahai paralelo bat sortu duela. Osakidetzak, bere jarrera horrekin, negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe; daukagun ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi eta garbi esan behar da Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparrua.

Gaurko egunean, aurreko bi bileretan gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeuden, eta gero Mahaira eraman dira betebehar formal bat betetzearren, baina ez fede onez negoziatuak izateko. Ez gara Mahai Sektorialera itzuliko proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean.

Hiru sindikatuok Osakidetzaren jarrera salatu nahi dugu, eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzeko eskatzen dugu. Premiazkoa da lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen), eta bai EPE bai garapen profesionaleko eredu berri bat, besteak beste, jorratzea eta negoziatzea. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.