2024-04-25
HomeLan Osasuna IdazkaritzaLan istripuakEredu aldaketarik ezean, langileriaren osasunak eta bizitzak arriskuan diraute

Eredu aldaketarik ezean, langileriaren osasunak eta bizitzak arriskuan diraute

LAB sindikatuak 2012. urtean Hego Euskal Herriko langileen segurtasuna eta osasuna ez dela hobetu adierazi du gaur Donostian pasadan urteko balantzea egiteko emandako prentsaurrekoan. Eskuragarri dauden datuen arabera, 2012ko urtarrila eta abendua bitartean, Hego Euskal Herrian 82.687 istripu gertatu ziren; 246 larriak eta 60 hilgarriak.

Laneko gaixotasunen taula.

Zergatiei dagokienez, eta hildako 61 langileei dagozkien datuak aztertuta, ondorengoa azpimarra dezakegu:

• Jazo diren istripu hilgarrien %38a traumatikoak suertatu dira, beste %38 ez-traumatikoak eta %24a trafiko istripuak izan dira, lanean eta in itineren.

• Lan istripu traumatiko guztien %41a eraikuntzan gertatu dira.

• %29,5a altuerako erorikoek eragin dute, %23,5a objektuen eta/edo eseki dauden zamen erorikoek eta %35,2a harrapatzeek.

• Bizkaian eman da hilkortasun handiena, azken urteotan, kopuruari eutsiz.

• Lan istripuen %25ean, langileek azpikontrataren batean egiten dute lan.

• INSPL-k ezagutarazi dituen datuen arabera, istripu hilgarriei dagokien pilatutako eraso edo intzidentzia indizeak %5ean egin du gora industrian eta %22,5ean eraikuntzan. Hots, betidanik istripu gehien gertatu diren sektoreetan istripuen kopuru orokorra urritu bada ere, adierazten digu ez dela neurririk bideratzen ari eta kopuruak behera egin dutela bestelako eragileak direla medio, eta ez, hauen sorburuari eragiten ari zaiolako.

• OSALANek baja eragin duten istripu ez traumatikoen harira eman datuen arabera, 2011. urtea eta 2012.a alderatuz, 2012. urtean %12an egin dute gora. Zegokionean salatu genuen egungo egoera ekonomikoak ondorio zuzenak ekarriko zizkiola langileriaren osasunari. Baja-datuek adierazten dituzten datu hauek lanordutan eta lantokian gertatutakoei dagozkie. Hortaz, ez dira kontuan hartzen jatorri arruntekotzat jotzen diren beste hamaika min eta patologia. Hauek egoera ekonomikoaren eta laboralaren ondorio gisa hartuko balira kontuan, gehikuntza-portzentajea askoz ere handiagoa litzateke.

Datuek ezbeharren argazki finkoa ematen digute. Zenbaki hotz bakoitzaren atzean norbait dago, senideen eta gizartearen errealitatea ezkutatzen dute.

Gainera, haratago ikusi behar dugu, eta aztertu beharko dugu zer gordetzen den zenbaki horietan. Jende gutxiagok lan egiten duenez, istripuen kopuru orokorra urritzen dela adierazten digute. Hortaz, istripuen murrizketa kapitalismoaren krisialdi sistemikoari zor zaio, ez bestelako neurriei.

Dauden guztiak dira, baina ez daude diren guztiak
Errealitatea ez da islatzen datu ofizialetan, gizarte segurantzari afiliatutako langile asko eta asko kanpoan uzten baitituzte, adibidez, norberaren konturako langileak, etxe-zerbitzariak, ekonomia beltzean diharduten langileak. Datu hauetan ez dira kontuan hartzen ere, lan istripua Euskal Herrian jasan arren, Estatuko beste autonomia erkidegoetako edo beste estatuetako enpresetan lan egiten duten langileak. Estatuan egin diren hainbat azterketen arabera, istripuen azpi-erregistroa %30 ingurukoa da.

