2026-04-29
HomeEkintza SindikalaEnplegu Publikoaren Legean PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu...

Enplegu Publikoaren Legean PSE-EEren eta beste eragile euskarafoboen presio kanpaina gainditzera deitu dute LABek, ELAk eta Steilasek

Alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide euskarafoboak presio antolatua eragiten ari dira administrazioen euskalduntzea ekiditeko; kriminalizazio eta presioen aurrean eragile eta norbanako euskaltzaleak maiatzaren 9an mobilizatzera deitu dute sindikatuek.

Azken hilabeteetan eragile eta sindikatu euskaltzaleen aurkako kanpaina egiten ari dira PSE-EE eta beste eragile euskarafobo batzuk. Eragile hauek iraganeko posizioetan atzera egin dute: uko egin diote administrazioetan eta gizartean hizkuntza eskubideak progresiboki parekatzeari eta euskara gaztelaniaren menpeko hizkuntza gisa betikotu nahi dute.

Orain 40 urte, PSE-EE eta beste eragileak ados zeuden gizartearen euskalduntze progresiboa eman beharrarekin, baina orain, hori gauzatzeko neurriak adosterakoan, beto eskubidea ezartzen dute. Hala egin zuten Hezkuntza Legean euskalduntzea oztopatzen dute A eta B ereduak inposatu zituztenean, eta hala ari dira orain, administrazioetan euskararen eta gaztelaniaren exijentzia progresiboki parekatzea eskatzean. Eragile hauek guztiak euskararen alde azaltzen dira, betiere, gaztelaniaren menpekoa den bitartean.

Kriminalizazio kanpaina horretan kokatu behar dira, besteak beste: administrazioetan hizkuntz eskakizunak kentzeko kanpaina antolatua, epaileen doktrina aldaketa atzerakoiak, Korrikaren aurkako komunikazio kanpaina, LAB eta ELA eremu sozioekonomikoko eztabaida batzordetik kanporatu izana edo, atzo gertatu bezala, PSE-EEk bultzatutako manipulazio kanpaina, EH Bildurekin akordioak egin ez daitezen.

LABen, ELAren eta Steilasen iritziz, kanpaina honek sakoneko eztabaidatik aldentzea dakar, eta, edukiei buruzko eztabaida egin beharrean, eragile euskaltzaleak ustez muturreko posiziotan daudela aditzera ematea, ondoren PSE-EEk eta gutxiengo sindikalak beto eskubidea izan dezaten. PSE-EEk beto eskubide hori gauzatu nahi du gaztelaniaren nagusitasuna betikotzeko.

LABen, ELAren eta Steilasen iritziz Enplegu Publikoaren Legearen baitan hiru printzipio bete behar dira:

• Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea.
• Parekatze horretarako epemuga eta helburuak zehaztea.
• Zehaztutako epemuga horretan euskararik ez dakiten herri-langile guztiei euskalduntzeko aukera, denbora eta baliabideak eskaintzea.

Proposamen honek hizkuntza eskubideen parekatze progresiboa posible egiten du, euskararik ez dakiten langile guztiei euskalduntzeko aukerak emanez. Soilik horrelako proposamen batek egiten du posible lan eskubide guztiak errespetatzea; hau da, inoren lana arriskuan ez jartzea euskalduntzeko aukera errealak eskainiz eta langileek euskaraz ere lan egiteko eskubidea izatea.

Pasa den asteko Eneko Anduezaren eta asteburuko Mikel Torresen eta PSE-EEren adierazpen guztiek argi uzten dute euskaltzaleen posizio politikoak manipulatzen ari direla. LABek, ELAk eta Steilasek alderdi politikoak deitzen dituzte, eta bereziki EAJ, PSE-EErekiko harremanak hizkuntz eskubideen zapalkuntzan ez oinarritzera.

Azkenik, kriminalizazio eta manipulazio kanpaina honen aurrean euskaltzaletasuna antolatzera deitzen dute LABek, ELAk eta Steilasek, lehenbizi, maiatzaren 9an Bilboko kaleetan eta, ondoren, ekainaren 13an Iruñean.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek 1.500 euroko soldata bermatuko duen Nafarroako Kirol kudeaketako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu du

Negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuek (LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk) aurreakordioa sinatu dute apirilaren 21ean, besteak beste, 1.500 euroko sektoreko gutxieneko soldata ezartzen duena. Negoziazioak...

Ezkaba mobilizatu da 190 etxebizitza babestuen deskalifikazioaren aurka

Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunek, LABek lagunduta, salatu dute 2027. urtean Babes Ofizialeko 190 etxebizitza deskalifikatuko dituztela. Honek, adierazi dute, merkatu pribatuan sartzea ekarriko du,...

Ibernovako langileek greba deitu dute apirilaren 29rako, erosteko ahalmenaren galera eta soldaten akordiorik eza direla eta

Ibernova 2023an sortu zen, Erresuma Batuko GTO inbertsio-funtsak Ayesako Smart Factory unitatea erosi ondoren — KARTESIA inbertsio-partzuergoarekin batera —, eta bere lehen lan-gatazkari aurre...