2026-02-02
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaEtxeko langileen baldintza duinen alde eta doako zaintza lanen berrantolaketaren alde borrokatuko...

Etxeko langileen baldintza duinen alde eta doako zaintza lanen berrantolaketaren alde borrokatuko dugu

Martxoak 30, Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da. Data horren bezperan, salatu behar dugu sexuaren araberako lan banaketa pairatu eta pairatzen dugula gaur egun.

Sexuaren araberako lan banaketa pairatu eta pairatzen dugu gaur egun. Hezkuntza primariotik emakumeak* zaintza lanetara bideratzen gaituen sistema oso bat egituratua dago. Industrializazio garaitik hona kapitalismo basatiak bi espazio nagusien bereizketa indartu du; alde batetik, produkziorako espazioa; eta bestetik, erreprodukzioaren espazioa. Produkzioaren espazioan kapitala mugitzen da, lan indarraren truke ordainsari bat jasotzen da, gizartearen imajinario kolektiboan aitortza duen “enplegua” da. Izan ere, hazkundea eta merkatuaren logikaren baitan kokatzen delako. Espazio erreproduktiboan, zaintza lanak kokatzen dira, gizakion bizitzak sostengatzeko ezinbestekoa den egitura.

Bi espazio hauek sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen dira eta kapitalismoan estrategikoa izan da sistema osoa berretsi ahal izateko. Lan erreproduktiboa emakumeen* eskuetan ezarri izan da, historikoki atxikitutako rol baten bitartez, non emakumeak besteon zaindari izan behar garen eta belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dena. Emakumeak* zaintza lanak musutruk egin ditugu, ezkutuan, eremu pribatuan, etxe barruan, horren truke ezer eskatu gabe, aitortza gabe, emakume izate hutsagatik. Kapitala eta patriarkatuaren aliantzan, emakumeok*, espazio publikora atera diren gizon horiek sostengatu eta zaindu ditugu merkatuaren logikan produktiboak izateko.

Kapitalismoak zaintza lanak merkantilizatu ditu ere, modu honetan truke monetarioaren bitartez emakumeak haien lan indarra saltzen dute, hortaz, funtsezko beharrizan bat zerbitzu batean bihurtuz.

Etxeko zaintza lanak zerbitzu edo negozio pribatu bat bilakatzen diren heinean herrialde mendebaldarretan, badago estruktura sozial kapitalista eta patriarkal bat zein pertsona profil konkretu bat kondenatzen duen lan hauek egitera. Profil hau ezaugarri espezifikoz zeharkatua dago: generoa, etnia, jatorria, klasea… Kasu honetan soldatapeko etxeko lanak emakume* etorkinen esku geratzen dira. Soldatapeko Etxeko lanetan aritzen den kopuru nagusiena emakumeak* dira, hortaz, sistema kapitalista patriarkalaren estrukturaren antolaketa sexu araberako lan banaketaren isla daukagu. Intersekzionalitatearen ikuspegitik, emakume* hauek oinarritik zapalkuntza anitz pairatzen dituzte, zapalkuntza hauek haien lanetan zein egunerokotasuneko bizitzan azalarazten dira. Hala nola, sufritzen duten babes faltagatik, lan baldintza prekario eta kaskarretan lan egitera behartuak daude. Askok soldata lotsagarrien truke egiten dute lan, kontratu gabe, esplotazio egoeretan, iritzia emateko beldurrarekin kaleratuak ez izateko.

Kritikoak izan behar gara soldatapeko etxeko lanetan aritzen diren emakume* hauen egoerarekin, emakume zuri moduan gure eskubideen aldeko borroka anitz bultzatu ditugu, herrialde eta bizimodu feminista bat eraikitzeko jomuga argiarekin. Baina gure militantziaren egunerokotasunean non geratzen dira soldatapeko etxeko langile egoera prekarioak? Haien lan baldintzak? Pairatutako indarkeria matxista eta sexista? Gu emakume* zuriak gara doaneko zaintza lanen subjektu interpelatu zuzenak, emakume* izate hutsagatik. Instituzioak, lantokiak eta inguruko gizonak interpelatu behar ditugu, zaintza lan duin paritarioak eskuratzeko, sexu lan banaketarekin bukatzeko. Ordea, nahiz eta gure lehia izan, ezin ditugu ahaztu egoera prekarioan soldatapeko etxeko langile moduan aritzen diren emakumeak*. Emakume* hauek feminismoko subjektu politiko kategoria izan behar dute, gure diskurtsoetan barneratu behar ditugu ikusgaitasun eta aitortza bat emateko.

Gure pribilegio espazioetan lekua eman behar diegu ahotsa har dezaten, feminismoa bizitzak erdigunean jarri behar ditu, zaintza lanak birpentsatzeko eta birsortzeko hautua eginez. Kapitalaren logikarekin hautsi nahi dugu, zaintza lanei benetako garrantzia emateko. Soldatapeko langileen eskubideak bermatu behar dira, hala nola, gaixotasun bajak, gizarte segurantzan kotizatzea, oinarrizko soldata, formakuntza, langabezia,… Emakumeen lan indarra ez da merkantzia, eskubide duinak exijitzen ditugu.

Bihar osteguna, martxoaren 28an, 18:30ean, hitzordu garrantzitsua daukagu Barakaldon, horregatik Apuros Mayse agentzia aurrean egongo den kontzentraziora gonbidatzen zaituztegu. Agentzia honek langileak zapaltzen ditu, ez die oporrik ematen, ezta gizarte segurantzan altarik ere, beraz. Bihar, bertan egongo gara. Gure gorputzak ez dira esplotatzen, soldatapeko etxeko langileen baldintza duinen alde eta doako zaintza lanen berrantolaketaren alde borrokatuko dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...