Horren adibide, EAEn gertatu diren 61 istripu hilgarrien artean ez dira aintzakotzat hartzen otsailaren 21ean, Pasaian suertatu zen arrantzalearen heriotza (Farillon itsasontzikoa), edo ekainaren 11n, AHTko lanetan suertatua (Tierra Armada SA) edo urriaren 2an Lemoizen jazoa (Excavaciones Lomiño), hiru enpresa hauek EAEkoak ez zirelako. Alegia, Euskal Herrian langilea hiltzen den istripua, teorian, zenduaren jatorrizko autonomia erkidegoan edo herrialdean erregistratzen da. Baina guk horri galdera bat egiten diogu: zer prebentzio neurri ezar daiteke Galiziatik, Madrildik edo Portugaldik? Gurean erregistratu beharko litzateke istripua, gurean aztertu beharko lirateke istripua eragin duten benetako zergatiak eta gurean ezarri beharko lirateke neurriak.

Honez gain, Laneko Ikuskatzailetzak ezagutarazi du egin duen urteko txostena (2011. urteari dagokiona), 2012ko urte amaieran argitaratua, eta arriskuak bi bidetan gutxietsi direla adierazten du:

• Lan-istripu eta gaixotasun profesionalen mutualitateei dagokienez, hauek gero eta gehiago gutxiesten dute istripuen larritasuna, gehienak arintzat hartuz; bien bitartean, Ikuskatzailetzak funts handiagoa dutela baieztatzen du.

• Istripu-partea tramitatzen ez den enpresetan: hauetan mutualitateek “bajarik gabeko lan-istriputzat” jotzen dituzte.

Laneko gaixotasunei dagokienez, berriro salatu behar dugu oso gutxi aitortzen direla.

Laneko gaixotasunen taula.

Oraingoan, laneko gaixotasunak urritu izana, argi eta garbi lotu behar zaio egungo egoera ekonomikoari, jende gutxiago lan egiten duenez, gaixotasun profesionalen kopurua murriztu delako. Baina jaitsiera lan istripuena baino apalagoa izan da, ezaguna denez, oraindik orain, gaixotasun profesionalen azpi-erregistro handia dagoelako. Lan istripuen eta gaixotasun profesionalen bilakaera, Europako Batasun osoan, erreferentziazko datutzat hartzen badugu, datuok argigarriak suertatzen dira: lan istripuak eragin heriotza bakoitzeko, gaixotasun profesionalek eragindako 18 heriotza gertatzen dira Europako Batasunean (EB). Hala ere, Euskal Herrian, aipatu parametroa alderantzizkoa da. Zalantzarik gabe, gertakari horrek datuak ezkutatzen direla adierazten du, eta batez ere, gaixotasun profesionalen eta hauek eragin ondorio hilgarrien azpi-erregistroa badela.

Azken bost urtean, amiantoak eragin gaixotasunez hildako langileak 97 izan dira (2008. urtean 12, 2009.ean 18, 2010.ean 24, 2011.ean 14 eta 2012.ean 29). Hala ere, ez dira adierazten estatistika ofizialetan, behin epaile-esparruan onartzen direnean, ez direlako jasotzen lan estatistiketan, ez delako egia ezagutu nahi, ez zaiolako errealitateari aurre egin nahi.

Aztertu ditugun ondorioak, istripu eta gaixotasunen kopuruak agerikoak eta argiak dira. Enpresetako segurtasunaren eta langileen osasunaren egiazko egoera ez da ezertan hobetu. Segurtasun neurrien ezak, Laneko Arriskuen Prebentzio Legeak bete ez izanak, laneko prozedurak egokiak ez izateak, lan erritmoak, azken batez, prekarietateak, 2012. urtean ere, datu onartezinak ekarri dituzte.

