2026-09-27
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEuskal gazteriaren kontrako erasoak behingoz eta betirako amaitu behar dira

Euskal gazteriaren kontrako erasoak behingoz eta betirako amaitu behar dira

Euskal gazteriaren kontrako jazarpen politikoak ez dauka etenik. Polizia akusazio pean baino ez, eta batere froga barik, muntai polizial-judizialak eraikitzen dira erantzun soziala desaktibatzeko eta euskal gazteria kriminalizatzeko. Gure herrian “demokrazia” eta “zuzenbide estatuaren” terminoen atzetik ezkutatzen den errealitate krudel hau tristeki ezagutzen dugu.

Gazte independentisten kontrako azken makroepaiketaren epaia absoluzioa izatea pozgarria da, 40 gazteentzat, euren familia eta lagunentzat eta Euskal Herri osoarentzat. Hala ere, ezin dugu ahaztu gazte hauek guztiek 2009an atxilotuak izan zirenetik pasatu duten ametsgaiztoa: inkomunikazioa, tortura, zirko mediatikoa, epaiketak suposatu dien xahuketa ekonomikoa, espetxean emandako urteak… gazte hauek guztiek pasatutako kalbarioa ezin du inork eta ezin da ezelan konpentsatu.

Funtsik gabeko akusazioa izan da hau, aurreko beste asko eta asko izan diren bezala. Kasu hauetan guztietan absoluzioa zentzuzko epai posible bakarra bazen ere, helburu politikoaz hasitako prozesuek zigor politikoa ekarri izan diete ehundaka gazteri.

Kasu hauetako bat daukagu 2012ko martxoaren 29ko grebalarien kontrako epaia: 2013ko irailaren 11n Aitor Fernández, Jon Telletxea eta Urtzi Martínez gazteak epaitu zituzten. Absoluzioa guztientzat behar bazuen ere, Jon Telletxea zein Urtzi Martinezi 15 hilabetetako espetxe zigorra ezarri zieten. Hala ere, fiskaltzak, horrekin pozik ez, eta, espetxera sarrarazteko asmo argiaz, errekurtsoaz lortu du zigor hau urte eta erdira igotzea.

Helburu bakar bat bilatzen du amarru sare honek: erantzun sozial eta politikoa zapaldu eta itotzea. Eta hau euskal herritar guztien kontrako jokabide arrunta bada ere, ezin dugu ahaztu gazteak bereziki kolpatuak izan eta izaten direla, disidentzia politikoa “errotik” kamuztu nahi izan dute eta. Gazteria mantso, esaneko eta obediente nahi dute. Ez dute lortu, halere. Gure gazteriaz harro gaude. Erakusten duten irmotasun eta duintasuna denontzako ikasgaia da.

Euskal gazteriaren kontrako erasoak behingoz eta betirako amaitu behar dira. Konponbide garaia da, nahiz eta Estatuak, botere ezberdinetatik, gatazkari eta errezeta zaharrei heldu nahi.

Jon Telletxea eta Urtzi Martínez libre nahi ditugu! Euren delitu bakarra Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomiko baten alde lan egitea eta greban parte hartzea izan baitzen. LAB sindikatuak dei egiten dio euskal herriko langileriari, eta herritar guztiei oro har, burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera: hauetako lehenbizikoa bihar bertan, ostiralean, izango da, Deustuko Done Petri plazatik 19:30etan abiatuta, Grebalariak aske! plataformak deitua.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.