2026-03-30
HomeEkintza SindikalaEuskal Herriko, Galiziako, Kataluniako, Valentziar Herrialdeko eta Balear Uharteetako sindikatu nazionalek Kongresuan...

Euskal Herriko, Galiziako, Kataluniako, Valentziar Herrialdeko eta Balear Uharteetako sindikatu nazionalek Kongresuan eskatu dute Espainiako LGS hobetzeko aukera izatea

LABek, ELAk, CIGek, Intersindical Valencianak, Intersindical Catalanak, IACek eta STEIk bilerak izan dituzte PSOE, Sumar, Podemos, Junts per Catalunya, ERC, EAJ, EH-Bildu, Compromís eta BNG alderdiekin LGS autonomia-erkidego bakoitzean erabaki dadin eta Langileen Estatutuan ez dadin aldaketarik egin hori jasotzen ez bada

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuek galdegiten dute Espainiako LGSa hobetu eta lurralde bakoitzekoa izateko aukera, langileriaren pobretzeari aurre egiteko tresna gisa

LAB, ELA, CIG, Intersindical Valenciana, Intersindical Catalana, IAC eta STEI sindikatuek bilerak izan dituzte PSOE, Sumar, Podemos, Junts per Catalunya, ERC, EAJ, EH-Bildu, Compromís eta BNG alderdiekin, hauek Langileen Estatutuko 27. artikuluaren aldaketa bultza dezaten, hartara Espainiako LGS hobetu eta haien nazioetan gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera izateko. 

Halaber, estaturik gabeko nazioetako sindikatuek alderdi guztiei eskatu diete Langileen Estatutuan aldaketarik eginez gero ez dezatela onartu, baldin eta lurralde bakoitzean lanbide arteko gutxieneko soldata hobetzeko biderik ematen ez badu. 

Espainiar Gobernuak ez du onartzen Estatua nazio anitzek osatzen dutenik, ez eta eremu sindikalean ere, eta Madrildik gutxieneko soldata bakarra inposatzen du, CCOO eta UGTrekin batera. Bestalde, Sanchezen Gobernuak eragotzi egiten ditu eskari sindikal nazionalak, nahiz eta hauek zenbait lurraldetan gehiengoa izan. Areago, LABek, ELAk eta CIGek badute ordezkaritza gehieneko sindikatu izaera; haatik, LGS negoziatzen denean negoziaziotik baztertu egiten dituzte.

Espainiar Gobernuak gehiengo parlamentarioak behar ditu edozein lege-proposamen aurrera ateratzeko, eta ez da gauza horiek bakarrik osatzeko. Alabaina, lurralde jakin batzuetako alderdiei babesa eskatzen die eta aldi berean entzungor egiten dio lan arloan lurralde horietako sindikatuen borondateari. 

Gutxieneko soldata edozein naziotan funtsezko tresna da kohesio soziala iristeko eta pobreziari aurre egiteko. Haatik, espainiar Estatuak LGS bakarra ezartzen du, eta hori ez dator bat Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako nazioen beharrizan eta borondatearekin. Estaturik gabeko nazioetako sindikatuek ez dute onartuko araubide bakar eta zentralista horrek LGS urria, lanaldi partzialeko enplegua edo aldizkako finkoak baliatuz lan prekarioa eta soldata kaskarrak normalizatzerik.

LABek, ELAk, CIGek, Intersindical Valencianak, Intersindical Catalanak, IACek eta STEIk espero dute bilera hauen ondoren lurralde bakoitzeko LGSen aldeko lege-proposamenak lantzea eta espainiar Estatuko herri ezberdinetara justizia soziala ekarriko duen aldaketa politikoa hastea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako Odol Bankuko langileak greban, lan-baldintzak hobetzeko eskakizunarekin

Martxoaren 30ean, Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko (Odol Bankua) langileek grebaren lehen eguna egin dute. Hurrengo hiru egunetarako ere greba deialdia dago,...

LABek borrokarako deia egin du Gipuzkoako gasolindegietan, patronalaren eskaintza eskasaren aurrean

Gipuzkoako gasolindegien hitzarmena negoziatzeko hamabost bilera egin diren arren, patronalak oraindik ez du akordio batera iristeko adinako eskaintzarik egin. LAB sindikatua mobilizazioetan dabil Gabonetatik hona....

LABek kritikatu du Pradalesek aipamenik egin ez izana gutxieneko soldata ezartzeko eskumenari Sanchezekin izan duen bileran

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bilera izan dute gaur, eskumenen transferentziaz hitz egiteko. LABen ustez, Pradales lehendakariak dagozkion...