Egiturazko zergatiak
Ezbehar kopuruaren zergatiak egiturazkoak dira eta prekarietateak ezbehar kopuruari eragiten dio; datuok, beraz, politika batzuen eta eredu baten porrota baieztatzen digute ere. Honela, Gasteiz eta Iruñeko gobernuek eta gaizki deituriko elkarrizketa sozialaren partaideek ez dute interes handirik adierazten euskal langileriaren segurtasuna eta osasuna hobetu daitezen.

Borondate politiko eza
Borondate politiko argi eza hori aurrekontuetan ere ikus daiteke, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuaren eta Osalanen aurrekontuetan. Hauen zenbatekoa, azken urte hauetan, urtero, gutxi gorabehera, %8 murriztu dute. Ondorioz, hauen egiteko gaitasuna ia-ia testimoniala da.

Ederki dakigu nortzuk diren egoera honen errudunak eta arduradunak, patronala alegia. Hauek lan baldintzak kaskartu nahi dituzte, erritmo handiak ezartzen dituzte, osasunaren eta langileriaren bizitzaren gainetik beren onura ekonomikoa lehenesten dute. Patronalak abiatu duen bidai makabro honen bidaide administrazio publiko gor, itsu eta mutuak ditugu; hauek burua lur azpian gordetzera mugatzen dira, errealitatea ikustera ukatuz eta istripu bakoitzaren atzean dagoena ahaztuz.

Patronalaren zeregina betetzen duten administrazio publiko horiek errezeta neoliberal ber-berak erabiltzen dituzte. Aipatu errezetok osasun galerak ekartzen dizkiote langileriari. Horren adibide, Aldundia jabe den mendietan egin diren zuhaitz-mozketetan, Pirineoko Autobidean, Metro Bilbaon, EUSKOTRENen edota AHTko obretan gertatu istripuak ditugu (azken horretan, 2008. urteaz geroztik, 8 lagun hil dira).

Egoera ekonomikoa
Egungo egoera ekonomikoa aintzakotzat hartu behar da ere aurrerantzean. Esan genuen egoerak zuzenean eragingo ziola langileriaren osasun galerari; horren adierazgarri, istripu ez-traumatikoak areagotu izana dugu. Eta bestelako osasun-galerak ere bai (suizidioak, osasun-mentaleko modulutara biltzea handitu izana, psikofarmakoak hartzeko agindua, etab).

Krisialdi ekonomikoaren beste ondorioetako bat, enpresetan jasan ohi diren presio eta beldurren eraginez (iraizpen edo kaleratzeak merkatzen dituzten erreformak, adibidez), jendeak ez dezakeela behar duen ezgai-agiria hartu. Horren ondorioz istripu arinak eta larriak urritzen dira, baina, bajarik gabeko istripu-kopuruak bereari eusten dio, hots, %0,6an urritzen da.

Presioak, kontrolak, beldurra = “presentismoa”
Honen harira, kontuan hartu behar da, gaur egun, ezintasun iragankorrean egon daitekeen ia edozein langile iruzurgilea izatearen susmopean dagoela eta hortaz, hainbat esparruetatik (Osasunaren zerbitzu publikoa, mutualitateak eta INSS bera) egiten dituzten kontrolen bidez murrizten ari direla bajak irauten duen aldia, gizarte segurantzaren kutxa bakarraren kontuak koadra daitezen, lan egitera bidaltzen ari direlako lanerako egoera egokian ez dauden langileak. “Presentismoa” izeneko gertaera jazotzen ari da. Egoerak okerrera egin dezake hurrengo hilabetetan, ate joka dauden erreformekin, eta zehaztearren, etorkizuneko Mutualitateen Legearekin, non ahalmen gehiagoz hornituko dituzte, langileen eskubideen kaltean.

