2026-03-19
HomeEkintza SindikalaEz dugu berriro Osakidetzako mahai sektorialera joko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean

Ez dugu berriro Osakidetzako mahai sektorialera joko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean

Osakidetzako sindikatuok iragarri dugu ez garela bihar, urriak 27, egingo den mahai sektorialera joango, Euskal Osasun Zerbitzuaren jarrera inposatzailea eta negoziatzeko jarrera falta ikusita. Benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean, ez dugu berriro mahai sektorialera joko. Hala adierazi dugu, irmotasunez, mahai horretako kide garen LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok.

Bestalde, sindikatuok negoziatzeko borondatea berretsi nahi dugu, eta, horregatik, iragarri dugu Euskal Osasun Zerbitzuari dei egingo diogula Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko: “Negoziazio-foroa aldatu nahi dugu, egungo blokeoa gainditu eta Euskal Osasun Publikoaren lan-harremanetan aro berri bat has dezakegun ikusteko”, adierazi dugu.

Sindikatuok kritikatu dugu Osakidetza Mahaira gaiak ekartzera mugatzen dela, espedientea betetzeko helburu bakarrarekin: “Azken mahai sektorialetik altxatu ginen edukirik ezagatik. Orain, gai-zerrendarekin deitzen gaituzte berriro, baina ez du planteatzen proposatutako gaien benetako negoziaziorik, eta ez ditu barne hartzen sindikatuek eskatutako gaiak”.

Mahai Sektorialean jorratu beharreko gaien artean egonkortzeko LEP berria dago, eta horren negoziazioa opakutasunez beteta egon da. “Sindikatuok komunikabideen bidez jakin dugu zenbat plaza dauden, eta prozesuari buruzko informazioa behin eta berriz eskatu dugu. Hala ere, oraindik ez dugu erantzunik jaso”, salatu dugu.

Aztertu beharreko beste gaietako bat profesionalen garapen profesionalerako eredu berria da. Sindikatuok salatu dugunez, Osakidetzak uko egiten dio egungoa hobetuko duen sistema berri bat negoziatzeari, eta plantillarentzat murrizketa berri bat ekarriko duen zirriborro bat proposatu du.

“Negoziatzeko borondatea berretsi nahi dugu. Baina, horretarako, beharrezkoa da Mahai Sektorialari edukiak ematea, negoziazioan joko-arauak errespetatzea eta Osakidetzak bere jarrera inposatzaile eta antidemokratikoa alde batera uztea”, erantsi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.