2026-03-19
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaEuskararen aurkako azken eraso judiziala herritarron kontrako beste eskubide urraketa bat dela...

Euskararen aurkako azken eraso judiziala herritarron kontrako beste eskubide urraketa bat dela salatu nahi dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioan 34 zaintzaile plaza betetzeko oposizioetan euskara eskatzea zilegi dela zioen Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren ebazpenari jarritako helegite bat onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lehen instantzian Donostiako Epaitegiak ebatzi zuen EAEn euskara hizkuntza koofiziala izanik berau erabiltzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko langile publikoei euskara eskatzea zilegi dela.

Aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak, Luis Javier Murgoitio Estefaniak sinatuak, dio administrazio publikoak ezin diela aurkeztu diren guztiei baldintza hori eskatu, hizkuntza eskakizun hori frogatzen ez dutenek enplegu publikorako duten eskubidearen kaltetan. Hau da, euskara eskatzeak plaza horiek lortzeko herritarrek duten eskubide oinarrizkoak azpiratu egiten dituela.

Administrazio publikoan euskararen erabileraren normalizazioa oztopatu nahi duen beste eraso larri bat da LABen iritziz. Berriz ere, euskal herritarron oinarrizko eskubideak zapalduak izango dira, hau da, euskaldunok are gehiago diskriminatuak izango gara. Baina horretaz gain, kasu zehatz honetan, oposizio hauekin bete nahi diren lanpostuen izaerak larriagotu egiten du erasoaren tamaina. Bete nahi diren zaintzaileen plaza hauen izaerak zaindua den herritarrarekiko harremanak estua eta konfiantzazkoa izatea eskatzen du, eta horretan erabiliko den hizkuntzak berebiziko garrantzia du. Euskara eskakizuna artatuen eta senideen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko ezinbestekoa da.

Hori gutxi ez eta Uliazpi Fundazioan lan egiten duten gainontzeko langile euskaldunen hizkuntza-eskubideen aurkako eskubide urraketa izango da ere euskara ez dakiten langileak kontratatzea. Euskal administrazioan euskaraz lan egin ahal izatea ere oinarrizko eskubidetzat dugu. Administrazioaren euskalduntzea ez baita herritarrekiko zerbitzua euskaraz ematera mugatu behar, administrazioaren barne-funtzionamendua bera ere euskaldundu beharrekoa da, euskara ofiziala izateak betebehar hori eragiten duen heinean. Hori horrela, azken hamarkadetan administrazioa euskalduntzen aurreratutakoa galzorira eramateko arriskuan jartzen da euskararen gutxieneko ezagutzarik ere ez duten langile berriak kontratatuz gero.

LABen ustez, euskararen normalizazioak herri-akordio zabalak eskatzen ditu. Bada garaia Administrazioa euskalduntzeko hizkuntza-politika ausartak egiteko eta prozesu hau behar bezala blindatzeko eta, horretarako, eragile sindikal, sozial eta politiko ororen ekarpena ezinbestekoa izango da.

Euskararen kontrako erasoen aurrean, euskal langile publikoon mobilizazio eraginkorra antolatzeko eta, Euskalgintzako eragileekin batera, irmoki erantzuteko garaia da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.