2026-10-02
Home8. Biltzar NagusiaBiltzar NagusiaEkainaren 21 eta 22an LABek datorren urteetarako lan ildoak zehaztuko ditu Barañainen...

Ekainaren 21 eta 22an LABek datorren urteetarako lan ildoak zehaztuko ditu Barañainen ospatuko den VIII. Biltzar Nagusian

Ostegun eta ostiral honetan, ekainak 21 eta 22, LABek bere VIII. Biltzar Nagusia ospatuko du Barañainen, eta kongresuko astean sartu garelarik, Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Nafarroako bozemale Igor Arroyok sindikatuarentzat aparteko garrantzia duen hitzordu honen inguruko xehetasunak eman dituzte gaur Iruñean.

Arroyok azaldu duenez, VIII. Biltzar Nagusia Nafarroan egitea ez da kasualitatea, “erabaki konsziente eta politiko baizik, sindikatuarentzat garrantzia estrategikoa duena, euskal proiektu nazionalaren eraikuntzan.

NAZIOARTEKO KONFERENTZIA
«Erantzun sindikala mundu mailako krisi kapitalismoaren aurrean»
LABen VIII. Biltzar Nagusiaren testuinguruan, asteazkenean, ekainak 20,
NAZIOARTEKO KONFERENTZIA antolatu du sindikatuak Iruñean, UPNAko Erizaintza Eskolan goizeko 9:30etan. 


”Uneotan bi dira Nafarroa erdigune politikoan kokatzen duten arrazoiak, murrizketen ezarpena eta horien aurkako borroka batetik, eta Nafarroaren konkistaren 500. Urteurrenaren harira piztu den eztabaida politikoa, bestetik. Etxaidek eta Arroyok azpimarratu dute LABek Euskal Herri osorako estrategia nazionalaren baitan (Euskal Herri osoan zabalduta, izaera nazionala duen sindikatu bakarra da LAB), baduela “Nafarroarako ere alternatiba independentista bat”.

Biltzat Nagusiaren xehetasunetan sartuta, eztabaida prozesuan 2500 kidek baino gehiagok hartu dute parte, ekarpen ugari eginez: 230 emendakin egin dira guztira, 140 ponentzia politiko-sindikalari eta 90 antolakuntza ponentziari. Prozesu horretatik ateratako ondoriorik nabarmenenak bi dira: barne kohesio handia, eta ondorioz, egindako ekarpenak sindikatuaren lerroak indartzera bideratuak egon izana. Zuzenketa gehienak adostuak izan badira ere, Biltzar Nagusian eztabaida “bizia” emango dela aurreikusten du Etxaidek. Biltzarkideek, orotara 500 lagun inguru, zuzendaritza berria ere hautatu beharko dute.
Orain lau urte hartutako konpromisoari jarraipena emanez, “anbizio osoz eta bide berri bat egiteko prestutasunez”, idazkari nagusi karguari beste lau edo, hala erabakiko balitz, bost urtean eusteko prest da Etxaide, eta aldaketaren bat edo beste salbuetsita, berarekin sindikatua zuzendu duen lantaldea ere bai.
Erabaki berriak hartuz urrats berriak egiteko eztabaidan zentratuko da VIII. Biltzar Nagusia. Finkatu beharreko estrategia bi zutaberen gainean eraikitzea proposatzen da: konfrontazioaren beharra batetik, eta bestetik, Euskal Herrian akordioak eraiki beharra, aliantza berriei bide emanez.

Azken lau urteetan egindako lanari buruz galdetuta, urte “oso gogorrak” izan direla nabarmendu du Ainhoa Etxaidek: “Aurreko kongresuan esan genuen ematen ari zen guztia krisi gogor batean lehertuko zela, eta horrela izan da, baina inor gutxik aurreikusi zezakeen gertatu den guztia gertatuko zenik. LABeko ordezkarien esanetan, “testuinguru gogor honetan euskal langileriaren eskutik eman den erantzuna bikaina izan da, eta erantzun horrek egiten du posible gaur esan ahal izatea Euskal Herrian alternatiba eraikitzea posible dela”.

Bide horretan garatuko du LABek bere VIII. Biltzar Nagusia, ostegunean hasita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.