2026-03-21
HomeEkintza SindikalaEnplegua mantendu eta egonkortasunaren alde mobilizatzera deitzen ditugu sektore publikoko langileak

Enplegua mantendu eta egonkortasunaren alde mobilizatzera deitzen ditugu sektore publikoko langileak

2021. urtea oso garrantzitsua izango da EAEko administrazioetan urte luzez lanean egon diren behin-behineko langileentzat. Inork ez du zalantzan jartzen euskal administrazioetan behin-behinekotasunaren erabilera iruzurtia izan dela, Europako sententziek argi utzi zuten bezala, abusuzkoa hain zuzen. Espainiar estatuan dagoen legediak ez du inolaz ere euskal administrazioetan daukagun egoera jasangaitz hau konpontzeko balio; agintarien utzikeria baimentzen du, sektore publikoa ahuldu eta pribatizatzeko erraztasunak emanez. 

LAB sindikatuak argi esan du salbuespen egoera batean gaudela eta salbuespeneko neurriak martxan jarri behar direla egoera ez egonkorrean dauden milaka langile horien eskubideak errespetatzeko: urteak deialdirik egin gabe, behin-behinekotasun tasa onartezinak, eremu adinduak eta feminizatuak, deialdiak gaindituta ere lanpostuak kolokan… Gure ustez, enplegu kontsolidazio prozesuak abiatzea da soluziorik eraginkorrena eta horretarako euskal Lege propioak onartzea eskatu dugu, bai Eusko Jaurlaritzaren aurrean zein Eusko Legebiltzarrean ere. Madrilen egon daitezkeen aldaketa legalak Euskal Herrian egoera baldintzatu dezakeela jakin badakigu, baina argi daukagu zein den gure etorkizuna baldintzatuko duen joko zelaia. 

Joko zelai hori ez dago epaitegietan. Gure irakurketaren arabera, abusuzko kontratazioaren ondorioz langileak automatikoki finko bihurtzea indarrean dauden arauen aurka doa. Gaur egun dauzkagun legeen arabera deialdi publikoak zuzenean egiteak milaka langile kaleratzea suposatu dezake, kalte ordainik gabe gainera. Guk hau ez dugu nahi, urteetan zerbitzu publikoak aurrera ateratzen egon diren langileei egonkortasun eskubidea aitortu behar zaiela pentsatzen dugu. Salbuespeneko neurriak behar ditugu, baina ezin gara Madrilen Espainiako Gobernua eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuak zer negoziatzen duten zain gelditu. Joko zelaia Madrilen dagoenik ere ez dugu uste, beraz. 

Egonkortasuna eremuz eremu borrokatu beharko dugula argi daukagu. Estatuko legedian egiten ari diren planteamenduak erabat ez nahikoak izaten ari dira euskal administrazioetan daukagun egoera konpontzeko. Gure helburua iruzurrean egon diren langile guztien egonkortasun eskubidea bermatzea izango da. Madriletik hori horrela izango ez dela sumatzen dugu, eremuz eremu borrokatzeko prestatuko behar gara beraz. 

Joko zelaia beraz euskal agintariak interpelatu eta eremuz eremuko borroka sindikalean dagoela uste dugu. Horretarako baditugu proposamenak, bai enplegu kontsolidazio marko propio bat garatzeko zein egonkortasun eskubidea benetan gauzatu dadin, eremuz eremu, administrazioz administrazio, negoziazio kolektiboaren bidez landu beharreko proposamenak ere. Beti aldarrikatu duguna argiago utzi du pandemiak ere: lanpostu publiko horiek guztiak eta askoz gehiago behar dira Euskal Herrian. 

Bitarteko langileen lanpostuen defentsarako borroka sindikala indartzea ezinbestean ikusten dugu, greba eta mobilizazio dinamikak martxan jarri enplegua mantentzeko proposamen argi eta zehatzak oinarri. Konponbidea euskal administrazioetan dago, eta borroka hori egin nahi duen edonork LAB izango du bidelagun. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...