Prebentzio eza merkeagoa ateratzen zaie
Dirudienez, lan-istripua jasatea ohikotzat hartzen omen da, lan egiteari lotzen zaio, 6 minuturo istripuren bat gertatzen delako eta 14 minuturo, egun bat baino gehiago irauten duen baja gertatzen delako. Hala ere, ez da prebentziorik egiten, ez zaie errotik heltzen benetako arrazoiei. Langileen istripuak eta gaixotasunak doan edo oso merke ateratzen zaizkio patronalari. Lanorduetan bigarren mailako gai bihurtzen gara langileok. Duela 17 urte Laneko Arriskuen Prebentzioko Legea indarrean sartu zenetik, Hego Euskal Herrian, guztira, 1857 istripu hilgarri suertatu dira Hego Euskal Herrian (kontuan hartu barik, gaixotasun profesionalak -amiantoak eragindakoak, adibidez- edo beste minbizi motak) eta hauetako bakar batengatik ez da inongo enpresaririk kartzelara joan, bakar bat ere ez. Nolatan ez da erantzukizun penalik izan, neurririk ez zegoelako, 1857 kasu hauetako bakar batean ere? Erantzuna erraza da; lan istripuren bat jasatea zerbait arruntatzat hartzen delako, eta honi gehitzen badiogu, enpresari ia-ia ez diola ondoriorik ekartzen, ba ez da prebentziorik egiten.

ONDORIOAK
1. Lan istripuak eta gaur egun langileriak jasan ohi ditugun gainontzeko osasun galerak saihetsi daitezke eta sahietsi behar dira. Lan istripuak eta osasunaren gainontzeko galerak lanean ematen den behin-behinekotasun handiaren eta lanpostuan arriskuen ebaluazioa ez egitearen ondorio dira. Benetako gogoa balitz, istripu oro, guztiak alegia, saihets liteke, baina ez da gogorik eta urteak joan, urteak etorri, Euskal Herrian milaka langile hitzen dira lan-istripuetan.

2. Gobernuak eta patronalak bat datoz nahi duten lan harremanen ereduan. Prekarietatea, kontratazioak legezko iruzurrean egitea eta azpikontratazioa kontrolik gabe egitea ontzat ematen dira. Ez dago inolako asmo politikorik segurtasunaren eta osasunaren kalitatea ontzeko.

Ezbeharren egiturazko zioen aurkako borrokak eskatzen du patronalaren interesen aurkako neurriak hartzea, hala ere, administrazioak (Laneko Ikuskatzailetza, Osalan, INSPL), teorikoki, gure eskubideen bermatzailea izanik, uko egiten dio bere zeregina betetzeari eta bat etortzen da patronalarekin eta honen tesi ideologikoekin.

3. Prekarietateari, behin-behinekotasunari, azpikontratazioari… aurre egiten ez bazaie, lan istripuak, gaixotasun profesionalak eta osasunari egin gainerako kalteak ez dira benetan eta zuzenean murriztuko.

4. Lan osasunaren gaian benetako politikarik ez izatea propagandaz eta edukirik gabeko kanpainez estaltzen dute.

5. Orain arte Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren hautua “gizarte eztabaidaren” mahaia lehenestea izan da. Iritzi berekoak dira aipatu hitzartze mahaia osatzen duten partaide guztiak. Honek berekin dakar Osalanaren eta INSPLaren edukiak etengabe hustutzen ari direla.

6. LABek eskatzen du lanarekin zerikusia duten segurtasun eta osasun politika publikoak erabat alda daitezela. Prekarietatea deuseztatzeko eta enplegu duina eta kalitatekoa sustatzeko borondate politikorik ez dagoen bitartean, geure planteamenduei eutsiko diegu.

Egiturazko zioen aurka (prekarietatea, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa, enpresen prebentzio gabezia, etab) borrokatzen ez den bitartean, ez dira benetan eta zuzenean murriztuko lan istripuak, laneko gaixotasunak eta langileriaren osasunari egin galerak.

Horretxegatik sustatu nahi du LAB sindikatuak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, eredua aldatuz. Ekonomia eredua aldatze horretan, osasuna ez daiteke irizpide ekonomikoen menpe egon; berezkoa, publikoa, kalitatekoa, unibertsala eta parte-hartzailea den osasun eta prebentzio sistema behar dugu. Horixe dugu bidea.

 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.