PSOEk, Sumarrek, Podemosek, Junts per Catalunyak, ERCk, EAJk, EH-Bilduk, Compromísek eta BNGk sindikatuei harrera egingo diete otsailaren 12an Madrilen; aitzitik, Lan ministroak agenda arazoen aitzakia jarri eta ez du ordezko hitzordurik eman. Yolanda Diazek muzin egiten dio CCOO eta UGTz gainerako sindikalismo alternatiboari, ez du onartzen Estatuko plurinazionalitate sindikala eta indarrean eusten die lan prekarioa hedatzen duten arauei, oraingoan lanaldi partzialaren eta aldizkako finkoen bidez
ELA, CIG, LAB, Intersindical Valenciana, Intersindical Catalana, IAC eta STEI sindikatuek urtarrilaren 27an iragarri zuten batera joango zirela Madrilera Diputatuen Kongresuko alderdi politiko guztiekin -PP eta Voxekin izan ezik- bilerak egiteko; asmoa zen Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroarekin biltzea, Langileen Estatutuan nazio bakoitzean Espainiako LGS hobetzeko aldaketa egite aldera. Alderdi politikoek egindako eskariari erantzun oso ona eman diote. Haatik, Lan Ministerioak ez du bilera egiteko aukerarik eman.
Yolanda Diazen ardurapean dagoen Lan Ministerioak agindu zuen 2012ko lan-erreforma indargabetuko zuela. Alabaina, bere hitza jan du, eta gainera prekaritatea areagotu du, batik bat lanaldi partzialeko kontratuak eta aldizkako finkoak hedatuta. CCOOk eta UGTk prozesu honi babesa eman diote, eta horregatik Gobernuak ordezkaritza sindikalaren monopolioa izateko aukera ematen die. Orain Diazek ukatu egiten digu Espainiako LGS hobetzeko interlokuzioa; bidea lurralde bakoitzean lanbide arteko gutxieneko soldatak finkatzea litzateke.
Ministroaren erabakia autoritarioa eta antidemokratikoa da; Estatuaren ikusmolde monolitiko eta zentralistaren isla da. Bilera eskatu duten sindikatuetako batzuk nagusi dira beren lurraldean; areago, batzuek ordezkaritza gehieneko izaera ere badute, eta horrek negoziatzeko zilegitasun indartua ematen die.
Zilegitasun horrek esan nahi du, adibidez, ministroak lege-aldaketak negoziatu beharko lituzkeela, esaterako LGSa finkatzeari buruz. Haatik, Lan Ministerioak nahiago du eskubide horiek urratu eta Askatasun Sindikaleko Lege Organikoaren kontra jokatzea LGS bakar eta zentralizatua inposatzeko, nahiz eta hori ez datorren bat Estatuko errealitate plurinazionalarekin.
Gogoratu beharra dago Sanchezen Gobernuak ez duela gehiengo parlamentariorik; beraz, sindikatuak jarduera parlamentarioan eragiten saiatuko dira Espainiako LGS hobetzeko aukera gauza dadin. ELAk, CIGek, LABek, Intersindical Valencianak, Intersindical Catalanak, IACek eta STEIk uste dute LGS propioen inguruko eskaria babestuz gero Langileen Estatutuko edozein aldaketa erraztuko litzatekeela eta arrazoi bat emango liekeela gobernu-koalizioaren parte ez diren alderdi politikoei aldaketa horiek sostengatzeko.

