2026-10-03
HomeUncategorizedEusko Jaurlaritzaren menpeko langile publikoen gabonetako ordansariaren aferaren inguruko LABen urgentziazko balorazioa

Eusko Jaurlaritzaren menpeko langile publikoen gabonetako ordansariaren aferaren inguruko LABen urgentziazko balorazioa

Berriki jakin dugu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Eusko Jaurlaritzaren menpeko langile publiko Gabonetako ordainsariaren ordainketa eteteko hartutako erabakia. Gabonetako ordainsariaren inguruko azken kapitulu hau asteotan sektore publikoan eta komunikabideetan nagusitu den aferaren azken episodioa dugu momentuz. Bertan, PNV eta PSEren arteko lehia alderdikoia, langile publikoen eskubideen erabilera interesatua eta sektore publikoaren egoeraren eta etorkizunaren inguruko ikuspegi mugatua nagusitu dira.

Auzitegi Konstituzionaletik datorren injerentzia berri honek langile publikoen eros-ahalmenean eta bertako ekonomiaren sustapenean izango duen eragin kaltegarriaz gain, lehen maila gatazka politiko bat da agerian uzten duena: Euskal Herriak behar duen sektore publikoa antolatu, bere beharren araberako zerbitzu publikoen eskaintza gauzatu eta bertako langile publikoen eskubideak arautzeko duen eskumen falta, hain zuzen ere. Eta eremu publikoan ez da lehenengo aldia egun indarrean dagoen marko juridiko-politikoak dituen mugak eta ezintasunak agerian gelditzen dena. Azken hilabete luzeetan PPren Gobernuak kaleratutako dekretu eta neurri ezberdinak euskal herritarron eskubide sozialak bermatzeko eta bertako langile publikoen aurkako eraso zuzenak dira. Hortxe ditugu LOMCE hezkuntza erreforma edota justiziaren kopagoa eta tasa judizialak bezalako adibideak.

Egoera honetan, bertako langile publikoak, eta euskal herritarrak orohar, gabonetako ordainsariaz gain bestelako afera sakonago bat dugu jokoan: Euskal Herriko sektore publikoa eta bertako langileen lan baldintzak bertan erabaki ahal izatea. LABen ustez hor dago bataila nagusia. Bataila hau politikoa da; hamaikagarren aldiz agerian gelditu da arduradun politiko eta instituzional ezberdinek arakatu nahi izan duten "zirrikitu juridikoen" bidea antzua dela; Madrilen PPren Gobernuak edo Auzitegi Konstituzionalak erabakitzen duenaren araberakoa dela. Beraz eman beharreko bataila nagusia ez da juridikoa, politikoa baizik.

Alde horretatik, Euskal Herrian horrelako inposaketen aurka gauden eragile politiko, instituzional, sindikal eta sozialen artean injerentzia hauei aurre egiteko oinarrizko adostasun bat lortzea ezinbestekoa da. Horrek guztion parte hartzea eta inplikazioa eskatzen du. Herri ariketa da egin behar duguna, burujabetzan oinarritutakoa; neurri hauen aplikazioa ezinezko egingo duen harresi soziala. Bide horretan bakoitzak bere erantzunkizunetatik, baita instituzionalak ere, bere konpromisoak hartu eta planto egiteko beharrezkoak diren urratsak eman behar ditu.

Egoeraren inguruko irakurketa zabalagoa egiteko hurrengo egunetan LAB sindikatuak prentsa agerraldia deituko du. Zentzu horretan, eta egoeraren lehenengo salaketa ekimen gisa, datorren astean mobilizazioak egingo ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan Espainiako Gobernu Delegaritzen aurrean.

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...