2026-02-01
HomeEkintza SozialaEuskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5erako deitutako mobilizazioekin

Euskal gehiengo sindikalak bat egin du Pentsiodunen Mugimenduak apirilaren 5erako deitutako mobilizazioekin

ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk bere egiten dute gutxieneko soldataren eta pentsio justu eta nahikoen aldeko borroka, hemen, orain eta denontzat.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu apirilaren 5erako Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan. Mobilizazio hauen leloa “Soldata eta pentsio duinak. Orain, hemen eta denontzat. Por unas pensiones y un salario mínimo justo y suficiente“. Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile bat bultzatu zuen duela hilabete batzuk, pertsona guztientzako bidezko pentsioak eta nahikoak lortzeko. Aldarrikapen zehatza pentsioen osagarria lortzea da, LGSrekin parekatu arte. Hego Euskal Herrian LGS propiorik balego, hori litzateke erreferentzia.

Euskal gehiengo sindikalak partekatzen duen aldarrikapena da, alegia. Are gehiago, soldata eta pentsio duinen aldeko borroka pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka bateratua eta osagarria da, pobreziak gora egin duelarik azken urteetan. Aldarrikapen horiek pentsiodunak eta gehiengo sindikala batu zituzten 2020ko Greba Orokorrean.

Duela hilabete batzuk, euskal gehiengo sindikalak, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Etxalde eta Hiruk osatuak, bide bateratu bati ekin zion Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa lortzeko, osagarriak diren bi bideren bidez: lanbide arteko akordio bat eta Herri Ekimen Legegile bat eskumena lortzeko eta hemen gutxieneko soldata propioa erabaki ahal izateko.

Oraingoz, patronalek uko egin diote LGS propio baterako aldarrikapenari buruz hitz egiteari, nahiz eta gizarteak onartzen duen Estatuak ezarritako gutxieneko soldata Euskal Herrian bizitzeko guztiz eskasa dela. Horrek sektore feminizatuei, arrazializatuei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo lan-merkatuaren prekarietateagatik, etxebizitzaren arazoagatik eta abarrengatik independizatu ezin diren gazteei eragiten die gehienbat.

Gutxieneko soldata propioa lortzeko Herri Ekimen Legegileari dagokionez, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu duen, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du, milaka langile zaurgarriri bizkarra emanez.

Beraz, euskal gehiengo sindikalak ezinbestekotzat jotzen du mobilizatzea eta Pentsiodunen Mugimenduarekin aliantzak eraikitzea, Hego Euskal Herriko pertsona guztientzat pentsio eta soldata duinak eta nahikoak lortzeko. Horregatik, elkarrekin mobilizatuko dira apirilaren 5ean Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...