2025-12-05
HomeEkintza SindikalaEusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari.

Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak ixtear daudenean ezinbestekoa da berriro ere EHUko azpifinantzaketa agerian jartzea eta alderdi guztiei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari, unibertsitate publikoaren aldeko neurri argiak hartzeko eskatzea.

Helburu horiekin, azken hilabete hauetan ekimen batzuk burutu ditugu. Norabide berean, azaroaren 20an, EHUko Klaustroak adierazpen bat onartu zuen unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa salatzen eta Eusko Jaurlaritzari EHUrako finantziazioa nabarmen igotzeko eskatzen.

Aste honetan lanuzteak eta elkarretaratzeak egin ditugu campus guztietan: astelehenean Leioan, asteartean Donostian, asteazkenean Gasteizen eta gaur Bilbon. Lau eguneko mobilizazio-sorta honi Eusko Jaurlaritzaren aurrean ematen diogu bukaera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren esku dago EHUk behar duen finantzaketa bermatzea, unibertsitate publikoak eman behar duen zerbitzua kalitatezkoa izateko eta esparru anitzetan euskal jendarteak dituen behar eta erronkei erantzun ahal izateko.

Hala ere, ikusten duguna da unibertsitate pribatuek gero eta erraztasun eta baliabide gehiago jasotzen dituztela instituzioetatik, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz eta unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua elikatuz. EHUk, bere langileen lanari esker, hiritar guztiei ahalik eta zerbitzu onena ematen jarraitzen du, baina unibertsitate publikoak inbertsio askoz handiagoa behar du bere funtzioak behar den moduan betetzeko eta bere langile guztien lan-baldintzak aproposak izateko.

Gauzak horrela, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren sailburuak EHUko behar asko ukatzen jarraitzen du, interesatzen zaizkion datuak erabiliz eta nahi dituenak ezkutatuz, baita irakasle-ikertzaileek nahiko kobratzen dutela iradokiz ere, Eusko Jaurlaritzak EHUko langileekiko duen betebehar legala ez betetzetik arreta desbideratzen saiatzeko. Osagarrietan daukagu adibiderik argiena.

Gure mezuetan, EHUren defentsan jarrera irmoa eskatu diogu errektoretza taldeari ere, EHUk behar duen finantzaketa lortzeko.

Mobilizazio egun hauetan EHUko langileen parte-hartzea oso zabala izan da, eta jendarteari argi helarazi diogu unibertsitate publikoaren finantzaketa arazo larria dela eta, modu batean edo beste batean, lasterrago edo beranduago, eraginak izango dituela gizartearen esparru askotan.

Egun hauetan gogoratu dugu, beste behin ere, 2030erako USLOk helburu moduan markatutako BPGren %1etik oso urrun jarraitzen dugula, oraindik EAEko BPGren %0,42an murgilduta.

Gogoratu dugu EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako soldatak baino baxuagoak direla, 2008tik hona erosahalmenaren galera %24,3koa izan dela eta soldatak duintzeko 2006an sortutako osagarriak urte horretatik izoztuta daudela, baita promozioa bermatu behar den eskubidea dela ere.

Gogoratu dugu prekarietate egoera lazgarriak ditugula oraindik: arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400 eta 800 euro artean kobratzen dutela eta ez zaizkiela aitortzen egiten dituzten hainbat lan.

Gogoratu dugu irakasle-ikertzaileen lan-baldintzak ez direla erakargarriak eta gero eta plaza berri gehiago bete gabe geratzen direla, arlo batzuetan errelebo falta arazo larri bihurtuta jada.

Gogoratu dugu Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) erosahalmenak %18,2ko galera jasan duela azken 15 urteetan, eta zerbitzu eta unitate askotan gero eta zailtasun gehiago dagoela ordezkapenak betetzeko.

Gogoratu dugu IRI/TEKAZEL ratioa Estatuko unibertsitate publikoetako altuena dela eta Europako beste herrialde gehienena baino askoz altuagoa.

Gogoratu dugu eraikinetan, mantentze-lanetan eta sail eta zerbitzuen horniduran beharrezko inbertsioa ezinbestekoa dela.

Sindikatuok tinko jarraituko dugu unibertsitate publikoaren eta bere langileen defentsan.

EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!
LAB – STEILAS – ELA – CGT-LKN

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...

Enplegu Zentro Berezietako langileek enpresek eta administrazioek aniztasun funtzionala duten langileekin egiten duten negozioa salatu dute Jaurlaritzaren aurrean

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilbon. Administrazio publikoa interpelatu dute, eta sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko exijitu dute. Pasa...