2026-02-03
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEstatuen inposizio eta merkatuen diktaduraren aurrean, burujabetza politiko eta ekonomikoa

Estatuen inposizio eta merkatuen diktaduraren aurrean, burujabetza politiko eta ekonomikoa

Estatuen inposizio eta merkatuen diktaduraren aurrean,
burujabetza politiko eta ekonomikoa

Hiru urtean, ustez krisitik ateratzeko aurrekontuak doitu eta murrizteko hartutako neurri gogorren ondoren, administrazio ezberdinek atzeraldi berri baten atarian jarri gaituzte. Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuak politika eta baliabide publikoak kapital finantzieroaren esku jartzera mugatu dira.

Ongizate estatua suntsitu nahi dute zerbitzu publiko eta sozialen kontura negozioa egin ahal izateko, gure osasunarekin, gure hezkuntzarekin, gure prestazioekin, pertsonen zaintzarekin… Eta soldata eta lan baldintzak kaltetzearen kontura ere negozioa egin nahi dute eta euren irabaziak handitzen jarraitu.

Langabezia, etxetik kaleratzeak, jendarte- eta lan-prekarietatea… Pobrezia modu esanguratsuan ari da gora egiten, kolektibo zaurgarrienak izanik egoera prekarioen protagonistak (gazteak, emakumezkoak, pentsiodunak, etorkinak, desgaitasuna duten pertsonak eta ama bakarreko etxeak).

Helburu hauek soilik lortu ahal izan dira gobernuak boteretsuen erabakien aurrean makurraziz, ekonomiatik edozelango kontrol politiko eta soziala ezabatuz. Erabaki- eta botere-gune guztietatik baztertu dute langileek osatutako gehiengo soziala. Gutxi batzuk “guztion onura” euren mesedetan erabakitzen duten bitartean, politika berdinak egiten jarraituko da.

Baina badago alternatiba. Posible da ekonomia pertsonen zerbitzura izango duen eredua eraikitzea eta ez merkatuen zerbitzura. Aberastasunaren bidezko banaketan eta kalitateko enpleguaren sorreran oinarritutako eredua.

Horregatik gehiengo sozial langilearen erabakitzeko gaitasuna berreskuratzea behar dugu, eta Euskal Herriak libreki onartzen duen antolaketa politiko, ekonomiko eta soziala izateko duen eskubidea. Burujabetza politiko eta ekonomikoa exijitzen dugu estatuen inposizioen eta merkatuen diktaduraren aurrean. Egia da burujabetzak bere horretan ez duela bestelako eredurik bermatzen, baina hori barik ziurra da ez dugula eredu berria eraikitzeko gaitasunik izango.

Krisi honetatik jendarte eredu berria eraikiz soilik aterako gara. Kapitalari egiten uztea, horrenbesteko ahalegin eta borrokaz lortutako guztia desegiten uztea da. Guzti hau gelditu behar da eta hori kapitalari boterea lehiatuz eta borrokatuz lortzen da. Boterea kalean, lantokietan eta instituzioetan borrokatu. Eredu berri bat eraikitzera goaz, herri hau berreraikitzera goaz. Eta konplexurik gabe egingo dugu, beldur barik. Eta horretarako boterea behar da. Botere politiko eta herritarra. Jendartea gara, langileok gara egoera honetatik nola atera erabaki behar dugunak. Euskal Herria eraiki behar dugu euskal gehiengo langiletik eta euskal gehiengo langilearentzat. Hauxe da krisi honen aurreko bataila. Guk argi dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...