2026-02-02
HomeEkintza SozialaEuskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek,...

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.

Urteak igaro ditugu mugimendu sozial eta sindikalak gutxieneko pentsioak osagarritzea eta bizi baldintza duinen aldeko borrokan. Milaka pertsonak hartu ditugu kaleak, pentsiodunen mugimenduarekin modu iraunkorrean eta sarri bestelako sindikatu eta eragileekin elkarlanean. Agerikoa da eskariak oinarri eta babes zabala dituela.

LABek egindako azken azterketaren arabera, 2023ko abenduan 217.246 pentsiodun ziren Hego Euskal Herrian 1080 euro azpiko pentsioa jasotzen dutenak (guztien %33,3) . Hauen %68,8 emakumeak dira. Modu berean, pobreziaren atalasera heltzeko pentsioa osagarritu behar dutenak 80.000 dira, eta lautik hiru, emakumeak.

Bizitzaren garestitzea etenik gabe areagotzen ari den une honetan, zerbitzu publikoak indartu eta pentsioak gutxieneko soldatari atxikitzea ezinbestekoa da. Bide horretan, Europako Eskubide Sozialen Kartaren arabera, gutxieneko soldatak lurraldean ezarritako soldataren bataz bestekoaren %60 izan behar du. LABen azterketaren arabera, 1400 eurotan kokatu beharko litzateke, beraz, Euskal Herrian. Hortaz, gutxieneko pentsioa 1260 eurokoa izan beharko litzateke (gutxieneko soldataren %90). Hauexek dira modu duinean bizitzeko euskal langile eta pentsiodunok behar beharrezkoak ditugun diru sarrerak.

Horregatik, atzo bertan LAB zerbitzu publikoen defentsan mobilizatu zen Bilbon. Horregatik ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako eskariak eta Gasteizen atzo iragarritako Legez Besteko Proposamena urgentziazkoa dela deritzogu. Madriletik ezarritako erreforma eta erabakiek ez dizkigute eskaintzen gure errealitatearen araberako babes sistemarik, eta ezinbestean sistema publikoa bertan hobetu eta osagarritu behar da. Gutxieneko pentsioa osagarritzeko moduak arakatzea premiazkoa zaigu, DSBE errenta baldintzatuaren eredutik aldendu eta egiturazko neurriak hartzeko ordua da. Aurrekontutan AHTari esleitutako gastu partidak pentsioetan inbertitzeko erabakiak behar dira.

EHPM-k mahai gainean jarritako proposamenak egingarriak dira. LABek ere baditu bereak. Pentsio duinak bematzeko eta gizarteak adieneko emakumeekin duen zor patriarkala aitortu eta ordaintzeko herri eztabaida, konpromisoa eta borondate politikoa exijitzen ditugu. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako euskal esparruaren defentsa eta eraikuntza dira sindikatu honen ustez euskal langileon bizi baldintzak duindu eta bermatzeko tresna eraginkorrak. Horren alde borrokan jarraituko dugu kalean, lantokietan eta baita insituzioetan ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...